JOXEMI SAIZAR
Argia. 1995eko ekainak 18.
Anton Mendizabal eskultorearekin solastatu gara bere obraz
Estela eta argizaioletatik pilotalekuen espazioetara
Oiartzungo Udaletxeko arkupetan pilotan eskuz jokatzen topatu dugu. Izerdiak lehortu eta Tolarte etxean hitz egin dugu Anton Mendizabalekin Lasarte-Oriako kultur etxean erakutsi berri dituen eskultura lanak eta oraintxe burutzen ari den pilotalekuei buruzko serieko lanen artean. Ondoan daude hainbat sariketatan entregatzeko egin dituen garaikurra dotoreak, tartean ARGIA Sarietarako egindakoa.
* Artisau edo eskultore bezala ikusten duzu zure burua?
Oso zaila da muga jartzea. Artisau bezala hasi nintzen, tallista ofizioa nuen: kutxak,argizaiolak... Gero hura desarroilatzen hasi eta eskultura munduan sartzen zara. Baina eskultura horiek edo maketa horiek errepikatzerakoan berriz ere artisautza mundura itzultzen zara. Momentu honetan eskultura gehiago egiten dut.
* Gustuko eskultoreak zein dituzu?
Ez dut inoren eragin zehatza, askori zor diot zerbait. Euskal eskolaz hitz egitea gehiegizkoa gerta daitekeen arren, eskultura hizkuntza badago gure herrian: Oteiza, Txillida, Basterretxea, Mendiburu, Ibarrola, Anda, Ugarte... Horiek pixkanaka hizkuntza bat gauzatu dute. Nik hizkuntza hori neurri batean asumitu dut. Hurrengo pausoa eman nahi nuke: nire estilo propioa sortzea, hori da zaila. Orduan esan nezake artista bat naizela, bitartean ikasle bat besterik ez naiz izango.
Azken seriean, pilotalekuaren espazioarena, ez dut Oteizaren estetika jarraitu, baina bai bere planteamenduak. Aurreko serie batean Txillidaren miresle naizela suma zitekeen edo Ugarterena, Basterretxea. Ibarrolarena...
* Filosofiak zer eragin du zure lanean?
Filosofía eta Letrak ikasi nituen... Pedagogia, ez Filosofia. 25 urte bota ditut ikastolan, hasierako garai zail haietan gorputz eta arima han entregatuta ibili nintzen, gero pixkanaka tailagintzan aurrera segitzen nuen neurrian ikastola pixka bat uzten Joan nintzen eta azken hiru urte hauetan utzi egin dut. Pedagogia ekintza horri zeozer zor diot. Nire obrak ulerkorrak egiten saiatzea adibidez, jendeari obraren ingurumaria aztertzen laguntzen saiatzen naiz, begiak eta sentsibilitatea irekitzen. Ez obra bera biguintzen. Hor arrisku izugarria dago. Obra didaktikoa egin daiteke, baina nik ez dut hori ikusten, oso sinplea litzateke. Konzepto sakonagoak nahi ditut, baina laguntza emanez ulertzeko. Herriak prestakuntza behar du kultura eta estetika ulertzeko. Nire erakusketetan ia beti bisita gidatua egiten dut erreztasunak ematearren.
* Zein dira erabiltzen dituzun gaiak?
Nire herriari zerbait ematea baldin badaukat eskulturaren bitartez, benetan sentitzen dudan zerbait izan behar du, nahiz eta modaz kanpo egon (kromletxak, intxixuak, pilotalekuak). Iritsiko da momentu bat beste gai batzuk ere landuko ditudanak. Oso erraza da modan dagoena egitea: neo-minimal, neo-kontzeptualismo, neo-bangoardia... Tentazioa da momentu batzuetan, baina behar hori sentitzen dudanean egingo dut hori. Oraingoz behintzat, nire herriko gaiak sentitzen ditut.
* Eskultore gutxi izango dira pilotan eskuz jolasten dutenak.
Niretzat pilota jokoa funtsezkoa da nire obran. Azken hiru urte hauetan gai horrekin ari naiz, pilotalekuaren espazioa aztertzen eta. Horretarako pilota sentitu beharra dago, baina kantxaren barrutik; arkupe bat ikusle bezala edo barruan egonda ikustea oso desberdina da.
