JOXEAN AGIRRE
Egin. 1993. Iraila. 21 asteartea.
ESKULTORE BAT KORREDOREEN KONTRA
Anton Mendizabalen "frontoi" bat ezarri da Donostian-
"Oteizarentzat espazio hutsa, neretzat espazio librea"
Cromlech-ak eta argizaiolak ere bai aretoan
Aita pelotaria zuen. Fronton Gros famatuan jokatzen zuen palaz eta haurra zelarik, bizpahiru urterekin, entrenamenduetara laguntzen zion. Pelotariak aldageletara sartzen zirenean, Anton frontoian bakarrik geratzen zen, espazio handi horren isiltasunaz harriturik. Orain sentsazio hura gauzatzen saiatzen da bere eskulturetan.
«Aita eta bere lagunak aldageletara sartzen zirenean, pelota bat utzi ohi zidaten nere gisara joka nezan eta ni espazio ikusgarri hari begira egoten nintzen. Oso haurra nintzelako edo espazio izugarri handia iruditzen zitzaidan. Tenplo batean nengoen sentipena nuen eta geroztik halako lilura bat sentitu dut frontoietan», kontatzen du Anton Mendizabalek.
Donostiako Garibai aretoan zabalik duen erakusketan frontoia da protagonista. Lehen gelan gai desberdinei dedikatutako eskulturakezarri ditu. Bigarrenean frontoi bat diseinatu du hutsik eta hamabi frontoi txiki hirugarrenean, laugarrena artista bezela eraman duen eboluzioari dedikatzeko: argizaiola, cromlech eta intxixuetan inspiraturiko lanak ezarriz.
Trabesaren kontra
Anton Mendizabalek haurtzarotik sentitu du frontoian tenplo batean sentitu ohi den isiltasun eta handitasuna eta orain trabeslariak bota nahi ditu tenplo horretatik, Kristok merkatariak sinagogatik bota zituen bezalaxe.
«Ni trabesaren kontra nago. Pelotazale amorratua naiz, jokatu ez ezik pelota ikustea gustatzen baitzait eta dirurik tarteko ez denean partiduak askoz ere kreatiboak direla ohartu naiz eta nik gauzak kreatibitatearen ikuspegitik ikusten ditudanez, trabesik gabeko pelota partiduak nahi nituzke. Horregatik Garibai aretoan ezarri dudan instalakuntzan partidua jokatzeko prest dagoen frontoi bat jarri dut. Partidu aurretik frontoiak duen tentsio horretan pelota zulatu bat jarri du kantxa erdian, elementu distortsionatzaile bezala, nolabait korredoreek erabiltzen duten elementu horren presentzia salatuz», seinalatzen du.
Instalakuntza horren ondoren dagoen hirugarren gelan ezarri dituen eskulturak ere frontoian inspiraturik daude. «Espazioa da eskultoreen gai nagusia eta frontoiak aztertzen hasi nintzenetik, espazio horrek partiduan zehar dentsitate aldaketak jasaten dituela ohartu nintzen jokaldien arabera. Pelotaria sakea ateratzera doanean, dentsitatea espazioaren zati konkretu batzuetan zentratzen da eta sakea erantzuten duenean beste zati batzuetan. Jokaldi bakoitzaren espazioari ezartzen dion dentsitateen joko hori plasmatu nahiz egin ditut eskultura batzuk eta horietako zenbait jarri dut erakusketan», segitzen du.
Norbaitek dagoeneko Oteizaren itzala eta zantzua ikusiko zituen Antonen gogoeta hauetan. «Nik Oteizari dena zor diot, baina frontoiei buruzko ikuspegi desberdina dugula uste dut. Haren helburua espazioa hustutzea zen edo espaziotik hutsa ateratzea eta frontoia huts horren eredu gisa hartu zuen. Nik, aldiz, espazio libre gisa ikusi dut frontoia eta ez espazio huts bezala. Abiapuntuak, beraz, desberdinak dira», esan zuen.
Anton Mendizabali aire libreko frontoiak gustatzen zaizkio, «gogorragoak iruditzen zaizkit, zartatuak egoten dira. Oiartzungo Gurutzeko frontoia da horietako bat».
Cromlech-ei begira
Anton donostiarra da. Jesuitekin ikasten ari zela, Aita Zabalaren txoferra izan zen eta haren bidez ezagutu zituen Oiartzunen Bianditz gaineko cromlech-ak. «Nik Lanbretta zahar bat nuen eta baserriz baserri eramaten nuen Aita Zabala han-hemenka egiten zituen elkarrizketak grabatzera. Nere egitekoa horixe zen, motorrean eraman eta magnetofoia martxan jartzea. Uztapiderekin hitzegitera eraman nuen batean, bukatu eta gero gauza bat erakutsi behar zidala esan zidan eta Bianditz gainera igotzeko agindu zidan. Han erakutsi zizkidan nere bizitzan lehen aldiz ikusi nituen cromlech-ak eta ahozabalik geratu nintzen. Orain dela 30 urteko kontuak dira horiek, baina barruan eraman dut irudi hori eta eskulturak egiten hasi nintzenean, cromlech horiek zutik jartzea izan zen nere obsesioetako bat», kontatzen du.
Badirudi Antonen bilakaera artistikoak hari izkutu bat duela monumentu nekrologikoen inguruan, cromlech-ak, argizaiolak eta intxixuak ageri baitira bidai luze horretan lagun gisa. «Ez dut ust nik elementu horiek zerbait nekrologiko bezala ikusi ditudanik. Argizaiolak, esate baterako, Amezketako elizan ikusi nituen gaztea nintzela eta geroztik maiz joan izan naiz eliza horretara pizturik nola zeuden ikustera. Herri horretako jendearekin askotan hitzegin dut gai horretaz eta etxean ere argizaiolak pizturik izaten omen dituzte baserrietan. Neri argizaiolak heriotzaren ikuspegi desberdin bat erakutsi zidan. Uste dut heriotzarekin ez dela dena bukatzen adierazten dutela eta norbait hil delarik ere zerbaitek bizirik segitzen duela, heriotz ondoko misterio hori argitzea zail bada ere» segitu zuen.
Intxixu batzuk ere soma daitezke laugarren gelako eskultura horien artean. Oiartzunen bizi da aspaldidanik Anton Mendizabal, han du bere tailerra ere eta edonork daki intxixuek Oiartzungo mitologian duten garrantzia.
Bilakaera guzti hori ikus daiteke Mendizabalek Donostian zabaldu duen erakusketan eta ezagupidea zabaldu nahi duenak ostegun eta ostiraletan eskultoreak berak gidatzen duen bisita bat egiteko aukera ere izango du ikusleak, arratsaldeko 7,3.0etan hasita antolatu baititu bisita gidatu horiek, jende multzo handiak bilduz.