Categorías >

El proyecto 'pilotaz'

Búsqueda:

FRONTOI HUTSAK MAILOPEAN


JUAN INAZIO ZULAIKA

Egunkaria.1995/04/27

C. Jungen arabera, gizakiok badugu subkonsziente bat arketipoz osatua, hau da , irudiz, milaka esperientziaren errepikapenaren ondorioz, iragana geureganatutakoa. Artista batek arketipo baten tekla zanpatzen duenean, honek sortzen duen musika, zirrara emozionala, zabalik geratzen da, begiralearen lozorroan zegoen sena astinduz eta hunkituz. Izan ere, artistaren lana, une horretantxe, subkonsziente kolektiboaren iratzargailu bihurtzen baita.

Mailopean, hain zuzen Arribe herrian, beste artegile batek, Gorritik duen zurezko burbuilean (galerian), Jungen hitzen esanahiaz jabetu nintzen Antton Mendizabalen obra ikusten ari nintzenean. Frontoi hutsak eskaintzen dizkigu eskulturgileak -pilotariak desagertuak dira-, lan txikiak, egur mota desberdinez egindakoak: lizarra, urkia, haritza...
Mendizabalen frontoi hutsek lerdentasun arkitektonikoa isladatzen badute ere, bada beste hizkuntza bat ongi menperatzen dutena, ezkutukoa, bakardadearena. Espazio libreek, naturak sortzen digun kezka existenziala dario frontoi biluzi bakoitzari. Mendizabalen pilotaleku isilak metaforak dira. Tenplu sakratuak. Gure barnealdera (intraconciencia deitzen dio Oteizak) so egiteko gonbidapen bat. Agian Neolitikoan euskaldunek cromlechen barnealdean sentitzen zuten gauza bera.
Bilduma honen nondik norakoak aztertzerakoan eskulturgilearen haurtzarora jo beharko genuke, izan ere, bere aitaren pilotazaletasuna zela medio, aitortu duenez, berak ere izan zuen okasioa jakiteko zer den kantxaren erdian kokatzea,pilotariak jadanik joan direnean... Eta, han, aurrez aurre horma nagusia duzunean,orri handi baten gisa, zure pentsamendua bertan idatzi ahal izateko (nik neuk ere hamaika aldiz sentitu dut emozio bera frontoi hutsetan).

Euskaldunek, betidanik, baita oraindik ere, harreman estua izan dute naturarekin. Pilotan ere, joko zaharrak gune irekietan (pilota-soroetan) egiten ziren, paretetan bildu arte. Euskaldunak bere etxea isolatzen duela zioen Aranzadik, baina ez gizartetik at bizi ahal izateko, bere buruarekin konfiantza osoa duelako baizik. Frontoiak biluziek, harrizko orategiek, cromlech modernoak, konfiantza ematen diote euskaldunari. Mendizabalen senak hori lortu du bilduma honetan, bat egitea, uztartuz, Aralarko inguru magikoa eta bertan erakusten diren pieza txikiak. Azken finean, artistak arketipoak jarri dizkigu agerian, gure aurrean. Astindu bat emanez gure baitan, lozorroan, dugun subkonsziente kolektibo horri.

Agencia: prismacm