Categorías >

El proyecto 'pilotaz'

Búsqueda:

ANTON MENDIZABAL ESKULTOREA

 

 

JUAN LUIS ZABALA

Egunkaria. Osteguna. 2002ko abuztuaren 8a

 

 

 

ANTON MENDIZABAL ESKULTOREA

 

«Lehen herriaren ondarearen artisautza egiten nuen, orain neure obrarena»

 

Ez da Anton Mendizabal bere lanari buruzko definizio eta azalpenekin jendea zorabiatzen duten artista horietako bat. Baina, solasean hasita, arteari buruzko ideia interesgarriak ditu esateko.

 

Nola sortu zen Pilotaz egitasmoari ekiteko ideia?

 

 Kutxaren Garibai aretoan erakusketa bat egin nuen, 1993an. Bi gela oso ziren, pilotaren inguruko nire lenen ariketekin osatuak. Bide hartan sakon zitekeela pentsatu nuen eta Kutxako arduradunei ere interesatu zitzaien nire asmo hura. Eskabidea egin nuen eta Kutxak babesa eman zion egitasmoari.

 

• Aurkezpenean esan duznunez, askatasun osoa eman dizute lanerako.

 

 Bai, hala da, ez didate inolako mugarik edo eragozpenik jarri.

 

• Lanerako egoera egokia izan al da?

 

Ez da oso ohikoa, artearen munduan, egin beharreko lana aldez aurretik salduta duzula lan egin ahal izatea. Abantaila handiak ditu horrek, baina baita arriskuak ere, lasaitzeko edo aspertzeko arriskua, adibidez. Egitasmoaren alderdirik gogorrenari, zailenari, hasieran heldu nion, ideiarik sakonenak eta abstraktuenak indarrean neuzkanean, pentsatuz ondorengo faseak —tresnaren dinamika, pilotarien posturak eta abar— errazagoak izango zirela, gaiari berari jarraituz.

 

 • Artisautzatik datorren artista zarela diote. Nola bizi duzu zuk bereizkuntza hori?

 

Zaila da bereiztea noiz ari zaren artisau moduan eta noiz artista moduan. Argi dago, hala ere, nire hasiera, 7Oeko hamarkadako lanen aroa, artisautzaren bidetik egin nuela. Neure produkzio pertsonalago bati geroago ekin nion. Baina ez dut uste artisau izateari utzi diodanik. Lehen herriak utzitako ondarearen artisautza egiten nuen; orain neure obraren artisautza egiten dut

batzuetan. Neuk sortzen ditut orain ereduak. baina neuk sortutako eredu horietatik abiatuta egindako aldaerak artisautza dira azken batean. Esaterako, pilotarien posturetan oinarritutako burdinazko eskulturen kasuan, behin zer "ezaugarri izango dituzten erabakiz gero, behin eredua sortuz gero, hortik aurrerakoak aldaerak dira, eta nik, behintzat, artisautza gisa ikusten ditut horiek.

 

• Gerra ondorengo abangoardiak, minimalismoa eta kontzeptualismoa aipatu ditu.Edorta Kortadik zure lana definitu eta kokatzeko. Ados al zaude?

 

Nik neure lana egiten dut, horrelako definizio eta sailkapenetan pentsatu gabe. Ahal den gutxienarekin ahalik eta gehien esatea da nire helburuetako bat. Horri minimalismoa deitzen badiote, oso ongi, minimalismoa izango da. Ez nago definizio horien kontra baina ez zaizkit garrantzitsuak iruditzen. Egindakoak zer edo zertarako balio al du?

Zerbait esaten al dio herriari? Hori da kontua.

 

• Oso barrutik eta gertutik bizi duzun gaia da pilotarena.

 

Gaiak garrantzi handia du erakusketa honetan, eta garrantzizkoa da gu, euskaldun moduan, kontzientziatzea pilota zer den. Pilota ez da soilik 22 tantora iristea edo txapela janztea. Sentitzeko modubat edo bizitza ikusteko modu bat ere bada. Fenomeno kultural bat da, geurea, eta aldarrikatu beharrekoa. Aldarrikapen nazional bat.

 

• Musikaren inguruko egitasmo bat lantzen hasita omen zaude.

 

Gai bat hartu eta horren inguruan sakontzea gustatzen zait, nahiz eta horrek ez duen esan nahi besterik egiten ez dudanik. Orain musikari buruzko egitasmoa daukat buruan. Lehen lana Donostiako San Bizente elizako organistaren omenezko estela da. Musikak eta eskulturak, biek dute lotura estua espazioarekin, eta horren inguruan lan egiteko asmoa daukat. Hasteko, organoaren musikaz egingo dut lan, eta Olivier Messiaen-en inguruan bereziki. Eginak ditut zirriborro batzuk.

 

 

 

Agencia: prismacm