Arloak >

Interpretaciones escultóricas de obras musicales

Bilaketa:

EZ JO MUSIKA, UKITU EZAZU

  • Data:2008-07-20
  • Idazlea:GORKA BEREZIARTUA

GORKA BEREZIARTUA
"SOINUAK SOIN ERAKUSKETA"

"EZ JO MUSIKA, UKITU"

Argia. 2.146 zenbakia.2008-07-20. Erdiko kaiera


Musika denboran gertatzen dela esaten dute, eskultura berriz, espazioan; segundoei bezain ondo erreparatzen die Anton Mendizabalek
metroei; notei bezain ondo materialei. Biak sinbiosian ikusiko ditu abuztu honetan Donostiako Kutxa-Boulevard aretoko Soinuak Soin
erakusketara hurbiltzen denak.


 OLIVIER MESSIAEN musikagilearen sortzetik mendea joan da; haren lanetan oinarrituta egin ditu erakusketako eskulturak Mendizabalek. Zergatik
Messiaen? Erantzuna gaztaroan: Joaquin Pildain Donostiako San Bizente elizako organo-joleari esker izan zuen konpositorearen berri. Diferentea
iruditu zitzaion: musika arkitekturarekin lotzen zen, zuri-beltza kolore bihurtzen. "Organoa aurrera begira ipini zuen" dio Mendizabalek. Konpositorearen
obra gehiago ezagutzen joan zen neurrian -ahotsarentzako edo beste instrumentuentzako egindakoak- zirrara sentitu zuen: "Sentsazio
berriak sortu dizkit musikaren barnean; erritmoen
aberastasuna, natura eta txoriarekiko miresmena,
kaosaren gardentasuna, espazioa..."
 
Baina sentsazio horiek nola bihurtzen dira eskultura? Lan bakoitza osatzeko bide ugari erabili dituela azaldu du. "Adibidez, Les deux Murailles
lanean
, hiru ikuspuntu jorratu ditut batera; partitura (akorde kontrajarriak), istorioa (itsasoan bi ur-horma irekitzea), eta sentsazio fisikoa (beira funditua)";
argazkian ikus daiteke emaitza. Musika entzunaz mundu propioa eratu du eskultoreak. Bere ustez utzi egin behar zaie doinuei barnera etortzen,
ondoren entzuleak bere irudi, testura eta istorioak sortzeko.
 
Ekainean Parisko Trinitate elizan konpositorearen omenez antolatutako ekitaldira joan zen, abuztuaren 8tik iraileren 14ra bitartean Donostian erakutsiko
dituen lanetako batzuk berarekin hartuta. Eliza hura izan zen Messiaenen musikaren espazio naturala, 61 urtez jo baitzuen hango Cavaillé-Coll organoa.
Horregatik, udako erakusketaren erronka nagusienetakoa musika eta konposizio horiek espazio berri batera egokitzea izango da. "Argien
jokoekin, espazio magiko bat lortu nahi dugu. Bestetik, eta audio-giden bitartez, ikusleak erakusketa ikusten duen unean, Messiaenen musika-espazioaizango
du lagungarri..

Zeruaren eta lurraren artean, jainkoaren eta gizakiaren erdibidean, egitura zehatzekin eta askeekin dantzan. Horrelakoa zen Messiaen. Mendizabali
iruditzen zaio "dikotomia nagusi baten dialektikan" zegoela beti. Antzeko zerbait gertatzen da bere entzuleekin ere: Parisko omenaldiko kronikek
azaldu zutenez, erraza zen musikaren alderdi teknikoaren ala espiritualaren jarraitzaileak nor ziren desberdintzea; aurrenekoak adi-adi ari ziren entzuten;
bigarrenak, malkotan.

Ekitaldi hartan enkontru gogoangarria izan zuen Mendizabalek Yvonne Loriod-ekin. Pianojole eta Messiaenen emazteak gozo hartu zuela gogoratu du.
"Nire frantses txarrean eskulturatxo batzuk egin nituela esan eta erakutsitakoan, haiei begira ipini eta gero biratu eta ezertxo ere esan gabe maitasunez
beteriko begirada zoragarri bat eskaini zidan. Ez dut ahaztuko..

2000. urteko Pildain estela eskulturarekin abiatutako bidearen azken emaitza da udako erakusketa. Donostiaren ondoren Baionatik eta Valladolidetik (Espainia)
pasako da, eta ostera Parisera itzuli. Mendizabalek ez daki aurrerantzean Messiaenen musikarekin lanean jarraituko duen ala ez.
Geroz eta aukera gehiago ikusten dizkio,
"baina noizbait planto egin beharra dago" 


Gorka Bereziartua

Agentzia: prismacm