Categorías >

La relación con Oteiza

Búsqueda:

PILOTALEKUA BEREZ ESKULTURA BAT DA

  • Fecha:1997/06/14
  • Autor:LOREA AGIRRE

 

LOREA AGIRRE

Egunkaria. Larunbata, 1997-ko ekainak 14

 

 

 «PILOTALEKUA BEREZ ESKULTURA BAT DA"

 

 

 

Anton Mendizabalek pilotaren inguruko egitasmo eskultoriko eta sinboliko interesgarria du abian

 

Pilotalekua, pilota tresnak eta pilotariak. Hiru gai nagusi horiek hartuta, Anton Mendizabalek, hamar urtetik gora eramango dion egitasmo eskultoriko eta sinbolikoa darama aurrera. Bidearen erdia egin du eta orain artean egindako hainbat lan ikusgai daude Donostiako Kutxaren egoitzan bihar arte.

 

ANTON MENDIZABALEK 90eko hamarkadaren hasieran abian jarritako egitasmo eskultorikoa, egin beharreko bidearen erdira iritsi da. 2000. urtetik aurrera amaituko duelakoan dago eskultore oiartzuarra. Lan eskerga eta interesgarria da Mendizabalek esku artean dua, eta ezagun du neurria hartu diola hasieran hain zabal eta handi ikusten zuen pilotaren gaiari. «Pilotaren mundua hain da zabala, nire buruari muga batzuk jarri behar izan dizkiodala», adierazi dio EGUNKARIAri Anton Mendizabalek. «Hiru gai nagusi hartu ditut eta modu konkretuan tratatu; gainontzeko gaiak hor geratu dira, beste norbaitek helduko die, egitasmo hau "ez  baita hemen inolaz ere bukatzen».

Hiru gai nagusiak hauek dira: pilotalekua, pilota tresnak eta pilotaria. «Gai bakoitza ikusmira bikoitzetik tratatzen dut. Estatikoki batetik: eskultura estatiko horiek izango lirateke, estelak; sinboloak, denboraren gainetik daudenak, iraunkorrak... Dinamikoak dira beste eskulturak, mugikorrak, momentuan gertatzen dena jasotzen dutenak». Metodologia hori aplikatuz osatuak ditu dagoeneko Pilotalekuaren Estatika (bost eskultura) eta Pilotalekuaren Dinamika (11 eskultura) sailak. Pilota tresnen saila ere hasia du —burutua du erreboteko botilo edo botarriaren estela— eta pilotariena hastear. Horiek guztiak dira Kutxako Garibai kaleko egoitzan ikusgai jarri dituenak, Oteizaren lanekin batera.

 

Pilotalekua inoiz ez dago hutsa

 

Pilotalekuaren estatika sailekoak estelak dira, «hotzak edo neutroak» eskultorearen esanetan. Pilotalekuak dira; Mendizabalen galbahetik igaro eta gero sortu diren pilotalekuak dira eta egurraren —haritza—, bihotza eta zerrenda objetu eskultorikoaren gune indartsuenean kokatzen dira, pilotalekuaren erdian. Horrekin, pilotaleku orok berez duen tentsioa islatu nahi izan du Mendizabalek. Izan ere, Mendizabalen ustea —eta baita bere gogoeta eskultorikoaren oinarria ere— zera da: pilotalekua inoiz ez dagoela hutsa. «Libre egoten da. Eta libretasun horrek dei bat botatzen du jokatzera Joan zaitezen eta hor tentsio bat dago. Hutsa ez da definizio egokia, nahiz eta frontoian inor egon ez. Nire lan guztia hutsetik oso urruti dago. Sarritan esaten didate Oteizaren antza duela egitasmo honek, baina ez dakit, nik uste bilaketa deserdina dela erabat. Ni ez noa hutsaren bila.

Pilotalekuaren Dinamika sailean, berriz, jokaldiak agertzen dira, dela pilotakada, dela ezkerrez txokora, dela bi pareta, dela ezker gantxoa... «Eskultura hauek beti dira hiru planokoak: ezker pateta, frontisa eta zorua. Jokaldi bakoitzean espazio dentsitate handienak eta desokupazioak non gertatzen diren islatzen saiatu naiz». Jokuak agertzen dira. «Egurrarekin eginak daude eta horrek bizitza duela esan nahi du, iluntasun bat eman diot egurrari hala ere, paretaren hoztasun eta gogortasun hori adierazteko. Pilotariak ez du beretzat pilotaleku osoa; puntu zehatz batzuk izaten ditu buruan pilotariak, espazioa mugatua du eta frontoiaren zati handi bat soberan izan lezake. Psikologikoki frontoiak forma desberdinak hartzen ditu pilotariaren buruan, estutu egiten da, urrutiratu, zabaldu...». Horren adierazgarri 11 eskulturako sorta hori da.

