Arloak >

'Frontones Oteiza' en Azkoitia

Bilaketa:

PILOTAREN OHORETAN

JUAN LUIS ZABALA

Berria. 2004ko irailaren 12a

 

PILOTAREN OHORETAN

 

Urtarrilean hasiko dira, Azkoitian, Euska Herriko Pilotaren Zentroa eraikitzeko lehen faseko lanak: Anton Mendizabalek diseinatutako sei pilotaleku esperimental eraikiko dituzte.

 

Aspaildiko amets eder handi bat gauzatzeko puntuan sentitzen dira Carlos López de Ceballos arkitektoa eta Anton Mendizabal eskultorea, datorren urtarrilean hasiko baitira, ezeren okerrik ez dela, Azkoitiko Aingeru kalean —Gurea frontoiaren aurrealdean—, Euskal Herriko Pilotaren Zentroa izango dena eraikitzeko lanak. Bien artean egin dute zentroaren diseinua López de Ceballosek eta Mendizabalek, pasio handiz bizi dituzten bi zaletasun uztartuz: batetik, pilota eta pilotalekuak; bestetik, Jorge Oteizaren lana.

2004ko abenduan esleitu, 2005eko urtarritean hasi eta 2006ko udarako amaitzea espero diren lanak proiektu osoaren lehen faseari dagozkio: sei «pilotaleku esperimental» eraikiko dituzte, Mendizabalek diseinatuak. Lehen faseko lanen finantzaketarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren babesa lortu du Azkoitiko Udalak. Lanen aurrekontua 3.200.000 eurokoada.

Euskal Herriko Pilotaren Zentroaren eraikuntzaren bigarren fasea plaza libre baten eraikuntza izango da —lur azpiko aparkalekua egitearekin batera, egun azalean dagoenaren ordezkoa—; eta hirugarrenak hainbat elementu hartuko ditu: trinketa, pilotari buruzko museoa, erakusketa gela, Azkoitiko pilotari eskolaren egoitza, federazioetakoak...

Bigarren eta hirugarren fasea gauzatzea funtsezkoa izango da, López de Ceballos eta Mendizabalen ustez, guztiak benetan zentzua izan dezan. «Azken batean, lehen faseko eskultura, pilotaleku esperimentalen multzoa, zentroaren osagarritako bat da, eta ez alderantziz», azaldu du Mendizabalek. «Gure ustez, zentroak benetako premia bati erantzungo dio, gaur egun, ikerketarako edo dena delakorako, pilotaren inguruko gauzak bilatu nahi dituenak ez baitu erreferentziarik, ez daki nora jo. Dagoen material guztia sakabanatuta dago». Bigarren eta hirugarren faseen aurrekontua zazpi milioi euro ingurukoa izango da. Bigarren fasearen aurrekontuari Azkoitiko Udalak egingo dio aurre, baina hirugarrenaren finantzaketarako Eusko Jaurlaritzaren babesa eskuratzeko premia eta itxaropena du Azkoitiko Udalak. Intxausti jauregia zaharberritzeko, inbertsio handia egingo du Jaurlaritza Azkoitian, baina horrek ez luke aitzakia izan behar, Asier Aranbarri Azkoitiko alkatearen ustez, Jaurlaritzak Euskal

Herriko Pilotaren Zentroari laguntzarik ez emateko, hirugarren fase hori ez baita 2007 edo 2008a arte egingo. «Gainera, Jaurlaritzakoak, gu bezala, egitasmoarekin  maiteminduta daude», adierazi  du Aranbarrik.

 

Euskal Herriko eskulturarik handienetakoa

 

Anton Mendizabalek diseinatutako pilotaleku multzoa —egitasmo osoaren lehen faseko lanetan egingo da— eskultura erraldoi bat izango da, Euskal Herriko handienetakoa: 55 metroko zabalera, 45 metroko hondoa eta 10 metroko altuera.

«Proiektuaren parte ludikoa da, herrikoia, Oteizaren omenezkoa», adierazi du Mendizabalek. Sinbolikoki, Euskal Herriko lurralde bana ordezkatuko du pilotaleku bakoitzak: arkupeak, Gipuzkoa; zesta-puntako frontoi luzeak, Bizkaia; frontoi klasikoak, Nafarroa; trinketak, Lapurdi; errebote plazak, Zuberoa; zimitoriokoak, Araba.

Pilotaleku ofizialen aldean, txikiagoak dira Mendizabalek diseinatutakoak. Ez dira, ordea, eskalan eginikoak. Ikaspilotaren laguntzaz ikertu du Mendizabalek zein izan daitezkeen neurririk egokienak, pilotalekuek adin guztietako jokalari ez-profesionalen jolas-jokoetarako ahalik eta egoki eta erosoenak izan daitezen. Obra egin eta gero ere probak egingo dituzte, Ikaspilotaren laguntzaz, frontoien neurri egokiak erabakitzeko, m-rrak non jarri zehazteko.

Barruan jendeari pilotan jokatzeko aukera eskainiko dion eskultura izango da, beraz, Mendizabalena. «Orain artean ez da horrelakorik egin berariaz, nahita, guk dakigula behintzat. Nahi gabe bai, arkupeetan, esaterako, horretarako eginak ez izan arren herriak pilotan jokatzeko baliatu baititu».

Pilotalekuak bata bestearekin lotuta egongo dira, eta batetik bestera pasatu ahal izango da, «labirinto batean bezala», Mendizabalek dioenez. Eskulturaren estetikak, oro har, «Oteizaren obra oroitarazten du, haren usaina du», nahiz eta ez dagoen haren inongo lanetan zuzenean oinarritua.

