Arloak >

Interpretaciones escultóricas de obras musicales

Bilaketa:

1.500 ORGANO TUTURI HIRU GEHITU DIZKIO ANTON MENDIZABALEK

 

 

AMAGOIA MUJIKA

Egunkaria. Osteguna, 2000ko irailak 21

 

1.500 ORGANO TUTURI HIRU GEHITU DIZKIO ANTON MENDIZABALEK

 

 

Donostiako San Bizente elizako Cavaillé-Coll zaharberrituaren ondoan musika barruan daraman PILDAIN ESTELA eskultura ezarri du artistak

 

Atzo goizean, turista batzuk, Donostiako San Bizente elizako korora begira zeudela, harriturik zeuden eskailera batean igota zegoen gizonarekin. Gizon hura — Anton Mendizabal eskultorea — , kobrezko tubo batzuekin sortutako forma amaituetan moldaketa txiki batzuk egiten ari zen. Harridura sortzen zuen eskultura hark turisten onespena zuen, gora eta behera mugitzen zuten-eta burua hari begira zeuden bitartean. "Pildain estela" izena ezarri dio eskultoreak lan berriari, Joaquin Pildain musikagilearen oroimenez, eta San Bizentek izan dituen organo jole guztiei omenaldia egin nahi izan die.

organoari begira jardun zuten,, eta gora igotzea erabaki. Kanpoko itXuraz osoa zegoen Cavaille-Collaren barruko tutuekin egin zuten topo. Horiek dira Renau-Menoret adituak konpontzen ari diren azken tutuak.

1868an Cavaille-Coll organo egile famatuak sortu zuen organoak berrikuntzak behar zituela, eta Nantesko etxea ari da konponketa lanak egiten. Bi urte eta erdiko lanak datorren astean amaituko dituzte, eta haren soinuaz gozatzeko aukera izango dute zaleek

inaugurazio ekitaldian. Tutu guztiak banan-banan garbitu eta konpondu dituzte, eta Cavaille-Coll soinua egokitu. Jose Manuel Azkue organo jolea egunotan soinua probatzen aritu da, eta harriturik dago egin duten lan bikainarekin. «Koro Saenzek ere, San Bizenteko organo jole titular berriak, aukera hori izan du, eta oso pozik dago etorkizunean zainduko duen organoarekin», adierazi zuen atzo Félix Garitano elizako erretoreak. 50 milioi pezeta balio du konponketak (2 milioi libera inguru), adituek lan zaila eta denbora luzea eskaini baitiote organoari. «Diru kopuru handia da, eta buruhausteak eman zizkidan,baina azkenean erabaki genuen aurrera egitea, organo hau ez da-eta alferrik galtzeko modukoa», Garitanok dioenez. Biolinetan Stradivariusak bezain preziatuak dira organoetan Cavaille-Collak, eta Euskal Herrian 18 daude, beste edonon ez bezala.

Anton Mendizabalek bere eskultura ziklo berriko lehen lana egiteko bidean egin du topo organoaren zaharberritzearekin, eta eskultorearentzat oso berezia den gunean ezartzeko aukera paregabea eskaini dio gertakari horrek.

 

Pildain musikagilearen omenez

 

Anton Mendizabal Donostiako Alde Zaharrean jaioa da, San Bizente inguruan bizitako Koxkeroa. Oso gazte zela San Bizente elizara joaten zen Joaquin Pildain organo jolearen doinuak entzutera. Olivier Messiaen musikariaren piezak oso gogoko zituen musikari horrek, eta Pildain hil zela jakin zuenean Messiaen Aparition de l'Eglise Eternelle obra oinarrian hartuta sortu du Pildain estela eskultura. Messiaen entzuten duen oro etortzen zaizkio oroitzapenera oso gazte zela San Bizente koroan organo jolearekin igarotako uneak. Orain leku aproposa dute eskultura eta egilearen oroitzapenek, eta organoaren inaugurazio egunean eskulturaren baitan entzun daitekeen Messiaenen doinua entzungai izango da, Lan berriarekin, musikan oinarritutako eskultura zikloari hasiera eman dio Mendizabalek. Proiektu asko ditu, hainbat zirriborro etorkizuneko lanen gainean.

Obra berria egiterakoan, «buruhaustea nuen hasiera eta amaiera duen musika obra bat nola deskribitu objektu iraunkor batean. Urrats izugarria zen niretzat. Materialak ere egokia behar zuen. Musikarekin jokatu nahian materialak arina izan behar zuen, nolabait haize bihurtzen dena», adierazi zion atzo EGUNKARIARI eskultoreak.

Kobrezko hiru tutu dira eskultura, eta horiek erdialdean goranzko eta beheranzko forma ikusgarriak hartzen dituzte: Messiaenen obraren melodia egitura eta indarraren isla dira. Melodia hori entzun bitartean hartzen du benetako indarra eskulturak.

"Akorde bat hiru aldiz errrepikatzen da, eta erdian diren crescendo-en gora eta beheranzko nota ugarien mugimendua argi bereiztea zaila egiten da. Obraren amaierak hasierako bidea hartzen du". Eskultura behean eta goian mehea da, eta erdian irekitzen dira formak norabide anitzetara, crescendo-arekin batera.

Soldagailuaren beroaz kolore gorriari ateratako urdinak eliza leihotik sartzen diren eguzki izpiek nabarmentzen dituzte. Messiaenen musika obra aberastu egin du Mendizabalen lanak, berezkoa duen kolorea nabarmendu.

 

 

 

Agentzia: prismacm