Categorías >

Exposiciones en el País Vasco

Búsqueda:

ANTON MENDIZABALEN ESTELAK IKUSTERA

MIKEL ASURMENDI.

El Diario Vasco.1995

 

Anton Mendizabalen estelak ikustera

 

Lasarte-Oriako kultur etxean, igandera bitartean ikus daitezke eskultore honen lanak

 

Iaz irabazi zuen Anton Mendizabalek Manuel Lekuona saria. Lasarte-Oriako udalak antolaturiko sari hau, Argela izeneko estelarekin irabazi zuen eskultore oiartzuarrak.

Manuel Lekuona izeneko kultur etxean dago datorren igande arte eskultore honen obra, Lasarte-Orian egon ere. Gainera, Argela eskulturak betiko tokia hartu du bertan.

Anton Mendizabal eskultoreak, filosofia ikasi bazuen ere, irakaskuntzan jardun du lanetan. Pedagogo sena aise antzematen zaio.

Artisautzatik abiaturik, egurra espazioan kokatu nahian edo, arte mundura jalgi zen duela hamabost bat urte. Egun, irakasle lana albora utzita, eskulturgintzan dihardu jo eta ke. Etengabe eta gogotsu ari da, artearen mundu zail eta nahasian.

 

Non kokatzen duzu zure burua eskultore bezala?

 

—Euskal Herrian badago klasizismo bat eskulturan. Oteiza, Txillida, Mendiburu, Basterretxea eta Ugartek, besteak beste, denen artean, eskultura lantzean, euskal estilo bat hezurmamitu dute. Badago beraz, esateko modu berezko bat. Euskal espresio propio bat gauzatu da.

Espresio hori ez du eskultore bakar batek egin, multzo batek egin du. Askotan, elkarren berri haundirik eduki gabe gainera, nire ustez. Ni espresio hori asumitzeko unean nago. Nolabait esanda, hizkuntza hori bera hitzegiten dut nik ere.

Askotan, aipaturiko izen horiekin erlazionatzen banaute ere, ez dut horiengandik eraginik izan. Orokorrean, euskal kulturaren ondorioa dira nire eskulturak. Eskultura espresio modu hori hor dago, eta ni haietara berandu iritsitako eskultorea naiz.

 

Zer adierazi nahi duzu eskulturarekin, zer bilatzen duzu estelak egitean?

 

— Lehenbizi esango nuke, euskal eskulturak berezko nortasun bat duela. Euskal eskola bat dagoela esatea, igoal gehiegi da, baina euskal hizkuntza bat badagoela uste dut. Berean, denbora eta espazioa oso dira inportanteak. Nire kasuan, estela bat egiten dudanean, espazio eta denboratik ateratzen naiz.

Arte barruan tendentzia asko dago, posibilitate asko eta ezberdinak. Artea ikusteko modu asko dago, eta denak iruditzen zaizkit baliagarriak. Ez nuke printzipioz itxia izan nahi. Ahal den elementu gutxienekin, ahal den gehiena adierazi nahi nuke, eta ahal den gehiena sujeritu ere. Bideak irekiak utziz betiere.

Jendearengan eragin ondoren, jende berak bere buruan burutu dezala lana nahi dut. Gero, ikusleak, nik eskulturan eman nahi diodan zentzutik beste alde hatera jotzen badu, eta beste zentzu bat ateratzen badio, niretzako pozgarria izango da. Ze, eskulturak ikuslearen barrua ikutu duela pentsa dezaket. Jakina, hobe nik adierazi nahi dudana iritsiko balitzaio. Hori izugarri haundia litzateke.

 

-   Zergatik ematen dituzu zure obran buruzko hainbeste azalpen?

 

— Beittu! Bai kulturalki bai estetikoki ondo hezitako herri batean biziko bagina, orduan, agian, ez luke esplikazio beharrik izango.

Askotan artearen txarlatana edo berritsua esaten didate. Eta egia esan, onartu beharra daukat kritika hori, ze, artista batek ez du bere obra zertan esplikaturik.

Nik, ordea, ez dut asumitzen beste artista askoren papera. Herriaren aldeko kultur gizon bat izan nahi dut; zeregin honetan ikusi nahi dut nire burua. Interesatua dagoenari lagundu behar diodala uste dut. Obraren ingurua biguntzen lagundu behar dut, gaiak eta materialen berri emanez, baina obra bera bigundu gabe jakina.

 

Nola daramaduzu gizartea eta obraren arteko harreman hori?

 

-  Orain arte ikutu ditudan gaiak oso dira herrikoiak. Orohar, gure herriak badu sentsibilitate puntu bat, eta ezagutzen ditu gai hauek. Alde horretatik abiapuntu baikor bat ikusten dut publikoaren partetikan.

