Categorías >

Exposición 'hamabi urte...'

Búsqueda:

ARGIZAIOLAK HARRAPATU NINDUEN

 

 

 

I. ELLAKURIAGA

Egunkaria. Igandea. 1993ko irailak 26

 

 

ARGIZAIOLAK HARRAPATU NINDUEN

 

Anton Mendizabalen lanak Donostiako Kutxaren arte aretoan ikusgai

 

Anton Mendizabalek hamabi urtetan zehar egin dituen lanak ikusteko aukera dago urriaren 3ra arte Kutxa Fundazioak Donostiako Garibai kalean duen erakusketa aretoan. Bere lana jendearengana hurbiltzeko asmoz, Mendizabalek gidatutako bisitak antolatu ditu ostegun eta ostiraletan 19.00etatik aurrera.

 

Herri artisautza abiapuntutzat harturik, bide ezberdinak urratu ditu Anton Mendizabal eskultore oiartzuarrak. Hamabi urtetako lana erakusten du egunotan, lau aretotan banaturik. Era guztietako gaiak erakusgai badira ere, bi dira ikuslearen arreta bereganatzen dutenak: frontoiak eta argizaiolak; mairu-baratzak eta intxixuak. Bere lanaz hizketan aritu gara zerbait gehiago jakin asmoz.

 

 EGUNKARIA.— Erakusketako laugarren aretoan argizaiolez gain, kutsu nekrologikoa duten beste pieza batzuk ere badira, hala nola, intxixuak eta cromlechak edo mairu-baratzak. Zer da horien bidez adierazi nahi duzuna?

 

 ANTON MENDIZABAL— Dudarik ez dago heriotzarekin lotuta dauden gaiak direla, baina ez dut alderdi negatiboa azpimarratu nahi. Honelako gaiek sortzen duten misterioaren inguruan nabil. Heriotzaren aspektu negatiboaren atzetik misterio handia dago, eta garai bakoitza misterio horri modu batean erantzuten saiatu da. Ni misterio horri erantzun bat ematen saiatzen naiz.

 

 EGUNKARIA.— Erakusketa honetan lau aretotatik bi frontoira eskainiak dira. Zer dela eta aukeratu duzu frontoiekin lan egitea?

 

 MENDIZABAL— Horrek pilotarako dudan zaletasunean dauka oinarria eta pilotaren tenplua frontoia da. Txikitan nire aitari frontoira laguntzen nion eta beraiek aldageletara joaten zirenean ni bakar-bakarrik geratzen nintzen. Eta bakardade hartan frontoiaren espazioak txunditu egiten ninduen. Orduan frontoien irudi horiekin saiatzen naiz frontoiaren espazioa modu ezberdinetan aztertzen.

 

EGUNKARIA.— Nola hasi zinen artisau munduan?

 

MENDIZABAL— Nire osaba tailista izan zen, Alejandro Amenabar. Azpeitiarra zen bera, eta Azpeitian beti izan da tradizio handia tailagintzarako. Nik berarekin ikasi nuen, duela 25 urte. Hala ere, aurretik banuen eskulanetarako afizioa. Gu etxean okinak izan gara eta horrek ere eragina izan du. Baina garai haietan benetan harrapatu ninduena pieza bat izan zen: argizaiola. Iruditzen zitzaidan ez zela elizatan kandela gisa erabiltzen zen tresna sinple bat. Mezu askoz sakonagoa, geroarekin zerikusia duen zerbait misteriotsu gisa ikusten nuen eta horrek harrapatu ninduen.

Ikusleengandik gertu

 

Anton Mendizabalek kezka berezia dauka eta seguruenik artista den orok kezka bera izango du. «Nire obra, lana, ulertzen al du publikoak?» Hori da artista askok beren buruari planteatzen diotena. Kezka hori arindu egingo litzateke Mendizabalen ustez artistaren lana herriarengana hurbilduz gero, edo alderantziz.

Alde horretatik esperientzia arrakastatsua gertatzen ari da Mendizabalek bere erakusketan antolatu dituen bisita gidatuak.

Lana zehatz-mehatz azaltzen ez badu ere, zenbait argibide ematen ditu beren lanaren nondik norakoak ulertzeko. Bestetik, artistaren eta ikuslearen artean sortzen den elkarrizketa eskertzen dute bai jendeak eta bai artistak. Azoka ere helburu horri jarraitzen dion bide bat izan daiteke, Anton Mendizabalen ustez, lanean ari den bitartean ikusleak egiten dituen komentarioak artisauarentzat aberasgarri baitira. Gainera, bien arteko harremana ere estu, aberatsa eta zintzoagoa da edozein erakusketa aretotan

sor daitekeena baino.

Eskultura herritarrengana gerturatzeko beste bide bat ere jorratu du Anton Mendizabalek. Horren adierazgarri dira zenbait lehiaketatan saritutako bere oroitagiriak. Horien artean aurkitzen ditugu ´Dantzariak´ (Gipuzkoako dantza txapelketarako) edo ´Xoriak´ (Euskal Herriko bertsolari txapelketarako) izeneko eskulturak. Eta Euskal Herriko pilota federazioak eskatuta, herria eskulturaren mundura hurbilduko duen beste irudi bat prestatzen hasiko da aurki.

 

Agencia: prismacm