Arloak >

Interpretaciones escultóricas de obras musicales

Bilaketa:

ETERNITATEAREN BILAKETA

Inprimatu

AMAGOIA MUJIKA

 

Eternitatearen bilaketa

 

Olivier Messiaen musikagilearen jaiotzaren mendeurrena ospatzen ari dira egunotan Parisen; Loic Maille interpreteak eta Anton Mendizabal eskultoreak haren balioa erakutsi dute han.

 

BERRIA. 2008/06/03 

Paris Berriemaile berezia

 

Mouline Rougeren eta Operaren artean dago Saint Trinite eliza, Parisen. Arkitektura aldetik ez du balio handirik, baina akustika izugarria du. Horregatik maite zuen horrenbeste Olivier Messiaen konpositoreak (Lyon, 1908-Paris, 1992); akustikagatik, baita hango espazioa bere obrak sortzeko ezinbestekoa zuelako ere. Debussy, Ravel eta Stravinskirekin batera XX. mendeko musikagilerik garrantzitsuenetakoari Notre Dameko organista izateko eskaintza erakargarria egin zioten, baina nahiago izan zuen Saint Triniten jarraitu. 62 urte egin zituen han organo obrak interpretatzen eta konposatzen, eta egunotan hantxe jotzen ari dira haren obra integrala.

Joan den osteguneko kontzertua izan da bere omenezko ekitaldirik garrantzitsuena, adituek bere organo musikaren testamentutzat duten La Livre du Saint Sacrament-en interpretazioa. Loic Maillek jo zuen, Messiaenen ikasle izandakoak. Gaur egun bere obra ondoen ezagutzen dutenetakoa da Maille. Bi orduko obra interpretatzen zuen bitartean, berriz, Anton Mendizabal donostiarraren hiru eskultura argiztatu zituzten aldarean, obra horretan inspiratutako piezak. Joan den aste osoan erakutsi ditu Mendizabalek Messiaenen omenez egindako eskulturok eta beste batzuk.

Bitxia izan zen emanaldia; oso bitxia; bi giro ezberdinen nahasketa. Messiaenen doinu berritzaileen jarraitzaile asko zeuden batetik, musikagileak asko. Bestetik, elizkoi sutsuak, Messiaenek musikaren bidez adierazi zuen mezua sentitzera joandakoak. Katolikoak malkotan, musikazaleak kontzentraturik, partiturak jarraitzen. Erretratatzeko aukerarik eman ez zuten argazki esanguratsua; izan ere, bi munduok barneratzen baititu konpositoreak.

Bachen obrak luteranismoarentzat duen pareko garrantzia dauka Messiaenenak katolizismoarentzat. Ez dago konpositoreak musikaren bidez irudikatu ez duen Bibliako pasarterik, baina kontakizun horretarako erabili duen hizkuntza berritzaileak erlijioarekin zerikusirik ez duen balioa eman dio.

 

ETERNITATEA. Eternitatera hurbildu nahi zuen Messiaenek, eta hori ez zen posible erritmoaren ordura arteko kontzeptuarekin. Iraupen nozioa kendu, eta denboraz kanpokoaren bidez egin zuen ariketa hori, ezinezko zerbaiten bila zebilela bazekien arren.

Erritmoaren tratamendua, hala ere, ezin da ulertu Messiaenek barneratzen dituen beste elementu batzuk kontuan hartu gabe. Harmoniaren kolorea erritmoaren arritmiarekin banaezina da. Tonu aldaketen eta akordeen hamaika adiera erabiltzen ditu, denak erresonantzia naturalaren bereizgarriak bilatu nahian. Naturak ez du erritmo erregularrik, ez bihotzak, ez arnasak, eta naturaren interpretazioari zergatik ezarri berea ez den mugimendua? Naturaren kolorea ere mugagabea bada, zergatik itxi kontzeptuetara? Oso esanguratsua da bere maisulanetako batek Kronokromia izena edukitzea: denboraren kolorea, alegia.

Eternitatea eta natura ziren bere obsesioak. Musikagile bezainbeste sentitzen zen ornitologo, eta bidaia asko egin zituen txorien soinuen azterketak egiteko.

Bidaiak egiten zituen eskolek uzten zioten denbora librean, konpositore eta interprete izateaz gainera, irakasle preziatua baitzen Messiaen. Parisko kontserbatorioan irakasten zuen organoa eta konposizioa, baina bere eskoletan hamar lagun baino ez zituen onartzen. Lehiaketa bidez aukeratzen zituen ikasleak, eta kopuru hori baino gehiago izatekotan, azterketatik kanpo geratu ziren atzerritarrak soilik onartzen zituen: «Urrutitik nire eskolak hartzera etorritakoak ezingo ditugu ba besterik gabe etxera bidali», esan ohi zuen.

 

ASMATZEKO AGINDUA. Loic Maillek, beste ikasleek bezala, gogoan du ikasgaia. Tradizio klasikoa izan ohi zuten ikasleek, ongi ikasiak ziren denak, baina ez Messiaenentzat. Ikasleek konposizio bat aurkezterakoan, zorrotz aztertu, eta gehienetan hauxe ondorioztatzen zuen: «Bai, hau guztia oso ondo dago, baina betikoa da. Hurrengoan beste zerbait ekarri, zerbait berria». Berak egiten zuena aplikatzen zuen eskoletan.

Saint Triniten entzundako obretan oso nabarmen geratu dira haren izaera, musikaren ezaugarriak, eta obra horien bitartez erakartzen dituen bi munduen jatorria. Bere alarguna zegoen kontzertuko entzuleen artean: Yvonne Loriod pianista. Eskuak mugituz jarraitu zuen kontzertu osoa, eta hunkiturik txalotu amaieran, gainerako publikoarekin batera. 92 urte ditu Loriodek, baina omenaldia ez zuen galdu nahi izan, eta amaieran, Anton Mendizabal agurtu nahi izan zuen, bere senarraren obran inspiratuz sortutako eskulturei buruz hitz egiteko. Loriodek bidaietan txorien soinua grabatzen laguntzen zion Messiaeni, eta bere konposizioen interpretea ere izan da.

Saint Trinitateko Cavaille-collean konposatutako hamaika organo obrak ez dira inondik inora, baina, konpositorearen sorkuntza bakarrak. Piano sonatek, orkestrarako sinfoniek eta opera lanek osatzen dute bere katalogo amaigabe eta aberatsa. Eragin handia izan zuen Pierre Boulez, Iannis Xenakis eta Karlheinz Stockhausen konpositoreengan, besteak beste, eta bere musikak sari askoren errekonozimendua izan zuen, nahiz eta gaur gaurkoz, bere obrak ez dituen mereziko lituzkeen adina jarraitzaile.

Literatura irakasle eta poeta baten semea zen Olivier Messiaen, eta edozein adierazpen artistikorako giro paregabean hezi zen. 11 urterekin hasi zen musika ikasten, eta 18rekin egin zuen lehen konposizioa. Bigarren Mundu Gerran preso hartu zutenean sortu zuen Quautor pour la fin du temps, ezagun egin zuen lana.

Concert a quatre, flauta, oboe, biolontxelo eta orkestrarako obra idazten ari zela hil zen. Yvonne Loriod alargunak eman zion amaiera senarrak hasitakoari.

 

Agentzia: prismacm