Pilota, argizaiola eta kronletxak badute onartze eta ulertze moduko bat. Gero, nik nahi dudan guztia ulertzera iristea, zailagoa da. Jendea ez dago prestatua kontzeptu espazial batzuk ulertzeko. Logikoa da arrotza egitea.

 

-  Erraza al zaio artistari duintasuna mantentzea arte merkatuan?

 

—Azken hiru urteotan lan honetara erabat dedikatua bizi naiz. Eskulturak saltzetik ez naiz bizi ordea. Eskulturaren inguruan sortzen diren lanetik ateratzen dut bizimodua: Kutxarentzako ikertze lan bat egin dut, sari bat irabazi dut, eta nire obren maketak komertzializatuz eta halatsu. Erakusketak norberaren obra ezagutarazteko bitarteko bat da, ez askoz gehiago ordea.

Ni oraindik ez naiz arte merkatuan guzti sartua. Etorkizunean ere, ez dakit nola mugituko naizen, ez dakit ere nola eramango dudan merkatuko harreman hori. Artistentzat sortzen omen diren kontraesan horiek ez ditut oraindik ezagutzen.

 

Bidaia eskultorearekin batera erakusketan zehar

 

Egurra da eskultore honek gehien landu duen gaia. Zizelkari (tallista) bezala lan ugari eginak ditu. Eskultore hasiz geroztik, hiru dira Antonek landu dituen eskultura motak, guztiak estela itxurara egokituak. Mairu-baratza edo kronletxetik ´Krontrelak´ gauzatu ditu. Intxixuak gogoan (Jentilak), ´Intxelak´ egin ditu. Argizaiolatik, berriz, ´Argela´ obra osatu du.

Bestalde, pilotalekuko espazioarekiko lilurak eramana, sinbolo gisa-edo, estela bihurtu ditu pilotalekuak ere.

Erakustokia bisitatu dugu, eta eskultorearen beraren laguntzaz, gogoetagune berezia aurkitu ere. Antonen lehen hitzak hauetxek izan dira: «Gure herrietako erakustokiek erakusketa mugatu egiten dute. Horrexegatik, lehenbizi artistak leku hoitetara moldatu beharra dauka, baita erakusleek berek ere bai».

Kronletx eta Intxixuak iraganeko kontuak diren arren, Mendizabalentzat presente dira oraindik ere. Misterio dira. Ez dago beren inguruan esplikazio absolutu ematerik. Kronletxen aurrean, berriz, berebiziko errespetua sentitzen duela azaldu digu.

Oiartzungo   mendietan   azaltzen   diren   kronletx   multzo   bat —berrogeitabosten bat daude— egurrezko estelak bihurtu ditu. ´Kontrelak´ izenekoak. Kronletx eta estela hitzetatik dator Krontela. Bakoitzaren ezaugarriak kontutan hartuz zertu ditu berauek. Hamar estela guztira.

Aldi berean, Intxixuak —horrela deitzen zaie Jentilei Oiartzunen — mitologian kronletxen egileak bezala agertzen direnak, estela modura errepresentatu ditu ere, bakarka zein multzoka. ´Intxixubaratz´ izena dute bigarren hauek. Arbelez eta egurrez eginak.

Pilotaleku ezberdinak estela bihurtuak aurkitu ditugu beste gela batean. Trinketea, plaza-librea, ezker pareta, baita udal-arkupe bat ere, Azkoiztikoa. Pilotaleku izan baita toki hau ere.

Egilearen ustez, pilotalekuaren espazioa hiru ataletan banatu daiteke. Lehen parte batean, espazio hori estela bihurtzen du. Lekuaren estatika azaltzen du gero —leku tentso bat bezala — , eta pilotariaren dinamikaren zain dagokeen lekua azaltzen digu azkenik.

Pilota errito bat da, espazio batean gauzatua. Pilotalekua hortaz, sinplifikatu, sublimatu eta sinbolo bihurturik estela bihurtu du artista honek. Eskultore den aldetik, errealitatearen eraldatze bat burutu du. Halaxe gertatzen baita pilota jokuan ere, bere ustetan.

Pilotariaren dinamika adierazi ahal izateko, egurra eta arbela erabili ditu. Jokaldien berotasuna egurraren bitartez lortzen saiatzen da, egurra gai beroa baita. Arbel beltzaren hoztasuna, frontoiko pareten hoztasuna transmititzeko erabili du.

Goiko solairuan, Argizaiolak eta Argelak aurkitzen ditugu. Argizaiola, etxeko sua eliza eramateko egurrezko pieza bat da. Gizakion gogoaren berotasun eramalea kontsideratua ere. Kontu profanoa zelakoan, eliza kristauak debekatua behiala. Argela, finean, argizaiolaren estela baino ez da. Berean, ikusle norberak antzeman behar du non gelditu den sua. Argelaren itzala eta argia arteko hutsunean ote?

Agencia: prismacm