BREHIZKO MEGALITO IKUSGARRIAK ETA GURE KRONLETX UMILLAK... BAKOITZARI BEREA
Anton Mendizabal
Oiartzun 97. Urtekaria. 1997
Gaurko honetan, joan den uda parteko kontuak dira lerro hauetara ekarri nahi dizkizudanak, irakurle. Xanistebanak pasa berriak ziren. Udaletxean, bretoindar artisten lanak ikusteko parada izan genuen eta erakusketa biltzen ari ginen bitartean jaso genuen euren gonbidapena:
"Hurrengoa zuen txanda dela ez ahaztu gero..."
Karaez aldera bueltatxo bat ematea egoki litzatekeela pentsatzen hasi ginen orduan; aretoa ikusi, kideekin elkartu, aurrerapauso batzuk eman... Oporraldia aprobetxatzeko modu aproposa izan zitekeen hura, ez da?
Berehala ohartu ginen ere, bidaia harekin, aspaldiko asmo sakon bat betetzeko aukera ezin bobea aurkezten zitzaigula:
"Eta Karaezko bidean, hain famatuak eta garrantzitsuak diren Brehizko magalitoiei bisitaldi serio eta lasai bat egingo bagenie, zer?"
Asmo honen aldeko azken bultzada, OIARTZUN 96 urtekarian, Andoni Lekuonak idatzitako "Gure arbasoen langintzak" lan interesgarria irakurtzea izan zen:
"Bai, aurten bai... ezin galduko dugu ba honelako zoria!"
MONTENEUF aldera hasi genuen bidaia, Andoniren erreferentziei jarraituz.
Errepide bazterrean, bat batean, aurrez aurre ikusitakoak, harri eta zur utzi gintuen. Zer zen hura?... Halako "menhir" erraldoien lerroketa eta ugaritasunaren aurrean, txunditurik gelditu ginen)
"Dedio! Hau beste maila duk motel!... Hemen lasai ibili beharra zegok!"
Gozatualdi oparo baten aurrean geundela konturatzen ginen. Zentro nagusi bat aukeratu eta, patxadaz, presarik gabe ibiltzea merezi zuela pentsatzea izan zen hurrena.
Gure aukera kostaldea izan zen; MORBIHANGO itsas-golkoa hain zuzen ere. CARNAK herriko kanpin batean bota genituen egun liluragarri haiek.
Eguraldi mundiala. Turista askotxo ere baina kotxea alde batera utzi eta txirrinduaz baliatuz, kosta partean zabaldutako hainbat eraikuntza ikusteko eta sentitzeko parada aparta izan genuen.
Hura gozamena! Zer esan? Nola adierazi han ikusitakok eta sentitutakoak? Karaezko asmoak bertan behera gelditu ziren. geure denbora osoa MORBIHAN inguruan pasa baikenuen (Karaeztar lagunei barkamena eskatu beharrean gaude... hurrengo batean...).
Han ikusitakoak sortutako eragin eta harriduraren arrazoi sorta doakizu jarraian:
KANTITATEA: CARNAC herriaren inguruan, adibidez; 3.000 menhir, 6 tumulu, 16 dolmen...
KALITATEA: Ederrak, dotoreak: bereziki dolmenak; KERKADO, LA TABLE DES MARCHANDS...
TAMAINUA: ST MITCHELgo tumuloaren luzerak: 125 m. Zabalerak: 60m. Altuerak: 12m. LOCKMARIAQUERKO menhir hautsiaren altuerak: 18 m. Pisuak: 350 T. KERLESKANEKO kronletxak: 250 metrotako diametroa...
ZAHARTZAROA: 4.000/ 5.000 urte Kristo aurretikakoak...
EREMUA: CARNACKO lerroketak: 15 kilómetro...
BARIETATEA: Era guztietako megalitoak: MENHIRRAK; bakarka edo lerrokatuak. DOLMENAK, TUMULOAK , KRONLETXAK, LAUKIAK: MANIOKOA adibidez.
MISTERIOTASUNA: Zenbait teoría, zenbait argibide, zenbait ikerketa, baina ezer garbirik ez...
KONSERBAKETA: Zenbaitzuk, harrigarriki ongi kontserbatuak. Lan hau oso serio hartua dute bretoindarrek: Badugu non ikasia!
A zer nolako betealdia adiskide! Honelako eraikuntzen zale bazaitugu, hortxe duzu paradisua! Ni neu behintzat, bueltatzeko eta beste zenbaitzuk ikusteko (ikusitakoa zatitxo bat besterik ez omen) irrikitan nago.
