Arloak >

Ferias de artesanía

Bilaketa:

ANTON MENDIZABAL: "GUK EZ DUGU ARTISAU-LAN INDUSTRIALIZATURIK MAITE"

J.M. IRIONDO

Deia. 1983 otsailak 20, igandea

 

ANTON MENDIZABAL: "GUK EZ DUGU ARTISAU-LAN INDUSTRIALIZATURIK MAITE"

 

Donostian jaio eta Oiartzunen bizi den Anton Mendizabal, mutil gazte honek, ikastolako lanak aldian-aldian eginez, artisauttza eskuetan eta bihotzean darama.

 

Oraindik orain Bilbon egin den «Itxaslur» ferian ikusi ahal izan genduen, jendaurrean zura landu eta bere lanak erakusten. Beste stand askoren tartean, Arabako Errioxako ardogile baserritarren aurrez-aurre, hantxe aritu zen, egunero-egunero. Eta elkarrizketarako aukera izan genuen:

 

—DEIA: Noiztik duzu artisautzarako afizio hau, Antton?

 

—A. MENDIZABAL: Oso gaztetandik hasi nintzen nire osaba Amenabarrekin. Azpeitiarra zen; eta haretxek erakutsi zizkidan lehenengo pausoak. Gero, ikastolako irakasle ibili naiz urte askotan; eta, oraindik ere lan hori erabat uzteke, orain artisautzan ari nauzu Oiartzungo Tolarieta auzoan.

 

 

Geroz eskulan gehiago

 

—A. M.: Eskulana, geroz gehiago egiten da gaurregun: Kutxa eta kutxatilak, argizaiolak, uztarriak eta etxerako apaingarri asko egiten dugu, euskal-estiloa deritzon honen barruan.

Pieza zahar baliotsuenak ijito eta motxaileek eraman zizkiguten; orain berriak egin behar ba?

 

—D.: Gazte batentzako ez al da lanbide aspergarri samarra?

 

—A. M.: Aspergarria? Bai zera. Oso lan entretenitua da. Imajinazioa lantzen erakusten dizu; eta artearegandik oso hurbil dagoela esango nuke. Ikasten zaila da, denbora askoko lana; baina, zurari gusto pittin bat hartu, erramintak erabili eta lehenengo lan hoiek ikasten dituzunean, hauxe baino lan politagorik!

 

—D.: Eta ikastolako lanak?

 

—A. M.: Ikastola ez dut erabat utzi; baina artisuatzari ematen diot lehentasuna orain. Bi lanak ere ongi uztartzen dira: Neska-mutikoei irakatsi; eta gero beste lanbide honetan neure burua hezi. Artisautzan ez dago mugarik: Eskuak beti trebetzen ari dira, eta imajinazioa ere beti zabaltzen.

Artisaua, nolarebait, artista da. Nik ez nuke inola ere jarriko mugarik bien artean. Kreazio-munduak dira biak ere, eta mundu horretan orpoz-orpo dihoaz.

 

D.: Ikusi ahal izan dudanez, lan guztiak zenbakituak, numeratuak egiten dituzue...

 

—A. M.: A, bai. Hemen ez dituzu aurkituko sekula ere bi pieza berdinak. Konpetizio-mundu honetan horrela jokatu beharra daukagu. Bestela, kopiagailu batekin lan berdintsuak egin eta botatzen hasten zara, eta akabo. Guk ez dugu artisau-lan industrializaturik maite. Eskuz eta banaka-banaka, lan askoren poderioz egiten den hori baizik. Serien argizaiola edo kutxak egiteak hutsa balio du. Guk, «pieza bakarrak» egiten ditugu; eta hori adierazteko, numeratu egiten ditugu. Eta gero, erosleari agiri bat, zertifikatu bat ematen diogu segurantzia gehiago izan dezan. Esan bezela, sekula ez ditugu bi argizaiola, kutxatila eta horrelakorik egiten, berdinak. Hemen aurrean ikusten dituzun hauek ere, denak desberdinak dira.

 

—D.: Errez saltzen al da artesania-lana?

 

—A. M.: Neri dagokidanez, gutxi egiten dut, eta egiten dena eskuetatik eramaten didate. Gainera, egin ere, gehiena edo ia dena, enkarguz egiten dut nik.

 

—D.: Garestia al da egiten duzun lan hau? Zenbatean saltzen duzu?

 

—A. M.: Lan honek eramaten dituen orduak kontatuz, ez da garestia, ez. Baina, kontu egin, dena eskuz egina dagoela, marra eta irudi bakoitza arian-arian gauzatua dagoela. Eta horrela eginez, ez da batere garestia.

 

 

«Itxaslur»en arrakasta ona

 

—D.: Gustora al zaude «Itxaslur»-en izan duzun arrakastez?

 

—A. M.: Honera etorri den jendea, hemengo bisitaria, jende berezia da. Ikustera dator erostera baino areago. Ikusmira zabalago batekin etortzen dira stand-era. Baina, halaxe ere, aldi baterako lanak saldu ditudala esango nizuke. Enpresak izan dira gure eroslerik onenak, gero erregaliak egiteko. Baina artisau-ferian, han bai etortzen da jende oso interesatua. Galdetu, zer lan egiten duzun eta nola ari zaren ikusi, eta azkenean, komeni bazaie, erosi egiten dute. Hoietan komunikazio gehiago izaten da artisaua eta eroslearen artean. Baina, egia esan, hemen ere gustora nago.

 

—D.: Zein feria dira zuentzako onenak?

           

—A. M.: Berezienak, Donostian eta Errenterian egiten direnak, hemen Euskal Herrian behintzat.

 

 

 Eskolak sortu beharra

 

—A.  M.:  Artisauen lana, taila hauek denak kinka larrian daude gaurregun. Industrializazioak mendean harrapatu gaitu; eta eskolak ere falta dira ikasi nahi dutenentzako. Laguntasuna behar da, eta laguntasun Publikoa gainera. Eta horrela izanez gero, aurrera aterako ginake. «Eros ezazu artisau-lana» ez litzateke slogan txarra izango. Gurealdetik eskolak eskatuko genuke berriz. Kontsumismo munduak, imajinazioa erabat errendu digu, eta aurrera irtetzeko zailtasunak daude. Zarautzen oraintsu egin duten bezela, herriko tailista eta artisau guztien erakusketak moldatuz lan polita egin daiteke. Donostian zergatik ez beste horrenbeste? Eta Azpeitian! Eta beste herrietan?

 

—D.: Eusko Jaurlaritzak atzerrira joateko aukerak emateko asmoa duela ere jakin dugu

.

—A. M.: Bai. Aurki Frantzian egingo den feria edo erakusketa batetara joatekotan omen da jendea. Oso ondo dago hori. Baina kanporako bideak egiten direnean, hemengo artisau zaharrak ezagutzera ematea ere ona izango litzateke. Guk nonbaitetik ikasi behar dugu. Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu.

 

 

Eroslearekin harremanak

 

-- A.M. Beste gauza bat, askotan buruan bueltaka erabili dudana, zera da: Honelako lanetan ari garenok, gero erosle izango denarekin harreman gehiago beharko gendukela, alegia. Esate baterako: Diseinua elkarrekin egin, erosle izango denaren iritziak entzun eta lan horretan aplikatu. Oso beharrezkoa izango litzateke hori egitea. Eta hala, lan hori zurean plasmatzea materialki nik egingo badut ere, lana nirea eta erosle izango den horrena da. Ez al da askoz ere politagoa?

 

 

Agentzia: prismacm