1945an jaioa, Donostian.
Bizilekua eta lantokia Oiartzunen ditu.
Filosofia eta Letretan lizenziaduna, Pedagogia arloan.
Isidro Ansorenakin txistu karrera amaitu ondoren, 25 urtean, arte-historia,musika-kultura eta plastika irakaslea izandakoa da Orereta Ikastolako batxillergoan. Euskal-tailagintzako irakaslea, Gipuzkoako eta Bizkaiako Diputazioetan, bai eta “Catalina de Erauso” klubean ere. Pedagogia Orokorreko irakaslea ere izan da Euskal Herriko Unibertsitatean.
Urteak aurrera egin duten heinean, irakasle dedikazioa murriztu, eta artisautzari eta eskulturari geroz eta denbora gehiago eskainiko dio. Azkenean, irakaskuntza erabat alboratu eta azken hamar urteetan eskulturan murgildurik aurkitzen da bete- betean .
Artisau bideari ekiten dio, bere osaba Alejandro Amenabarrekin egurrezko euskal-tailagintzaren ofizioa ikasiaz.
Euskal altzarietan eta Euskal Herrian hain bereziak diren pieza etnografikoetan gauzatzen ditu bereziki bere artisau lanak; “kutxak”, “argizaiolak”,”atabakak”…
Artisautzari “profesionalki” helduko dio eta Euskal Herriko artisau-feria garrantzitsuenetan hartuko du parte.
Gipuzkoako tradiziozko artisau saria eta zenbait diseinu-sari ere jasoak ditu garai honetan
Tailagintzatik eskulturgintzara iragaite aldia ere izango da hau. (Hemeroteka.)
On Manuel Lekuonarekin izandako harreman estuaren ondorioz, mezu sakon eta transzendentea duen argizaiolatik abiatu eta bere konzeptuzko interpretazio sintetikoa egiten saiatzen da, sorkuntzan bete-betean murgilduz. Saiakera honen adibide den ARGELA. “Haruntz” lana (1984) On Manueli eskeiniko dio eta “Kutxa”ren bildumara igaroko da.
Euskal historiaurre eta mitologiazko beste gai batzu jorratzen ditu aldi berean; Intxixua, Kronletxa, Estela…
Bestelako gaiak ere aztertzen ditu, eskarien eta gogoaren araberan: “HARITZAZ”, “ITXASORANTZ”…
Madrilen, 1985an, “Fundación de Gremios”en egindako estatu mailako hilabeteko artisau- topaketa nagusian hartzen du parte Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean.
Madrilen, , “ARRANCADILLA: artesania artística, diseño e investigación” taldearen sortzailetariko bat izango da. Talde honekin, Murcian, Zaragozan, Donostian, Las Palmasen eta Frankfuthen eginak ditu erakusketak. (Hemeroteka.)
Tolarte izeneko lanleku eta erakuslekua zabaltzen du Oiartzungo Tolarieta auzoan,1989 an. (Hemeroteka.)
Oiartzungo Udalak eskaturik,1990an "Oiartzungo kronletx-ingurunearen aurreproposamena" prestatuko du, bai horretarako eginiko "KRONTELA" eskultura-multzoa ere. Eskultura-multzo hau gerora Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumara igaroko da.
Gai nagusitzat, pilota hartuko du, hamarkada honetan, Antonek.
1992ean, "Hamabi Urte" erakusketa antologikoa aurkezten du Oiartzunen eta Kutxaren Garibaiko aretoetan. (Hemeroteka)
Oiartzungo Udala, 1992an "INTXIXUBARATZ" horma-eskulturaz jabetuko da eta Pleno Aretoan ipiniko du.
Kutxa eta egilearen arteko akordioa dela medio, Anton Mendizabal "Pilotaz" egitasmoaren sorkuntzan eta errealizazioan murgilduta arkitzen da nagusiki aldi honetan. "Euskal-Pilota jokoaren inguruan eginiko eskultura-saiakera estatiko-dinamikoa" izenburutzat duen eskultura sorta hau, etorkizunean osa daitekeen pilota-museoari begira eginiko bilduma izango da.
Euskal herrian zehar zenbait erakusketa zabaletan, "Pilotaz" egitasmoaren prozesoa azaltzen du, besteak beste; Hazparnen, Arriben ("Pilotalekuaren espazioaz"), Beran, Lasarte-Orian, Maulen ("Gipuzkoatik Zuberoala")…
ARGELA lanarekin, "Manuel Lekuona eskultur-saria" irabaziko du, 1995an, eta Lasarte-Oriako Kulturetxean ezarria izango da.
