Categorías >

Exposiciones en el País Vasco

Búsqueda:

"GIPUZKOATIK ZUBEROALA"

A. ORMAETXEA

Egunkaria. Larunbata.1995eko abuztuaren 26a

 

 

"GIPUZKOATIK ZUBEROALA".

 

 

"OBREN PROZESUA AGERIAN JARRI BEHAR DA"

 

Anton Mendizabalek azken urteotan eskultore gisa landu dituen 50 bat obra gerturatu ditu Maulera, Zuberoako hiriburu txiki eta xarmant honetara, eta bereak ez diren antzinako argizaiola ugari ere erakusgai jarri du, Donostiako San Telmo museoaren baimenarekin.

'Gipuzkoatik Zuberoala' erakusketa Uztaro Arteko Atelierrak eta Uhaitza Kültür Etxeak antolatu dute eta irailaren 3a arte ikusi ahal da. Ondarearen etxean eta Uztaro galerian ikus daiteke, hiru ataletan banatuta: cromlechak, argizaiolak eta pilota. Ondarearen etxean daude lehenengo biak, eta Uztaron bestea.

 

EGUNKARIA.— Azaldu atal bakoitza.

 

 ANTON MENDIZABAL— Cromlecharen gaian cromlecharen instalazioa bat dago, nik Oiartzungo mendietan jasotako harriekin egindako harresi biribil bat da hau. Honen alboan pantaila bat kokatu dut eta hemengo irudia sua da uneoro. Askok diote suak zerikusia bazuela cromlecharekin eta horregatik ipini dut. Gela honetan dago baita ere eraikuntza hauek nolakoak ziren eta nola egiten zituzten erakusten duen bideoa. Bost minututan ikusleak hitzik gabe ikus dezake zer izan zitekeen cromlech bat. Nik gai honi buruz egindako obra batzuek ere osatzen dute atala eta cromlech egileak omen zirenen (intxixuak) zurezko eskulturak egin ditut.

Gero, argizaiolaren gaiak bi alderdi ditu. Bata bene-benetakoa edo herrikoia litzateke, benetako argizaiolaren txokoa alegia. Hauek San Telmo museotik ekarritako zortzi pieza dira eta beren erabilera argitzen duten marrazkiak ere badaude. Benetako argizaiolen ondoan nire aportazioa dago. Prozesu bat azaltzen dut hemen, argizaiola nire eskuetan irekitzen denetik eskultura bilakatzen den arteraino. Argizaiola sintetizatu, hustu egiten dut pixkanaka eta eskultura bilakatu. Argizaiolaren interpretazioa egiten dut funtsean.

 Nire ustez, saiatu egin behar dugu ez artearen azken emaitza besterik gabe erakusten, horren prozesua agerian jartzen baizik. Hau da, nola insten da 'artisau' bat emaitza bat lortzera? Besterik gabe? Ez. Ezinezkoa da prozesu osoa ateratzea, baina zerbait atera dezakezu. Gaia herrikoia denean eso garrantzitsua da lanaren abiapuntua agerian jartzea, horren oinarriak non hartu dituzun azaltzea.

Pilotaren atalean, bestalde, pilotalekuaren espazioa landu dut: ezker paretak, trinketea, plaza libreak; pilotalekuetan dagoen espazio hori erabili dut eskulturetan. Pilotaren gaiarekin egin ditudan lan batzuk ekarri ditut Maulera, ez guztiak.

 

 EGUNKARIA.— 'Gipuzkoatik Zuberoala' izenburuak erakusketaren helburuarekin bat egiten du?

 

MENDIZABAL— Erakusketaren helburua da Euskal Herrian gure arteko ezaguera zabaltzea. Bitxia, da, Zuberoan ez dute argizaiolarik, galdu egin da. Baina, badute errito bat suarekin, kandelarekin, argizaiolarekin. Nolabait ere, Ipar eta Hego Euskal Herriko biztanleek elkarrekin ditugun kultura horiek ezagutzea eta harremanetan jartzea aldarrikatu1 nahi dut erakusketaren bidez. Hori bideratzeko bilduma bat eraman behar da eta hartu-emanetan jarri behar duzu museoekin. Beste erakusketa batzuk izaten t dira azkena egin dituzun obrak erakusteko, baina Maulekoa berezia da. Erakusketa artistiko-kulturala da. Urtero egiten dut tankera honetako erakusketa bat. Oso atsegin dut prozesuak didaktikoki erakustea eta mugaz bi aldeetariko biztanleak eta ohiturak gerturatzea. Izan ere, muga hori oso barneratua dugu buruan eta herri bera izan arren, elkarren berri gutxi dugu bi aldeetako biztanleek.

