Categorías >

El proyecto 'pilotaz'

Búsqueda:

PILOTAZ ISILEAN MINTZO DIREN ESKULTURAK

 

 

NAGORE IRAZUSTABARRENA

Argia.2002ko irailak 15

 

 

Donostian, Kutxaren Boulevard I aretoan, pilotaren inguruko erakusketa ikusteko aukera dugu oraindik asteburu honetan. Kirola eta sormena uztartzen dituen "Pilotaz" egitasmo honen egile nagusiak, Anton Mendizabal eskultoreak egin ditu gida lanak.

 

 

PILOTAZ ISILEAN MINTZO DIREN

ESKULTURAK

 

 

Pilotak sormen artistikoarekin badu loturarik. Hainbat paisaietan pilotalekuak duen garrantzia ikusi besterik ez dago. Literaturak eta musikak ere sarritan hartu dute gaitzat kirol hau. Maiz saio berean pilota eta bertsolaritza uztartzen dira. Eta antzerkigintzan ere egin da pilotaren gaia lantzeko saiorik.

Eta Donostiako Boulevard 1 aretoan garbi geratzen da eskulturak ere baduela zer esanik pilotaren inguruan. Duela ia 20 urte egin zuen Anton Mendizabal

eskultoreak bilduma honetako lehen lana, eta ia duela 10 urte Mendizabalek eta Kutxak bat egin zuten egitasmoa gauzatzen joateko. Kutxak aspalditik izan du lotura pilotarekin, kirolaren inguruko dokumentazio asko bildu du urtetan eta Pilotaren Museo bat egitea bere helburuen artean dago. Helburu zabal horren barruan ulertu behar da "Pilotaz" egitasmoa. Azkenean, Anton Mendizabalek museo batean baliagarri liratekeen piezez osatu du erakusketa eta bokazio didaktikoa du, beraz.

Bokazio honi helduz, eskultoreak berak bisitaldi gidatuak eskaini ditu astero eta larunbat honetan, 19:30etan bere azalpenak entzuteko aukera dago.

Aretoko atea zeharkatu dugunean Abuztuaren 8tik hona 16.000 bisitari baino gehiago pasa dira dagoeneko hemendik eta irailaren 15ean 20.000raino iritsi daitezkela aurreikusten dute. Goiko solairuan egin dugu topo eskultorearekin. Bideo aretoan eta erakusketaren egitura garbia azaldu digu ezer baino lehen. Hiru zati nagusi ditu erakusketak: Pilotalekua, Pilotaría eta Tresna, bakoitza solairu banatan ipinia. Zati horietako bakoitza, gaínera, beste bi zatitan banatzen da: batetik, gaiaren ikuspegi sinbolikoa lantzen da lan estatikoetan; bestetik alderdi deskriptiboa, dinamikoa dago.

Lehenik ordea, Edurne Koch eta Juantxo Egaña argazkilarien lanekin diapositiba emanaldia ikusi dugu, "Tentsíoak" izenburupean. Pilotalekuak ageri dira bertan baina. Mendizabalek esan digunez. ez dugu berau frontoien katalogotzat hartu behar. Izenburuak dioen bezala pilotaleku batek jasaten dituen tentsioen isla da argazki bilduma eta arkitektura elementu honek naturarekin duen harremana ere agerian uzten du.

 

PILOTALEKUA.

 

 Pilotaren jokalekuen inguruan egindako eskulturekin hasi dugu ibilbidea. Egileak beretzat zailenak gertatu diren bi obrak erakutsi dizkigu: "Pilotasoro" eta "Errebote plaza".Zeruarekin duten lotura azpimarratu dueta bildumaren barruan gehien maite

dituen lanak direla ere esan digu. Pilotalekuaren adierazpen estatikoak dira halaber "Trinketea", "Plaza librea", "Ezker pareta"... Hizkuntza sinplea eta zuzena erabili du lanotan eskultoreak. "Hizketan beharbada berritsua izango naiz' dio, "baina eskulturan isila naiz". Frontoien tentsioa jaso nahi izan du pieza horietan,"zaila baita pilotazalearentzat, pilota poltsikoan duela, frontoi hutsaren erakargarritasuna erresistitzea". Anton bera pilotazalea da, txikitatik gertu izan du pilotaren mundua.

Pilotalekuaren adierazpen sinbolikoautzi eta jokoan sartu gaitu artistak. Jokoaren hainbat une jaso du arbela eta urkia baliatuz: batean sakea nora ote dihoan adierazten du egileak, tentsioa 7. koadroko marran zentratuz; hurrengoan errebotea irudikatzen du, "toki tristea, pilotan onak aurrean dauden bitartean pilotan txarrentzat geratzen den toki bakarra"', eta bestean frontisak du garrantzia, sakean pilotak non jo behar duen, gero arrimatzeko. Politak dira pieza horiek, "politegiak agían, nik gauza sinpleagoa nahi nuen, ez nuen estetika bilatzen, kontzeptua ateratzea baizik, Oteizaren eragina dut hor". Eta depurazio prozesu horretan haritz egur iluna, "beroa eta serioa era berean" aukeratu zuen jokoaren beste hainbat memento (dejada zabalean, ezker gantxoa...) islatzeko.

