Categorías >

El proyecto 'pilotaz'

Búsqueda:

EZ DUT AMETSIK OLINPO BATEAN SARTZEKO

 

GOIATZ LABANDIBAR

Oarsoaldeko HITZA. Igandea, 2005eko urriaren 2a.

 

 

"EZ DUT AMETSIK OLINPO BATEAN SARTZEKO, MOMENTU BAKOITZAK DU GARRANTZIA"

 

 

Valladoliden jarri berri du 'Pilotaz' egitasmoaren erakusketa Segundo eta Santiago Montes fundazioan

 

 

Anton Mendizabalek Pilotaz egitasmoaren erakusketa jarri du Valladolideko Segundo eta Santiago Montes Fundazioan. Irailaren 24tik azarearen 11 artean, egitasmoaren erdia han izango da. HIzAk aukera baliatu du Mendizabalekin hizketal

dia egiteko.

 

 

* Nolatan jarri duzu erakusketa Valladoliden?

 

 Pilotaz pilotaren inguruan egin nuen eskultura bilduma da, pilotaren inguruko gogoeta izan zen, hiru ataletan azterturik: pilotalekua, pilotarla eta tresnak. Hamar urteko lana izan zen. Kutxak bilduma osoa erosi zuen. Kutxak pilotaren inguruan sentsibilitate berezia izan du beti, Pilotaren Museoa egiteko asmoa zuen, eta harako egokia zelako erosi zuten. Orain Azkoitian abian jarri da Pilotaren Zentroa egitea, Udalaren asmoz. Kutxak hor parte hartu du, eta bilduma hau hara eramango du. Hor ere hartu dut parte nik eskultura arkitektoniko batekin: sei pilotaleku dira, eskultura bat osatzen. Bitartean, bilduma ezagutaraztea da Kutxaren asmoa. Aurkezpena egin genuen 2002an, katalogo eta guzti, Donostian. Gero, Baionako Euskal Museoan egon ginen 2003an. Aurten Izuran egon gara, Ipar Euskal Herrian. Eta orain Valladolidera joan gara, Espainia aldera. Esperientzi berri bat da Espainiara ateratzea. Fundaziokoak etorri ziren bilduma eskatzera. Ez da areto handia, baina oso toki onean dago, erdi-erdian eta izen handia du, artista handiak izan dituzte han. Badute joera artista euskaldunen lanak jartzeko: Oteiza, Basterretxea, Santxotena... Kutxak ahalegin handia egin du, harako katalogo berezia atera du, behar den bezala.

 

* Bertan izan al zara?

 

 Ni arduratu naiz erakusketa antolatzeaz. Erakusketek inguruan mugimendua sortzea gustatzen zait. Unibertsitateko ikasle taldeak joango dira ikustera. Denetan ez naiz han izango, baina batzuetan joango naiz.Edorta Kortadi ere joango da pilota margoan nola landu izan den hitzaldia ematera.

 

* Euskal gaia izanik, nolako harrera izan du?

 

Aurreiritziak izan ohi ditugu. Politikoki gauzak dauden moduan egoteagatik, iruditzen zaigu gaizki hartuko dutela.

Baina kontuan hartu beraiek eskatu dutela erakusketa, bultzatzaileak oso jende prestatua eta hezia dira. Pilota ez da euskalduna bakarrik. Han pilota nola zegoen aztertzen hasi nintzen; erroldak aztertuta 500 pilotalekutik gora daudela ikusi dut. Ez goaz toki arrotz batera. Pilotan ibiltzen dira, eta eurena sentitzen dute.

 

* Erakusketaren hurrengo helmuga zein izango den ba al dakizu?

 

Ez dugu ezer hitzartua. Lehenengo aldia da Espainiara ateratzen garena; ente finantzarioak kontuak egin behar ditu. Komeni zaiela ikusten badute, prentsan asko atera delako, giro ona egon delako, jende asko ibili delako... orduan pentsatuko dute beste nonbaitera eramatea. Toki posible asko daude, Logroño da bat. Valentzia beste bat da, pilotaren kultura izugarria dagoelako; eskuz ibiltzen dira. Profesionalak eta guzti daude. Bartzelonaz ere hitz egiten da...

 

* Zer suposatzen du erakusketa honek zuretzat, Euskal Herriko mugetatik kanpo?

 

 Lehenengo aldia da Euskal Herritik kanpora bakarrik jartzen dudala erakusketa. Arrancadilla taldean estatuko eskultore asko geunden, eta taldean erakusketak jarri genituen, Kanarietan, Murtzian... Baina egia ez dut ametsik eskultore bezala olinpo batean sartzeko. Nik nire lana egiten dut, ahal dudan hoberena eta gehiegi pentsatu gabe. Garrantzitsua da Valladoliden erakusketa jartzea, baina Izuran jartzea ere hala izan da. Momentu bakoitzak, horrek du garrantzia. Lehenengo aldiz Espainiara bakarrik joatea, esperientzi berri bat da.

 

* Zein da esku artean duzun hurrengo proiektua?

 

 Bat berehala estrenatuko dut. Beheko Plazako pilotalekuko ideia-lehiaketa badira hiru urte abian jarri zela. Nik arkitekto batekin parte hartu nuen. Gure proiektuan eskultura bat aurreikusi genuen, Oiartzungo errebotelarien omenez. Gure proiektua ez zen atera, baina ateratakoak gure eskultura barneratu zuen. Orain, plaza inauguratzean hau ere jarriko dugu, Endika Abril txapelketaren final egunean.

 

* Zure lanek harreman zuzena dute pilotarekin.

 

 Bai, baina momentu honetan nire sormena ez dago pilotaren inguruan. Boladak izaten dira. Garai batean estelekin, cromlechekin... egin nuen lana. 90eko hamarkadan pilotarekin egin nuen lana, orain ondorioak ari naiz bizitzen. Baina nire sorkuntza lana beste fase batean dago: musikaren inguruan nabil orain. Asko interesatu izan zait beti mundu hau, eta orain horretan nabil. Hurrengo erakusketak honen inguruan izango dira, hemendik hiru bat urtera. Orain denbora behar dut nire lana egiteko.

 

 

 

 

Agencia: prismacm