Categorías >

Exposición 'gure sustraietan' en Ordizia

Búsqueda:

ANTON MENDIZABAL: LANAREN HASTAPENA BESTERIK EZ...

 

 

AXUN LARBURU

Gara. 1999ko azaroaren 6a. Larunbata

 

 

ANTON MENDIZABAL: LANAREEN HASTAPENA BESTERIK EZ...

 

 

"Zuek artistak zarete ni bezala» Barrena kultur-etxeko erakusketa aretoak ikastolako gelaren jitea hartua du. Hamar urte eskaseko 20ren bat ume, eta haurtxo adina eskultura dira bertan. Ikasleei Oiartzundik Ordiziara joandako maisu berria, Anton Mendizabal, mintzo zaie. Bere etxetik ekarritako artelanak eta herriko ikusle txikiak hurbiltzeko lanean ari da: «Intxixuak dira horiek, hemen familian daude, hor kobazuloetan ikus ditzakezue eta han Peru urrunetik etorritako Intxixua ikus dezakezue» txikitxoak, berriz, eskulturei eta irakasle-artistari so. «Zuek artistak zarete, ni bezala, artistaren egitekoa gauzak imaginatzea da, gauzak esatea; eta bakoitzak bere era du gauzak esateko». Hurrena, aretoaren zoruan etzanez plastilina, paper, margo eta batik-bat irudimenez baliatuko dira; eta piskanaka, Frontela, Tresnela, Argenbor, Krontela... eskultura multzoa Ordiziarrek sorturikoez osatzen joango da: "Gure sustraietan..." erakusketa ikusleengan sormen prozesuak bideratzen laguntzeko irakaspena da, kultur-etxeak arte galeriek ez bezala, herritik edanez, herrikoia izan behar baitu. Azaroaren 2an itxiko dira aretoko gelak, haatik, ez diote giltzari eragingo itxiera ofizialik gabe. «Erakusketek beti izaten dute irikiera ekitaldia, ez ordea, amaierakoa». Arte-lanen artean, han-hemenka, interpretazio txokoak paratu ditu; isil-isilik ia ohartzeke kokatzen dituzte artista berriek lan amaitu berriak.

«Talde batek antzerki lan bati ekin zion hemen, 19ko amaiera ekitaldian antzeztuko dute".

Ikusleak sortzaile izateko guraz abiatu da Anton Mendizabalen esperientzi berrizale hau. Artea oso gertutik bizi dutenei ere eskultura sorta euren esperientzia, interpretazio eta sentsibilitatez adierazteko bide eman die "Gure sustraietan..." lana azaltzera datorren liburuxkan: Oteiza, Xabier Euzkitze, Karmele Kruz, Antton Kazabon, Luis Mari Mugika, Gillermo Etxeberria, Imanol Irigoien, Juan Gorriti, Lorea Agirre, Edorta Kortadi, Juan Mari Lekuona, Arantza Idiazabal, Rafa Zulaika eta Iñaki Moreno Ruiz de Egino. Parte hartu duten 14 lagunei eskultura bana izendatu die, eta jolasaren antzera, arte lanarekiko harreman honen aitzakiatik sortu da argazki, olerki eta bertsoz elekatzen den liburuxka adierazlea.

Lasai iharduteko beta dute aretoan diren langile gazteok, izan ere, Ordiziako Kultur-etxean hasitako lana ostiraleko bestara ekartzeko gonbidapena egin baitie Anton Mendizabalek. «Lana hemen hasi besterik ez da egin, gero zuek etxean, kalean, lanean edo eskolan amaitzea daukazue». Barrena kultur etxeko aretoa izan dadila beraz, sortzailetasun hastapen eta iturri. «Gero, erakusketa amaitzen denean hemen ikusgai egon diren zuen lanak etxera eramango dituzue, nik nire eskulturak bezala». Artea kulturaren etxetik Euskal Herriko etxeetara barreiatuz.

 

 

Agencia: prismacm