 

EGUNKARIA.— Obra gehienak aspaldian egin dituzu eta jada leku askotan ikusgai egon dira.

 

MENDIZABAL— Bakarren bat badago erakusketa honetarako egin dudana, baina urte askotan egindako obrak bildu ditut. Badira Donostiako Elizbarrutiko Museotik eta Lasarteko Kultur Etxetik ekarriak ere. Obrak bildu egin ditut honela erakusketa osatuagogoa dagoelako.

 

EGUNKARIA.— Zergatik eraman duzu erakusketa Maulera?

 

MENDIZABAL.— Alde batetik oso Zuberoazalea naizelako. Urtero joaten naiz Zuberoako mendietara, neguan ahal dela, hau baita benetako Zuberoa eta ez turismoarena. Zuberoan makina bat lan sortzen dut, badut halako debilidade bat herrialde honetako mendiengatik.

 

EGUNKARIA.— Erakusketa era bitxi batez aurkeztu zen hilaren 5ean.

 

MENDIZABAL—Bai. Gipuzkoako eta Zuberoako bina ordezkarien artean pilota partidua jokatu zen Maulen. Uztaro galerian egin genuen aurkezpen ekitaldia, eta hemen pilota gaiaren inguruko eskulturak daudenez, pilota partidua egin zen. Inguruarekin jokatu genuen erakusketa inauguratzeko. Retegi III eta Unsain aritu ziren Gipuzkoaren izenean, eta Hirigoin eta Etxegarai Zuberoarenean. Arte eredu ezberdinek bat egin zulen pilota partiduan; izan ere, Mikel Mendizabal eta Alkat bertsolariek beren taldearen aldeko bertsoak bota baitzituzten partiduan zehar, eta puntu kontalariak kantatuz eman zuen puntuazioaren berri. Kantu topaketa ere egin zen Jon Bergaretxerekin eta Maddirekin. Honela hartzen du zentzua 'Gipuzkoatik Zuberoala' erakusketak.

Erakusketa ixteko argizaiolaren inguruko mahaingurua egingo da irailaren 1ean Ondarearen etxean. Amoros, San Telmo museoko ordezkariak, Casenave pastoral egileak eta nik neronek hartuko dugu parte.

 

EZKUTUKO MEZUA

 

Anton Mendizabalek zura esku artean hartu eta artisau-lanak egiten eman zituen lehendabiziko urratsak. Taila egilea zela aitortu digu, eta hori zer den azaldu: «Taila egilea da itxuratu egiten duena, altzari bat hartu eta tailaz dotoretu, jantzi egiten duena».

Eskultorea da gaur egun. Bere «buruan bilakaera» sumatu du, altzariak dotoretzea ez baitu lehen hainbat atsegin. «Batere ez», egia esan. «Taila ahalik den gutxien egitea da nire apustua gaur. Nola iritsi naizen horretara? Norberak hainbat bilakaera izaten ditu. Ni gaur egun ez nago batere motibatua kutxa bat apaintzeko, nahiz eta enkargua jasotzen   badut eta bizitzeko behar ba dut egingo dudan. Eta zergatik ez nago motibatua? Zentzurik bilatzen ez diodalako tailatzeari».

Mendizabalek esan digunez, lehenagokoek kutxak sinboloekin tailatu egiten zituzten, baina sinbolo horiek bizitza zuten. «Lauburuak sendatzeko ahalmena zuela uste zen, eta bai eguzkiarekin bai ilargiaren faseekin lotura zuten sinboloek zentzua zuten». Gaur, ordea, indarra eta zentzua galdu dute sinbolo horiek eta dotoretze hutsagatik ipintzen dira.

Argizaiola ere objetu apaingarria bihurtu da Amezketan eta Ugarte inguruetan salbu. Eskultorearen arabera, ordea, argizaiola ez da «ez egutegiaren euskarria ezta objetu apaingarria ere. Argizaiolak gure herriaren sakoneko mezu ezkutu batzuei erantzuten die eta mezu hori isladatu nahi dut argizaiolatik abiatuta landu ditudan obretan. Mezu, misterio, sentipen hori azaldu nahi dut».

Mendizabalen aburuz, tailatutako altzariak eta tresnak politak dira, baina «barne indarrik gabekoak». Juan Gorriti artistari egindako bisitaldiak begiak zabalarazi zizkion eta tailatzeari utzi behar ziola erabaki zuen. Baina, nekatu samarra zegoen ordurako: «Gorritirenean altzariak ikusi nituen eta zertarako tailatu edo dotoretu behar ziren pentsatzen hasi nintzen,  baldin eta egitura aldetik altzaria ederra bazen».

 

           

Agencia: prismacm