* Material aldetik gehienbat egurra erabiltzen duzu.
Harria ere erabiltzen dut gauza batzuetarako, batez ere harriaren hoztasuna behar dudalako frontoiarena adierazteko. Frontisa hotz-hotza dago, etsai da batzuetan eta arbel beltza erabiltzen dut orduan. Egurra erabiltzen dudanean gehienbat haritza erabiltzen dut, baina intxaurra, gerezia, lizarra eta hemengo beste egurrak ere bai.
* Guggenheimen inguruan sortu zen Kultur Kezka horretan partaide izan zinen.
Proiektu hori kultura herrikoiarentzat oztopoa baldin bada, eta hala izango dela dirudi, kaltegarria iruditzen zait. Ikusi behar da zer izango den hori, baina horrek esanahi du besteontzat gutxiago izango dela. Bestalde yankee-en kultur kolonizazioak ere kezkatzen nau.
Kultur Kezka segituan desagertu zen zoritxarrez. Alor askotako jendea bildu ginen, baina ez dugu horrelako gauza interesgarriak aurrera ateratzeko adorerik erakusten. Lehenengo prentsaurrekoaren bila goazela dirudi.
* Donostiako Kursaalen proiektua gehiago gustatzen al zaizu?
Ni oso arkitekturazalea naiz eta proiektua gustatzen zait. Elementu berrizaleak ditu, nahiz eta hiri erromantikoa izan. Uste dut kontraste gisa biak irabazten ateratzen direla. Kursaal zaharra ez zen bota behar, baina behin botaz gero Moneoren aukera interesgarria iruditzen zait. Hori egiteko Donostiak eta Gipuzkoak zenbat sufrituko du? Ez luke sufritu behar, beste bide bat izan behar lukete proiektu herrikoiek. Proiektu handiak onak dira eta beharrezkoak, baina ez daitezela egin proiektu txikien bizkar. Guggenheimen kasuan garbi ikusi da gutxitu egin direla herri kulturarentzako aurrekontuak.
* Kutxarekin zer harreman duzu?
Pilotalekuaren espazio horietan Kutxarekin tratua egin nuen: berak hartzen dizkit eskultura guztiak egin ahala, ikerketa lan bat bezala. Prezio finkoa jarrita daukagu. Esperientzia zoragarria da. Sozialismo utopikoarekin ametsa egiten genuenean horrelako zerbait nahi genuen, estatuak edo erakundeek artista babestea. Lasaiago egin dut lan, oso libre, inongo baldintzarik ez dagoelako eta pentsatuz egiten dudanagatik epaituko nautela etorkizunean. Nonbait ezin badut huts egin, lan honetan da.
Nire lan hori hor ikusgai egongo da. Bat falta zait hamarreko seriea bukatzeko. Azpeitiko Antxieta jauregian ari dira pilotari buruzko gauza hauek guztiak biltzen. Noizbait agian zerbait egingo da.
* Hemendik aurrerako proiektuak?
Abuztuan Maulen erakusketa egingo dut... Hor esperientzia bat burutu nahi dugu. Arriben erakusketa zabaldu genuenean plaza zaharrean pilota partidua bertsoekin tartekatuz antolatu genuen, gauza batzuk berreskuratzeagatik. Gonbidatutako jendea gero erakusketara Joan eta beste era batera ikusi zuen. Arte plastikoak beste arte batzuekin elkartzeko sistema bat da. Orain Maulen hori bera gehiago desarroilatu behar dugu.
Gipuzkoa eta Zuberoa arteko desafioa egingo dugu. Bina pilotari eta bertsolari bana. Eta frontoi ondoko gela batean pilotari buruzko nire lanak egongo dira erakusgai eta beste batean bestelako lanak eta artisautza lanak ere bai. Gero kantaldia ere izango da hango eta hemengo kantariekin. Jendearengan erakarpena izan nahi dugu. Hemendik bi urtera erakusketa egingo dut San Telmon. Hor beste elementu bat sar daiteke, antzerkia adibidez.