Euskal kulturako zenbait talde eta ekitaldietarako, hitzartutako eskulturak osatuko ditu; Argia sariak, Bertsolari Elkartea, Egunkaria, Oiartzungo Udala, Ikastolen Elkartea, Lasarte-Oriako Udala, Gipuzkoar Aurresku txapelketa, Gipuzkoako Dantza txapelketa, Euskal Selekzioa…
Hamarkada honetan harreman sakona eta oparoa du Jorge Oteizarekin, eta berari eskeintzen dio "SUTAR" lana.
1997an, arlo ezberdineko zenbait artistekin batera PAGOARTE Kultur Elkartea sortuko du Oiartzunen, eta bertan kokatzen du bere lantoki eta erakusleku berria.
1999an Ordizian "Gure Sustraietan" erakusketaren harira, haurrekin esperientzia zabal bat burutzen du.
"Pilotaz" egitasmoa burutu ondoren, Kutxa bilduma osoaren jabe egiten da eta 2002ko abuztua eta iraila bitarte bere udako erakusketa nagusian gai bakartzat hartuko du Donostiako Boulevard erakustokietan. Ondoren, Kutxak "Pilotaz" bilduma ezagutarazteko dituen asmoei jarraituz, Baionan, Izuran, eta Valladoliden egiten dituzte erakusketak. Azken bi hauetan lanen aukeraketaz, irizpide estetikoez eta dinamizazio diaktikoez arduratuko da Anton.
Bartzelonako Villafrancan "I Simpòsium d´escultura de l´Alt Penedès"en hartzen du parte 2003an. Bertan BERRIA egunkariari eskeintzen dio eskultura eta Subiratseko Pleno Aretoan ipiniko dute espresio askatasunaren sinbolo gisan.
Haurrekin lan artistikoa jorratzen duen IKERTZE & LAGUNAK taldearekin lan egiten du "Anton Mendizabal haur artean" egitasmoan, "Pilotaz" bildumaren inguruan.
Carlos Lopez de Ceballos arkitektoarekin batera, Oiartzungo "Beheko Plaza"ren ideia- lehiaketan hartuko du parte eta bertan ezarriko dute bere "ERREBOTALARI" eskultura. Era berean elkarlanean aurkituko ditugu Azkoitiako "Euskal Herriko Pilota Zentroan". Egitasmo honetan, Oteizaren omenezko "OTEIZA PILOTAGUNEAK" multzo eskultoriko-arkitektonikoaren sortzailea da Anton. Eskultura erraldoi hau, 2006ko Azaroan inauguratzen da.
Argentinako Rosario de Santa Fen, "Circulo de escultores rosarinos" taldearekin "Pilotaz"bildumaren inguruko topaketa izana du, 2006 Ekainean.
Sorkuntza mailan ordea, aldi honetako gai nagusitzat hartua du Anton Mendizabalek, musika lanen interpretazio eskultorikoa. Olivier Messiaen konpositore frantziarraren "Apparition de l´église éternelle" musika lanean oinarrituriko "PILDAIN ESTELA" jarria dute Donostiako San Bizente elizako koroan 2000 urtean (Hemeroteka). Eskultura honekin ematen dio hasera konpositore honen obren inguruko "SOINUAK SOIN" eskultura sortari. 2006 abuztuan eta Donostiako Musika Hamabostaldian, "ILUNKOR" lana aurkezten du R. Lazkanoren izen bereko obraren inguruan.
2008ko maiatzean "SOINUAK SOIN" erakusketaren laburpen bat aurkezten du "Messiaen Festibalean" Parisko La Trinité elizan. Erakusketa osoa Kutxako Boulevard aretoetan,udako erakusketa berezi bezala erakusten da, Musika Hamabostaldiak konposatzaile frantzesari jaiotzaren 100 urteurrenean eskaintzen diona. "Soinuak Soin" erakusketa, Kutxaren antolaketa ibiltariaren ondorioz, Baionako "Bonnat Museoan" eta Valladolideko "Montes Fundazioan" 2009an erakusten da.
Garai hontan beste eskultura publikoak egiten ditu; "LAU HAIZETARA" Altzako Plazan (Donostia) 2006an (Hemeroteka), "PILOTAKADA" 2008an Urepeleko Plazan, "OROIMENAREN BASOA" 2008an Oiartzungo Iragorri hilerrian, eta "SUTAR" Oiartzungo kronletx ondarearen ikurra eta Jorge Oteizaren omenaldia dena, Oiartzungo kanposantu gainean ipinia 2008ko abenduan.
Beste lan batzuk hauek izango dira: "SAGARDOZALE" (2006) eta "KRONTELATALDE" (2006), eskultura hitzartuak ( Berria, Bertsozale Elkartea, Lazkao-txiki bertso-paper lehiaketa, Sagardozale, Argia Sariak…), maketa serieak eta paperazpiko lanak.
2012 ko Apirilean Olivier Messiaenen heriotzaren XX.en urteurrena dela eta Toshiko Nashimoto margolariarekin batera, "Messiaen et l´éternité" ekintzetako erakusketan parte hartzen du eta "IN MEMORIAM" eskultura, La Triniteko koroan ezarriko dute behin betirako.