 Pilota tresnen saila abian duela, hura bukatu orduko pilotariarena hasiko du. Giza neurriko eskulturak Izango dira eta atal horretan saiatuko da emakume pilotariaren irudia ere sartzen, «eta orain berriro haurren artean-eta badirelako pelotan aritzen diren neskak».

Dudarik ez da Mendizabal pilotazalea dela, baina zerk bultzatu du egitasmo eskultoriko hau egitera? «Pilotaren mundua izugarri aberatsa da, bereziki eskultore

 batentzat; baita pintore eta Idazleentzat ere, eta horren adierazgarri da oso sarritan tratatu duten gaia dela; zer esanik ez bertsolaritzaren mundua. Pilotaren mundua beti izan da oso eraginkorra sorkuntza lanetara-ko, eta bereziki eskultore batentzat». Zergatik da hain eraginkorra? «Pilota gertatzen delako eskultura baten barnean. Pilotalekua berez eskultura bat da. Eta pilotalekua une oro aldatu egiten da, pilotariak egonda edo egon gabe».

 

Musikaren inguruko saila

 

Mendizabalek egitasmo luze hau Kutxa Fundazioarekin duen hitzarmen bat dela medio eraman dezake aurrera, bestelakoan ezinezko izango zuelakoan dago. «Zorte handiz Kutxak interesa hartu du nire proiektu honekiko. Tratu bat dugu. Sail bakoitzeko hamar eskultura erosten dizkit». Guztira 30 bat eskultura jasoko ditu Kutxak, eta ziurrenik Azpeitiko Antxieta kultur etxean egitekoak diren pilotaren museoan laketuko dituzte. Mendizabalek sortzen dituen eskultura bakoitzeko 24 maketa txiki eraikitzen ditu eta gero salgai jarri modu eskurakorrean.

Hamarkada bat baino gehiago eramango dion pilotaren egitasmoa bukatzerako badu buruan hurrengo lana. «Musika izango da gai nagusia. Musika eta eskultuaren artean harreman handiak sumatzen ditut «ta iruditzen zait bi arteak direla oso espazialak. Lan handia izango dut eskultura sail bat egiteko. Ez dakit nahiko talentu izango dudan buruan dudana egiteko».

 

 

OTEIZAREN "ITACA" MAHAIA

 

KUTXA FUNDAZIOAK Garibari eta Arrasate kaleko egoitzetan azken hiru urtetan eskuratu dituen artelanen erakusketa paratu du. Gaur izango du ikusleak azken eguna bertara hurbiltzeko. Aretoak goiz eta arratsalde zabalik izango ditu.

Anton Mendizabalen lanak eta Oteizarenak dira, dudarik gabe, erakusketa honetako lanaipagarrienak. Kutxak, aukera aprobetxatu du ondarean dituen Oteizaren lan guztiak bistaratzeko. Eskultore oriotarrari eginiko azken erosketa Itaka izeneko harrizko eskultura zirraragarri bat da; Oteizak berak mahai moduan erabiltzen zuen. Guztira 167 artelan daude ikusgai, eskultura eta pinturak. Egile, estilo eta teknikak anitzak, pentsa litekeenez, Kutxak erosketak bere ondarean dituen hutsuneen arabera egiten baititu. Erakusketa areto arduradun den Maribi Arkaiak adierazi digunez, saiatu dira «ikusleari erakusketa koherente bat eskaintzen, nahiz eta oso erakusketa heterogeneoa den». Bienabe Artia, José Etxenagusia, Rogelio Cordón, Francisco Iturrino, Asensio Martiarena, Montes Iturrioz, Daniel Txopitea, Fernando de Amarica, Xabier Santxotena, Ricardo Ugarte, Koldobika Jauregi eta Ramon Zuriarrain dira, besteak beste, ikus daitezkeen koadroen egileak. Horrelako erakusketak hainbat urtetatik behin egiten ditu Kutxak, artelanen katalogazioa egiteko.

 

 

Agencia: prismacm