JUAN LUIS ZABALA
Egunkaria. Larunbata,1995eko apirilaren 8a
ANTON MENDIZABAL: "BERE HIIZKUNTZA BEREZIA SORTU DU EUSKAL ESKULTURAK"
"Pilotalekuaren espazioaz" erakusketa zabalduko du gaur Arribeko Mailope galerian
Pilotalekuaren espazioa gaitzat harturik, 21 eskultura biltzen dituen erakusketa zabalduko du gaur Anton Mendizabal eskultoreak Arribeko (Nafarroa) Mailope aretoan. Era zaharrean jokatutako pilota partidua eta Jon Bergaretxeren emanaldia izango dira erakusketaren inaugurazioaren atari.
´Pilotalekuaren espazioaz´ da Anton Mendizabalek gaur Juan Gorriti eskultoreak Arriben duen baserrian dagoen Mailope galerian zabalduko duen erakusketaren izenburua. Maiatzaren 7ra arte izango da zabalik erakusketa, eta 17.00etatik 20.00etara bitartean bisitatu ahal izango da.
EGUNKARIA.— Noiz egindako lanak dira erakusketan bildu dituzunak?
ANTON MENDIZABAL— Orain dela 12 bat urte hasi nintzen pilotalekuaren inguruko lanak egiten, baina gero utzi egin nuen, beste gai batzuekin jardun dudalako —argizaiolak, estelak eta abar—, harik eta 90eko hamarkadan berriro heldu ahal izan diodan.
EGUNKARIA.— Beraz, lehenengo lanak orain dela 12 urte egin ondoren, 90eko hamarkadara arte etenaldi bat izan du pilotalekuaren inguruko zure lanak. Zer dela eta?
MENDIZABAL— Argizaiolak eta estelak izan ditut gai nagusitzat zortzi-hamar bat urtetan. Niri oso zaila egiten zait bi gairekin batera ibiltzea. Gai batek harrapatzen nauenean, harekin sartzen naiz bete-betean. Orain pilotalekuaren gaiarekin nabil, eta alde batera utziak ditut kaxoian gordetako hainbat gai, txalupa, traineru, batel eta abarren ingurukoa esate baterako. Horri ere helduko diot beharbada noizbait, baina ez pilotalekuaren gai hau agortzen ez zaidan artean.
EGUNKARIA.— Hiru ataletan banatuta duzu erakusketa.
MENDIZABAL— Alderdi ezberdinetatik begiratu diot pilotalekuari, eta horren arabera bereizi ditut atalak. Lehen atalean, pilotalekua —sakralizatuta-— gure joko nazional honen sinbolotzat hartzen dut, pilotaleku mota ezberdinak erakutsiz: plaza librea, trinketea, ezker-pareta, arkupea... Pilotaleku mota bakoitza aztertu eta landuz, sinbolo edo estela batzuk atera ditut eta ´Estelak´ izena eman diot sail horri. Bigarrenean, ´Pilotalekuaren estatika´ izan dut aztergai, hau da,pilotalekua pilotaririk gabeko espazio libre gisa, hutsik, zain, tentsioan. Hirugarrenak, ´Pilotalekuaren dinamika´ deitzen denak, pilota eta pilotariak sartzen direneko espazioa jasotzen du. Jokaldiaren arabera, espazio horrek aldaketa bat bizi du: espazio batzuk hustuak geratzen dira, beste batzuk beteak.
EGUNKARIA.— Erakusketaren esku-programan diozunez, oso txikitatik izan duzu pilotarako zaletasuna, pilotarekiko halako lilura berezi bat.