 

PILOTARIA.

 

 Hurrengo solairurajaitsi eta pilotaría da protagonista. Mikel Mendizabalen "Airean" bideoa ikus daiteke bertan, Eugi eta Belokik duela urte batzuetako buruz-buruko finalean jokatutako tantu luze ederrean oinarritutako bideoa. Ondoren. aurrez aurre pilotariaren adierazpen estatiko bakarra dugu: egurrezko menhirra eta besoa.

Ikuspegi dinamikoa lantzeko ordea. metalera jo du Anton Mendizabalek. 5 eskulturen oinarria berbera da: xafla luze batek hanka bat, enborra eta burua hartzen ditu, beste batek beste hanka. eta horren gainean, hirugarren pieza batek postura bat edo bestea ematen du. ''Pilotan bezala, lehenik ondo jartzea da garrantzitsua eta gero dator postura". Egilearen esanetan, lan erraza izan da: "Begiratu besterik ez duzu egin behar, pilotariak ematen dizu dena". 5 pelotari beltz hauek jokaldi bat osatzen dute: lehenak sakea egiten du, gero atzelariak pilotakada eder batez erantzuten dio sakeari, ondoren hurrengoak airez defentsa egin behar du, laugarrenak erasorako aprobetxatzen du eta azkena pilota zaila lurretik eramaten saiatzen da.

 

TRESNA.

 

 Eskailerak jaitsi eta erakusketako azken zatia dugu zain, pilotan erabiltzen diren tresnei dagokiena. Hemen ere obra estatikoak eta dinamikoak daude. Pilotaria sinbolizatzeko menhirra erabili badu, tresnaren sinboloen oinarri hilarriak dira, estelak. "Egurraren gainean tailatu beharrean ordea, alderantziz egin dut, irudiak hustu egin ditut, negatiboan sortu' Pala, saskia, xarea, laxoa eta eskua: bakoitzak estela bana du.

Tresnen ikuspegi dinamikoa lantzeko orduan. eskultoreak espazio-denborazko sekuentziak erabili ditu. Pilotak jo bitarteko ibilbidean tresna gorpuzten, gauzatzen doa. Xarearen sekuentziarako soka erabili du egileak eta pilotaren bidea islatzeko instalazio bat. Xabier Euzkitze, Luis Mari Mujika, Gillermo Etxeberria eta Lorea Agirreren olerki banarekin jantzi dute erakusketaren azken zati hau.

Iritsi gara erakusketako azken piezara "Botiloa" da, errebotean botea emateko erabiltzen den pieza. Artelana da, baina baita jokoan benetan erabil daitekeena ere. Antonek behintzat Zubietako errebote plazan probatu du. Baita gure aurrean ere: pilota hartu, piezaren gainean botea eman eskua luzatu eta zast! azken mementoan heldu egin dio, hainbat bisitari handik pilotakada buruan hartuta irteteko beldurrez zegoenean. "Orain arte behintzat ongi atera zait" dio eskultoreak. Presentazio osoa atera zaio ondo, bisitariek txalo egin baitute amaieran. "Artisten artean gaizki ikusia dago egileak berak erakusketa gidatzea. Artelanek esplikaziorik ez dutela behar diote. Baina gero iñor ez da kexu euren erakusketetan bisitaldi gidatuak antolatzen direnean. Eta zeinek azalduko du bere lana artistak berak baino hobeto?".

Igande honetan amaitzen da erakusketa hau Donostian ikusteko aukera. Baina erakusketa ibiltaria izango da seguruenik, oraindik tokiak eta datak zehaztu gabe badaude ere. Egitasmo irekia da gainera eta tokian tokiko elementuak erantsi dakizkiokela adierazi digute. bertako pilota tradizioaz jardungo duen hitzaldia esaterako. Donostian ere horrelakorik izan da: Edorta Kortadik abuztuaren 23an "Pilota-Jokoa XX. mendeko euskal artegintzan" hitzaldia eskaini zuen eta Xabier Euzkitzek "Pilota bertsotan" gaiaren inguruan jardun zuen irailaren 4an. Erakusketa hau Euskal Herritik kanpo ere eramateko asmoa dute beti ere. "irekia eta eraginkorra" izateko bokazio horri helduz.

Bitartean Anton Mendizabalek lanean jarraituko du. Pilotaren kapituluari amaiera eman eta egitasmo berri bati heltzeko asmoa du. Gai berria: musika. Dagoeneko pieza bat egina du, San Bizente elizan ikusgai dagoena

 

 

 

Agencia: prismacm