Oiartzungo Ergoien auzoan dagoen Pagoaldea industrialdean (33-34) eta PAGOARTE bilgunean dago bere lantokia eta erakuslekua. Aurretik telefonoz deitzea gomendatzen da: 657794595.
EXPOSIZIOAK
Vitoria-Gasteiz (EH). Arte Ederretako Museoa, 1982. Casa del cordón, 1986
Donostia-San Sebastián (EH). San Telmo museoa: 1983, 1984, 1989, 1994, 1998 (*). EHU-UPV: Zorroaga, 1984 (*). Loiolako kulturetxea, 1991 (*). Kutxa: Garibay aretoak, 1993 (*), 1994, 1997, 1999, Boulevard aretoak: 2000, 2001, 2002 (*), 2003, 2008 (*), Kubo: 2006, 2010, 2011, Elizbarrutiko museoa, 1998. Laura Esteve Galería, 1998. Ikertze: 2003 (*), 2004 (*). Obra publikoa: “LAU HAIZETARA”, Alza.2006.
MAULE. (EH). "Salon de l´Aquitaine´", 1983-84. Maison du patrimoine/, Gaineko gela, 1995(*).
BOUCOU. (France). "Selarua". 1983.
BORDEAUX. (France)."Selarua". 1984.
ORERETA-ERRENTERIA. (EH).Gaspar Galeria, 1985(*). Niessen, 1998, Xenpelar, 1999.
MADRID. (España). Fundacion de gremios. 1985.
MURCIA. (España). Palacio de San Esteban, 1986.
ZARAGOZA. (España). Caja Rural del Jalon. 1987.
PARIS. (France). Galeria d´Örsay. 1988(*). La Trinité. 2008 (*), 2012 (*), Espace de Nesle (2010)
OIARTZUN. (EH). Tolarte, 1989(*). Udal aretoa, 1992-93(*). Pagoarte, 1997(*) (erakusketa iraunkorra). Eskultura publikoa : “INTXIXU”, 1993, “INTXIXUBARATZ”, 1993, "ERREBOTALARI", 2005, “OROIMENAREN BASOA”, 2008, “SUTAR”, 2008.
ASTIGARRAGA. (EH). Kulturetxea, 1991(*). Sagardoetxea, 2011.
ORDIZIA. (EH). Kulturetxea. Barrena jauregia. 1992(*), 1999(*).
BILBO. (EH). BBK. Europistas, 1992. Basandere galeria, 1998-99(*).
LAS PALMAS DE GRAN CANARIA. (España). Centro Insular de Cultura, 1992.
URRUÑA. (EH). Udaberria saloia, 1994 - 95.
HAZPARNE. (EH). Eihartzea kulturetxea/Arcades. 1994(*).
DONIBANE-LOHITZUN.(EH). Ducontenia, 1994.
BERA. (EH). Kulturetxea, 1994(*), 2006.
ARRIBE-ATALLU. (EH). "Mailope" galeria, 1995(*).
LASARTE-ORIA. (EH). "M. Lekuona" kulturetxea, 1995(*).
ZARAUTZ. (EH). Sanzenea, 1995. Euskadiko Kutxa, 2004.
FRANKFURTH. (Deuchland). Messe, 1997.
TOLOSA. (EH). Beotibar frontoia, 2000(*).
USURBIL. (EH). "pilota astea", 2001(*).
BAIONA. (EH). Euskal Museoa. 2003(*), Musée Bonnat 2008 (*).
VILLAFRANCA DEL PENEDES. (PC). I. Simposium d´escultura. Museu de Villafranca. 2003.
ARTOZKI. (EH). Artezki. 2003.
MIARRITZE. (EH). Salles des vents. 2004.
AZKOITIA. (EH). Etxe Beltza. 2005. Obra publikoa: “OTEIZA FRONTOIAK”, 2005.
IZURA. OSTABAT. (EH). Haize Berri. 2005(*).
VALLADOLID. (España). Fundación Segundo y Santiago Montes. 2005(*), 1999(*).
IRUÑEA. (EH). Ziudadelako Arma Aretoa. 2006.
ELIZONDO. (EH). Arizkunenea. 2006.
ZIZURKIL. (EH). Atxulondoko Kultur Etxea. 2006.
ROSARIO DE SANTA FE. (Argentina). Museo Estevez. 2006(*).
LIZARRA. ESTELLA. (EH). Fray Diego Kultur Etxea. 2006.
HONDARRIBI. (EH). Zuloaga Etxea. 2006.
HUARTE. (EH). Buldain Fundazioa 2007 (*).
UREPELE. (EH). Eskultura publikoa: “PILOTAKADA”, 2008
(*) Bakarkako erakusketak