MENDIZABAL.— Barru-barruan dudan zerbait da pilotaren mundua, eta horrek bultzatzen nau gai hau lantzera. Aitarekin frontoira joan eta espazio ikaragarri eta huts hartan bakarrik geratzearen sentsazioa izan nuen umetan, eta umetan geratzen diren sentsazio horiek indartsuak izan ohi dira. Geroztik, nik beti izan dut zaletasuna, pilotan jokatzen jarraitzen dut, eta jokatzen hasi baino lehen asko gustatzen zait pilotaleku bakoitzaren espazioa sentitzea. Frontoi batzuek oso espazio ona daukate, beste batzuek oso kaskarra... Adibidez, pintadaz beterik badago, eta lurrean beste kirol batzuetarako —saskibaloia, esku-baloia...— jarritako marrak baldin badaude, espazio hori galdua sentitzen dut, hain zabartua, hain kutsatua...
EGUNKARIA.— Hemengo beste eskultore batzuek ere landu izan dute pilotalekuaren gaia. Haien lana ere kontuan izan al duzu zeureari ekitean?
MENDIZABAL— Pilotaren inguruan dagoen aberastasun espaziala kontuan hartuta, ez da harritzekoa eskultore askok heldu izana gaiari. Dena den, kontzienteki behintzat, ez ditut kontuan hartu beste eskultoren lanak. Beste eskultoreen obra ikusi eta subkontzientean sar dadin uztea gustatzen zait niri, eta, alde horretatik, ez dago dudarik beste eskultore batzuek egindako espazio azterketek eragin handia izan dezaketela nire lanean. Ez dago eragina ukatzerik, eta mesedegarria izan daitekeela ere iruditzen zait, badagoelako nolabaiteko klasikotasun bat, izen handiko eskultoreengandik datorrena. Ez dakit zuzena ote den euskal eskola bat dagoela esatea, baina argi dago badagoela esateko modu bat, hizkuntza berezi bat, euskal eskulturak sortutakoa. Niri batzuek esango didate nire lanak Oteizarenen antzekoak direla, beste batzuek Txillidaren lanen antza dutela, edo Basterretxea aipatuko dute... Denen antza ikusi izan didate, eta horrek erakusten du hizkuntza orokor bat badagoela. Lehen pausoa hizkuntza hori, estilo hori barneratzea da, eta ondoren nork bere estilo propioa garatzea, ahal bada. Hori oso zaila da eta ez dakit lortuko dudan.
Pilota partidua erakusketaren atari
Anton Mendizabalen ´Pilotalekuaren espazioaz´ iluntzeko 20.00etan inauguratuko da Arriben, baina ordubete lehenago, 19.00etan, era zaharreko pilota partidu bat ikusteko aukera izango da Atalluko pilota plazan: Relegi III.a eta Unsain Beristain eta Esnaolaren aurka ariko dira.
«Ez da ohizkoa izango pilota partidua», Mendizabalek azaldu digunez. «Pilotalekua bera ere berezia da, etxe baten kontra kokatua, leihoa barruan duela —jokoaren parte bihurtua—, ezker paretarik gabekoa eta ondo-ondoan duen errepideak mugatua; pilota edonon goza daitekeela erakutsiko du, besteak beste, partidu honek. Era zaharreko pilota partidua izango da gainera: sake librea izango da, eta, markagailuaren ordez, Mikel Mendizabal bertsolaria izango dugu tantoak kantatzen, doinu bereziak erabiliz eta jantzi ere jazkera berezia jantziz».
Jon Bergaretxeren emanaldia entzuteko aukera ere izango da Atalluko pilota plazan Arribeko Mailope galerian egingo den erakusketa inauguratu aurretik.
«Artea beti aparteko zerbait balitz bezala agertzeko joeraren aurka» pentsatu du Mendizabalek pilota partiduaren ideia. «Herriko gaia da erakusketa, herriak asko sentitzen duena, eta ekimen artistikoa herrira zabaltzea nahi dugu, jendeak ez dezan artea berarekin zerikusirik ez duen zerbait balitz bezala sentitu».
Partidua ikustera joaten diren pilotazaleei erakusketa ikustea «gogor samarra» egingo zaiela uste du Mendizabalek, «baina gutxienez erakusketa ikusteko tartetxo bat hartzen badute, ez da gutxi izango».