Categorías >

Exposición 'gure sustraietan' en Ordizia

Búsqueda:

KONTESTU HONETAN IKUSLEAK BERE PROZESU PROPIOA BIDERATZEN LAGUNTZEA DA NIRE LANA

 

 

LOREA AGIRRE

Egunkaria.Osteguna 1999-ko urriak 28

 

 

«Kontestu honetan ikusleak bere prozesu propioa bideratzen laguntzea da nire lana" 

 

Anton Mendizabalek 'Gure sustraietan...'erakusketa zabaldu du Ordizian

 

Gure sustraietan... izena jaso du Anton Mendizabalek Ordizian jarri duen erakusketak. Bertan, pilotaren inguruan aurrera daraman ikerkuntzako lanez gain, sormen prozesu berriagoetan txertatzen diren obrak ere jarri ditu ikusgai. Mendizabalen asmoa, hala ere, eskulturak erakustea baino gehiago, ikuslearengan sormen prozesuak bideratzen laguntzea da.

 

Alde batetik, pilota, pilotalekua eta pilotariaren inguruan abian duen ikerketa prozesuko eskulturak ekarri ditu Ordiziako Barrena kultur etxera Anton Mendizabalek, eta, erakusketa gunean bitan banatuta gero, horiek elkarrekin jarri ditu; Beste erdian, berriz, modu libreagoan egindako eskulturak paratu ditu. Haietako batzuk, hasi besterik egin ez duen bidé berri baten emaitzadira. Tartean dira Intxixu berri bat eta argizaiola oinarri duen Argenbor-baratz izeneko talde eskultoriko ezaguna. «Pilotaren inguruko eskulturen gunean dago nire lanik sistematizatuena, arrazionalizatuena; helburu oso konkretuekin garatzen joan naizena. Hotzagoa, nahibaduzu, zailagoa. Beste aldea, berriz, naturaren ingurukoa da; intuitiboagoa da, libreagoa, primitibismoa eta rustizismoa ageri dena, iradokorragoa», azaldu dio EGUNKARIARI Mendizabalek. Biak dira «terapia moduko zerbait» eskultorearentzat.

Anton Mendizabalen eskulturgintzaren ikuspegi zabala ematen du Ordiziako Barrena kultur etxeak.

Pilotaren inguruko ikerketa prozesuan, aipagarri da pilotariaren saila hasia duela eta horren emaitza erakusketaren sarreran bertan jarri duela: Pilotari estela, bi metro garaierako eskultura, haltz egurrezkoa. Aurten egina da, erakusketan dauden beste hainbat obra bezala.

 

Intxixu peruarrak

 

Esaterako, Intxinka izenez bataiatu duen eskultura bat. Horixe du zabaldu duen bide berriena, Joan den udan Perun barrena egindako bidaian oinarritua. Inka zibilizazioaren tenpluen hormatzarretan Mendizabalek ikusi intxixuak —euskal mitologiako izakiak— dira orain eskultura itxura hartu dutenak. «Beraz, inken zibilizazioa apenas interesatzen zaidan, baina hango tenpluek, hemengo kromletxek bezala, hiru osagarri dituzte: lurra, bertan uztartuak daudelako; zerua, gorabegira daudelako; eta ingurunea, beti paisaia irekietan kokatzen direlako. Hor egongo da lege unibertsalen bat, praktikotasunaren izenean osatua, agian, baina tenplu horiei ukitu magikoa ematen diena». Arratsaldeko azken argiarekin begiratzen zien, eta begiratze hartatik sortu irudi antropomorfikoak dira orain eskultura bilakatu eta inka ukituko intxixu bihurtu direnak. Hortik datorkie izena: intxinka.

Bide berri horretatik «hizkuntza polit bat sor litekeela» uste du. Izan ere, Oiartzungo San Esteban elizako sagrarioa eta aldarea berritzeko egitasmoa osatzen ari da orain. «Nik nire estetika sartu nahi dut hor, zentzurik ez duelako aurretik egindako gauza bera egiteak, eta beharbada bide berri honetan abiatuko naiz».

Ikerketa Ierro horretan eginak ditu 60 bat eskultura txiki. Izan ere, lehen-lehenik neurri txikian egiten ditu eta gero handik gutxi batzuk dute giza neurriko eskultura bihurtzeko zortea. «Txikiak direnean planoak bezala dira. Neurri erreala hartzen dutenean, familiako bihurtzen dira», dio.

 

Hormak ikusleen lanekin betetzeko prest

 

 «Kuturetxe batean erakusketa bat egitea ez da galeria batean egitea bezala. Galeriak badu publiko aditu bat, badu saltzeko helburua... Nik ezin dut nire obra ekarri eta kito». Anton Mendizabalek, ohi duen legez, beste zerbait bilatu nahi du, eta bide batez jarrera koherentzia praktikan jarri ere bai, «Kontestu honetan, nire lana gai batzuk proposatu eta ikusleak bere prozesu propioa bideratzen laguntzea da". Horretarako, taldekako bisita gidatuak antolatuko ditu. Mendizabalek berea azalduko du, gero jendeak ikusten duen horren gainean bere sortze prozesu propioa abian jar dezan. Idatzi, marraztu, gogoeta egin... hori guztia jasotzeko txokoak prest ditu erakusketak. «Ni prest nago erakusketa guneko horma guztiak jendearen prozesu eta ideiekin betetzeko. Uste dut, gainera, ona litzatekeela ni bigarren maila batean geratzea eta ikusleek hartzea protagonismoa».

Horrelako ekimen bat abian jartzea ezinbesteko ikusten du, eta eskergarri zaio oso Barrena kultur etxeko arduradunek horretarako eman dioten laguntza.

«Pentsaraztea da, azken finean, artistaren lanetako bat», dio Mendizabalek. Parte-hartzea eta sormena bultzatu nahi duen ideia hori bera erakusketarako prestatu duen katalogoan ere agertzen da, hamalau lagunek Mendizabalen eskulturgintza oinarri hartuta idatziriko testu banarekin biribildu baita.

 

 

 

Agencia: prismacm