Arloak >

El proyecto 'pilotaz'

Bilaketa:

PILOTA EZ 22 TANTORA IRISTEA BAKARRIK...

 

 

GORETI ALDALUR

Deia. 2002 Abuztuaren 25, igandea

 

 

«Pilota ez da 22 tantora iristea bakarrik, herri honetako sustrai kultural bat da»

 

Bederatzi urte behar Izan ditu Anton Mendizabalek "Pilotaz" proiektua bere osotasunean erakutsi ahal izateko. Pilotaren inguruko hausnarketa bat da eskultoreak ikuslegoari agiten dion proposamena; izan ere, «ez da bakarrik 22 tantora iristea. Ez da futbola edo saskibaloia bezala, kirol huts bat. Herri honetako sustrai kultural bat da pilota eta horren inguruan gauza asko dago, arkitektura, mugimendua...».

Kutxa erakusketa aretoko (Boulevardean) hiru solairutan banatuta daude azken urte hauetan Mendizabalek gauzaturiko obrak. Pilotalekuak, pilotaria bera, eta erabiltzen diren tresna ezberdinakhartu ditu gaitzat, 40 bat lan bilduz.

 

* Zer du pilota munduak hainbeste erakartzen zaituena?

 

 Zaletasunagatik hautatu nuen gai hau. Umetan aitari laguntzen nion entrenamenduetan eta bukaeran pilotalekuan gelditzen nintzen. Ni ume koskorra nintzen eta argiak itzaltzen zirenean... gerora konturatu banaiz ere, espazio hark hunkitu egin ninduen. Gerora, sentipen horiek etorri zaizkit. Juan Ignazio Zulaikak berak ere esaten du jokoa hasi aurretik kantxara Joan eta hutsik sentitzea gustatzen zaiola, hango tentsioa, erlijiozkotasun hori. Pilotaren inguruan herri honek sentsibilitate ezberdinak garatu ditu.

 

* Eta artistek ere bai. Oteiza batek, esaterako.

 

 Horregatik. Ez dut batere lotsarik izan. Oteiza, bere estilizazioan azkenengo mailetara insten denean, Velazquezen omenaldia egiten duenean, "frontoi batera iritsi naiz" esaten du. Hiru planoko obra, gure herriaren azken muga, ia esaterako. Oteizak hori esan eta gero, ez du lotsarik ematen pilotarekin sartzeak.

 

* Bilduma honekin badago, hala ere, gune propio bat izango duenaren itxaropena, ezta?

 

 Proiektua bokazio didaktiko batekin sortu zen. Hasieratik, bilduma hau oraindik definitu gabe dagoen museo baten ardatz nagusi bezala planteatu genuen. Saiakera bat da. Eta eskulturez gain, etnografia pixkat ere sartu dugu.

 

* Hiru eremu nagusitan banatu dituzu lanak. Non dago zure ekarpenik handiena?

 

 Arkitektura bera, pilotariak eta tresnak hartu ditut. Nire aportaziorik handiena pilotalekuen eskulturetan dago. Errebote plazak 90 metro dauzka luzeran. Nola pasatzen duzu zuk hori objektu batera? Oso zaila da. Ia abstrakziora jo behar duzu. Nire aldetik esfortzu intelektual handia eskatzen du. Aldiz, besteak ez du arazorik. Pilotarien jarrerak ikusi besterik ez dago. Espazio berean zaude.

 

* Mugimendua nagusitzen da obretan.

 

Ikusmira bikoitza egiten dut: Estatikoa eta mugimenduzkoa.

 

* Nola  lortu  duzu espazioari, frontoiari,  mugimendua jartzea?

  

Bi pareta eta lur bat dira eta hor dinamikotasun batera iristea izan da lorpena. Ez paretak eta ez zolua ez dira neutroak. Jokaldiaren arabera, zati bat alferrik egoten da. Batzuetan hustu eta besteetan bete. Horrekin jokatuz, azterketa espazial batzuk egitera iritsi daiteke.

 

* Tailagile gisa hasi zinen. Zeharo minimalista bihurtu zara.

 

Bai, zizelkatzea justu kontrakoa da. Hornitzea, alegia, politagoa egiteko. Baina, mementu batean esaten diozu zeure buruari badela beste zerbait egiteko ordua. Alde horretatik, ondo etorri zitzaidan ornamentazioaren zentzurik ezaz ohartzeko. Mutur batetik bestera. Gustatzen zait ahalik eta gehiena esatea, ahalik eta bitartekorik gutxienekin. Zalantzaren aurrean, beti kendu egiten dut.

 

* Frontoi asko zapaldu behar izan al dituzu?

 

Bai. Ikusi, sentitu, barneratu eta pilotakada batzuk eman...

 

*Hogeita bost urtetan izan zinen irakasle. Zer eman dizu eskulturak,irakaskuntzak eman ez zizuna?

 

 Eskulturak askatasuna eman dit. Neure bizitza nik neuk kudeatzeko aukera. Beste antolakuntza baten menpe zaudenean, mugatua zaude. Hala ere, asko ikasi nuen orduan. Ez nuen alde egin ikasleez nazkatuta nengoelako.

 

* Honek ere diziplina eskatzen du.

 

Bai. Hala ere, nik mezenasgo bat bizi izan dut. Zorte izugarria izan da. Hasieratik Kutxarekin hitzarmen bat egin nuen eta berak erosten zizkidan lanak. Ez dut saltzeko borrokarik egin behar izan nahiz eta horrek bere arriskua izan. Hau da, salduta duzunez, edozer botatzekoarena. Eta uste dut aurre egin diodala horri.

 

* Zein pilotari hartu dituzu eredutzat?

 

Estetikari begira hartu ditut, eta ez famari begira. Niri interesatzen zitzaizkidan jarrerak hartu ditut. Kasu batzuetan oso garbi ikusten da, baina ez dio axolarik nortzuk diren.

 

* Beste proiektu bati ekitear zaude. Azalduko zeniguke zertan datzan?

 

Organo musikarekin hasiko naiz. Musika da nire iritziz gauzarik abstraktuena. Hor ez dago inongo babesik, beraz, ez dakit gai izango naizen, baina organo musika izugarri interesatzen zait, arkitektura batean sartuta dagoen musika baita. Arkitektura batentzako egina, elizarentzat. Espazioa zureganatu behar duzu.

 

 

 

Agentzia: prismacm