Arloak >

Exposición 'hamabi urte...'

Bilaketa:

ANTON MENDIZABAL OIARTZUNEN

JON IÑARRA. Oiartzungo alkatea.

Katalogoaren sarrera. 1993

 

ANTON MENDIZABAL OIARTZUNEN

 

AURTEN Anton Mendizabal Oiartzuarraren eskultura erakusketa izango dugu Xanistebanetan. Eta oiartzuarra diot, jadanik 24 urte pasa bait dira bera hona etorri zenez geroztik.

Anton, berehala murgildu zen gure herriaren izaeran. Bere inguru, paraje eta aintzinean arakatuz, laister aurkitu zituen eskultur gai aberatsak. Oiartzuarrek, aintzinatik izan dute heriotzarekiko tratamendu berezia, bertako kronletx ugariek adierazten diguten eran. Tradizio hori berreskuratu nahian, heriotzaren inguruan paper berezia izan zuen euskal tresnataz ohartzen da eta hau izango du bere lehen eskulturetako gaia: ARGIZAIOLA. Ondoren ARGIZAIEGURera abiatzen da, gizaki itxura ere irudikatuz, sua eta egurraren arteko batasuna lortuz. Jarraian, eta gaiarekin loturik, ARGIZAIESTELA eta sail honetakoa da ÁRGELA III, On Manuel Lekuonari eginiko omenaldian berari eskeinia.

Kronletxen ugaritasunak liluraturik (Egiar, Urkullu-txiki egia, Basate, Oianleku, Munerre, Errenga, Arritxulagaina eta bakarkako beste batzuk), gure aurrehistoriarekin estuki loturik dauden monumentu hauen inguruan lan sakona burutzen du: OIARTZUNGO KRONLETX-INGURUNEAREN AURREPROPOSAMENA. Kronletxak era berezi batez erakustera eman nahi ditu Antonek duen joera pedagogiko horren arian jarraituz. Ez da alferrik, 25 urtez irakasle izan.

Beren sinbologiaz jabeturik, lurretik altxa, gizatxura eman eta zirkulu, bihurri, hutsune...-z baliatuz, kronletx bakoitzaren ezaugarriak jaso, elkarren arteko lotura adierazi eta era berean Kronletx horiek Oiartzun Herrian duten kokamendu berezia erakutsi nahi du, guztiak Elizaldekin erlazionatuz. Ikerketa honen emaitzak dira: EGIAR, ELORRITAKOGAÑA, HARRITXURIETA, URKULLU-TXIKI EGIA eta ARRITXULAGAÑA eskulturak.

Oiartzuarrentzat ezagunena, segurenik, EGIAR izango da. Udalak zenbait saritan banatu izan bait du. Eta sariez ari garenez, Udalak badu Antonen beste eskultura bat, sarietako gustokoa: INTXIXUA Manuel Lekuonaren hitzak jarraituz, Mairu-baratzak intxixuen enterramendu leku lirateke eta intxixua Oiartzuarrentzat pertsonai misteriotsua litzateke, «parejo de brujo, una cosa como si sorgiñ fuese la bruja, e intxixu, el brujo) intxixua, sorgiñaren gizona». (Manuel de Lekuona: Del Oyarzun antiguo).

Beste zenbait Erakundek ere jo du Antonengana, sari-eskultur bila. Horrela sortu dira: DANTZARIAK, Gipuzkoako Dantzari Txapelketan banatua, XORIAK, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak eskatutakoa eta ARGIA, Argia saria. Sari hauen bidez, Antonenganako hurbiltasuna areagotzen doa. Lehen, askok ikusi izan dugu bere Tolarietako tailerrean lanean eta bere eskultura ikusiaren poderioz ezagun eta esanguratsu egiten zaigu. Baina, lanean ikusi ez duten askok ere bere obra ezagutzen du, sari hauei esker.

Oiartzungo erakustaldiak lehen pausuak emanak ditu eta poliki-poliki, nortasuna sendotzen doa. Bertan izan dira, AIALDE, IRIGOIEN, ZUMETA, GASSIS eta ISASA margolariak. Aurten erronka berri bati aurre eginez, eskultura dugu erakusgai, ANTON MENDIZABAL eskulturgilearen lana, hain zuzen. Hurbiletik ikusi ahal izango ditugu goian aipatutako obrak, eta baita aipatu ez ditugun zenbait ere, frontoiak, oroitagiriak eta bestelakoak.

Eta ez nituzke Ierro hauek bukatu nahi, Anton zoriondu gabe, bere eskulturak, dudarik gabe, goretsi egiten bait du Oiartzungo erakustaldi hau.

 

Agentzia: prismacm