Mendi zabalera abiatu nintzen egun batez
eta, alderik alde nenbilela,
udazkenaren basoan galdu nintzen.
Basoko argiunean isolatuta, neure baitan bildurik,
ilunsentiko argi-itzalen liluraz bete nintzen.
Eta inguruko irudi erraldoi, itzaltsu-hieratikoak ere
-gorpuzkera estilizatuz, aurpegiera duinekoz-
argi-itzalen liluraz bete ziren, halaber, basoaren erdian:
itxuraz bizigabeko izaki erori haiei -orbeletan eroritako izakiei-, bat-batean,
eskultura biziaren arnasa -izena eta izana- eman zitzaien dohainik
ene begi itxien aurrean.
Eta izaki lerden haien baitako eraztun zentrokideetatik
doinu eta musikak hedatuz eta hedatuz joan ziren, kiribil uhinetan
-urmaeleko zirkuluak bailiran-:
gorputzadarretara eta azalera lehenik,
azaletik airera gero, haizearen hegoetan kulunkan.
Eta musika, eta haizeak zeraman argizari-lurrina, biak bat egin ziren basoan.
Eta giro hordigarri honetan, haitzuloetako Basajaunaren begirada zorrotz pean,
demiurgo-arotzak -okil zurginaren gaitasunarekin-
pilota-erreminten formazko -xistera, zesta, xare, erremonte- hutsuneak...
tarteak... arrailadurak... barrunbeak... zuloak... tailatu eta eraiki zituen, hatz markez,
eskulturen bihotzean:
zuloak eta hutsarteak, muxar eta kattagorrien ohantze eta gordeleku;
txori eta hegaztien habia eta pausaleku;
jentil eta intxixu lotsatien ezkutaleku... zuloak eta hutsarteak...
(Lekuko ziren animalien zein narrastien arrastoak, hegaztien txio eta kantuak,
itzalen aztarnak, argizarizko musika isilaren oihartzunak...
Baita basoko beldur-ikara, krudelkeria, heriotza-hilketak ere...: oro ziren leluko.)
Nire senera etorri eta begiak ireki nituenean,
Goierriko erakustareto hartan aurkitu nintzen bete-betean,
eta alboko mendiko piramidearen begiak argi zenitala zegien
-ilargi zuriaren argia-
Aiako Harriaren mairu baratzen itzalpeko eskulturgilearen eskuz
arnas hartutako izaki bizidunei.
Eta basoaren erdigune bihurtu zen, udazkenean, aretoa.
Eta egunak eta ilargiak igaro nituen
aretoko basoan
eskultura bizidunen artean.
1999
IMANOL IRIGOIEN