Honelako ikuskizun ikaragarria baten aurrean, non gelditzen ote dira gure Egiar, Oieleku, Elorritako gaina, Arritxulagaina, Errenga, Harritxurieta, Kauso eta beste hainbat kronletx-gune mirestuak?... Zera lagun, ezin gara beti gonparaketetan ibili. Kasu honetan behintzat, gonparatzea ez dela oso egokia deritzot, BAKOITZAK BEREA BAITU...
Nik neuk, MORBIHAN inguruko eraikuntza megalitikoak, eta orokorrean, antzeko gizalanak (gureak barne), gehien bat sentipen eta sentsazio aldetik aztertzen ditut; erromantikoki, nahi baduzu. Alderdi zientifikoak ere interesatzen zaizkit noski, baina lan hori serio egitea beste batzuei dagokie. ESTETIKA alderdia, ARKITEKTURA ESKULTORIKOA edo ESKULTURA ARKITEKTONIKOAREN ikuspegia, AIREAN DAGOENA, ESPLIKAZIO OSO ZEHATZIK EZ DUEÑA, SORTZEN DUEN GIRO ETA ERAGINA... Horiek dira neri gehien arduratzen nauten ikuspegiak.
Gauzak honela hartuta, MORBIHAN inguruko megalito ikusgarri haiek, "harriduraz" eta "liluraz" gainera, "urduritasunaz" ere ikusten nituela esan behar. Batzuetan, deseroso sentitu izan nintzen haien aurrean. Zergatik? Nolatan hori?
Ba begira; zenbaitetan, eraikuntza harrigarri haiek, gaurko zibilizazioarekin tartekatuegiak topatu nituen, bere jatorrizko ingurugune espazial eta girotik oso urrun... urrunegi... Adibide batzuk adieraziko ditut:
Dolmena etxe ondoan. CRUCUNO
Tenis-pista kronletx harnean. ST.PIERRE QUIBERON
Menhir-lerroketak karrika artean. CARNAC.
Baselizatxoa tumuloaren gainean. ST. MICHEL
Tartekatze bortiz hauek, eraikuntzen eragin estetiko eta espirituala oztopatzen dute, monumentua bera "traba" bihurtuaz...
Beste alde batetik, kultura bakoitzari dagokion eraikuntza propio horien "estilo" nahasketa gehiegizkoa egiten zitzaidan... Euren arte-hizkuntza eta norabide estetiko konkretuak dastatzeko zailtasuna, handiegia alegia: Kronletx erdi itxia hemen, hangoa arraultze forma duena, hortxe dolmena, hareaxeago laukia, atzetik menhir lerroa... Benetan galduta senti ohi nintzen behin baino gehiagotan, nahaste harren aurrean. Adibide nagusi bat datorkit burura berehala: KERKADOKO dolmen aipagarria, kronletx batez inguratua eta menhir bat gainean (?).
Badakit askorentzat, hau guztia, aberastasun ikaragarri baten adierazgarri dela, eta ziur aski arrazoia dute. baina niri, nahasketa hauek "urduritasun" galanta sortzen zidaten. Kasu berezi haietan, begiak itxi eta neure barruak "auñamendiar" eraikuntzeetara alde egiten zuen:
"Non zegok gure kronletx xume eta umila?"... nion nire buruari.
"Non haren kokagune bakarti eta paregabea? Non haren zirkuluaren perfekzioa? Non haren isiltasuna eta kontenplazioa? Non haren estilo finko eta eraginkorra?..."
Zera aizu; kornletx xume, eta era berean, aberats hori, hemen dago, hemen dugu, gure inguruan, gure mendietan
Konparazioak ez direla beti egokiak izaten, genion lehentxeago; artea ez baita numero kontua. Eman diezaiogun bakoitzari berea eta kitto! Nik gauza bat adierazi nahi dizuet lerro hauekin amaitzeko; MORBIHANGO marabilak ikusi ondoren, eta haiek nigan sortutako harriduraren liluran, are eta gehiago estimatzen ditut gaur gure "harritxoen" baloreak.
KONTURATUKO OTE GARA NOIZBAIT GURE ARBASOEK UTZI DIZKIGUTEN ERAIKUNTZA HORIEN BALORE IZPIRITUALAZ?
Antn Mendizabal
Eskulturgilea