Jendea eskulturaren barruan sartzeko kontua Oteizaren gustukoa litzatekeela uste dute López de Ceballosek eta Mendizabalek. Oteizaren lan askoren instalazioan egin izan du lan López de Ceballosek, eta Oteizak jendea «eskulturaren ondoan» izatea maite zuela dio. «Oteizaren eskulturek beti eskatzen zuten, inguruan, eskulturarekin lotutako espazio bat».

«Eskulturaren barruan sartu ondoren, han barruan zer egin jakingo du, gainera, jendeak», gehitu du Mendizabalek: «Pilotan jokatu. Hemengo jendearen kulturan hori dagoelako. Horrek funtzionatu egingo du, funtzionatu egin behar luke, derrigorrez».

Hormigoi zurizkoak izango dira frontoiak, eta ez dituzte pintatuko. «Hormigoia ondo zahartzea, hormigoiaren zuria modu naturalean zikintzea komeni da, zikin mantxa nabarmenik gabe», López de Ceballosek dioenez. «Dena batera zahartzen bada, apurka-apurka, ez da arazorik izango, bere kolorea hartuz joango da eskultura. Hori da lortu behar duguna».

 

Bi bideren uztartzea

 

Nor bere aldetik abiatuta, abian jarri duten egitasmoan bat egin dute Carlos López de Ceballos arkitektoak eta Anton Mendizabal eskultoreak

 

Azkoitian egingo den egitasmorako aurreneko ideia Carlos López de Ceballosen buruan ernatu zen, duela hamar urte, Jorge Oteizak Miguel Pelay Orozkoren Pelota, pelotari, frontón liburuari idatzitako hitzaurrea irakurri zuelarik. Testu horretan, pilotalekuaren

l barruan sei espazio bereizten ditu Oteizak, eta ideia horrek «liluratuta» utzi zuen López de Ceballos.

Ideia horretan oinarrituta, Izarraitz mendian zazpi pilotaleku eraikitzeko egitasmoa proposatu zion López de Ceballosek Azkoitiko Udalari. «Oteizak bereizitako sei espazio horiek kon-

tuan hartuta, nire ideia zen sei pilotaleku egitea», ekarri du gogora López de Ceballosek, «pilotaleku bakoitzean espazio bati emanik nagusitasuna, eta azkenik eliza bat egitea, santutegi gisako zerbait».  Hasieran egitasmohori bertan   behera geratu zen, finantzaketa   faltagatik, baina 2001ean Azkoitiko Udalak egitasmoa gauzatzeko asmoari heldu zion berriro.

Urte hartako abenduan, Donostiako Kursaaleko Kuboetan Jorge Oteizaren erakusketa antolatu zen garaian, Azkoitiko Udalak egitasmo hura mendian barik herrian gauzatzeko eskaintza egin zion López de Ceballosi.

Nerea Zubizarreta Azkoitiko orduko alkatearen eta Anton Mendizabalen arteko ezagutza ere bideratu zuen Oteizaren Kuboko erakusketak. López de Ceballosen egitasmoaren berri eman zion Zubizarretak Mendizabali. «Pilotaren museoa egiteko asmoa zutela esan zidan», oroitu du Mendizabalek. «Nik, batetik, esan nion egokiagoa iruditzen zitzaidala buruan zeukaten egitasmo hura herrian egitea

mendian baino. Praktikoagoa irizten nion, erabilgarriago. Bestetik, Pilotaren Museoa egiteko asmoa zutela esan zidanean, nik adierazi nion definitu egin behar zutela, erabaki egin behar zutela hura kontu lokala izango zen, edo Euskal Herri osoari zegokiona». Bigarren aukera hobetsi zuen azkenean Azkoitiko Udalak.

Horrela ezagutu zuten elkar López de Ceballosek eta Mendizabalek, eta horrela hasi zen bien arteko elkarlana. Anton Mendizabalek pilotaleku esperimentalen diseinuari heldu zion, eta López de Ceballosek espazio osearen antolakuntzari eta hirugarren faseko etxearen diseinuari. «Gure artean ondo banatu dugu lana, eta elkarrekin oso ondo moldatu gara», adierazi du López de Ceballosek.

Bien artean egitasmorako landutako aurreneko ideiari oniritzia eman zion Jorge Oteizak, 2001ean, hiru ohar egin ondoren. Lehenik, plaza librea non zegoen galdetu zuen, plaza librea izatea funtsezkotzat jotzen baitzuen; proiektuan plaza librea non zegoen erakutsi ziotenean lasaitu egin zen Oteiza. Bigarrenik, pilotalekuek estaliak izan behar zutela ohartarazi zuen, erabili ahal izateko. Eta hirugarren eta azkenik, proiektuak espazio gehiago eskatzen zuela komentatu zuen.

 

Modalitate guztietarakoarauzko frontoiak

 

Proiektuaren bigarren eta hirugarren faseak gauzatzen direnean, Euskal Herriko Pilotaren Zentroak plaza librea eta trinketa ere izango ditu. Horrenbestez, oso eremu txikian, Azkoitia eta Azpeitia artean, pilotaren modalitate guztietarako arauzko pilotaleku ofizialak izango dira, lehendik eginak dauden bi pilotaleku profesionali esker: Azkoitiko Gurea eta Azpeitiko Izarraitz; esku-pilotako frontoi ofiziala da aurrenekoa, zesta-puntako frontoi luzea bigarrena, Azpeitikoa. Euskal Herriko Pilotaren Zentroa eraikiko den orubearen ondo-ondoan dago, gainera, Azkoitiko Gurea frontoia, Aingeru kalean bertan.

 

 

Agentzia: prismacm