Arloak >

Literatura

Bilaketa:

EDERTASUNARI BEGIRA. LEKUKOAK

HEMEN. Erlijio gogoetarako aldizkaria

"Edertasunari begira"

22 Apirila - Ekaina 2009

 

 

 -  Nola hasi zinen eskulturak egiten?


        Ez zen gauza konszientea izan. Irakaslea nintzen bitartean, osabarekin zizelkari ofizioa ikasi nuen eta egur-artisautzan murgildurik aurkitu nintzen  ia ohartu gabe. “Argizaiola”k egiten nituen beste euskal objetu etnografikoen artean eta pieza honen misteriotasunak bultzatu ninduen bilaketa -eta sorkuntza- munduan beldurrik gabe murgiltzera.

 

 -   Zer egin nahi duzu eskultura eginez?


       Eskultura lanbide bat izateaz gainera,  expresiobide bat da niretzako. Barruan daukadan indar bat kanporatzea albideratzen dit eskultura egiteak. Lantzen ari naizen gaiaren interesak bultzazten nau alde batetik, eta besteei zerbait esateko beharrak ere bai. Dena den, bada eskultura egite honetan jolasaren zantzu garrantzitsu bat ere. Askotan ez dakit zertan ari naizen eskulturak egiten ditudanean , zertarako balio duen horrek eta norentzako balioko duen, baina sakoneko behar bati erantzuten dio,eta  behar horren osagai serio bat da ere jolasean jardutea. Gizakiaren funtsean dago jolas egitea. Haurrek jolas egiten dute inongo lotsarik gabe. Guk ere badugu jolasaren ahalmena eta beharra, naiz eta askotan alboratua edo galdua dugun.

 

-   Eskulturak nola adierazten du, adierazten badu, nolabaiteko espiritualtasuna edo transzendencia?

 

      Eskultura bera da, hastekoz ,espiritualtasunari erantzuten dion zerbait. Zertarako da bestela? Objetu bat egiten dugu, baina objetu hori zer da? Egituraketa personal bati erantzuten dion materia-manipulazio espazial bat besterik ez. Zertarako balio duen? Ideiak, sentipenak, oroimenak…transmititzeko. Nola daiteke, ordea, espiritualitatetik edo traszendentziatik mundu sentsorial eta ukigarrira pasatzea? Saiatu behintzat saitzen gara salto izugarri eta magiazko hori egiten. Espiritualitatetik materiara, sentsazioetatik  konkreziora, ideietatik forma plastikoetara… horretan aritzen gara jolasean. Gero gure jolasaren emaitzak besteen aurrean aurkeztera ausartzen gara gainera. Orduan guk sortutako objektu eskultorikoak, bigarren bizitza bati ematen diote hasera, alderantzizko bidaia bati,  ikusleak biziko duen ibilbide berri eta pertsonal bati. Eskultura-objetu horren aurrean  ikusleak espiritualitatea, sentipenak, ideia eta oroimenaren lilura berriak senti ditzake. Eskultura-gauzaki hori liluraren makina bihurtu da, ikuslearen jolas sakonerako abiapuntu.

 

      Adibide gisa aipatuko dut neure azken eskulturekin egin dudan bidaia liluragarria.  Gai nagusia Olivier Messiaen-en  musika izan dut. Hasteko, musika bera eskulturara pasatzea, hau da, denborazko bibrazio batzu k espazialki egituratutako materia bihurtzea oso jolas erakargarria izan zait. Horrekin batera, Messiaenek berak erabilitako gaiak; transzendentzia, transustanziazioa, ingrabitatea, hutsa, infinitotasuna, kosmoaren kolorea, aingeruen usaina eta antzekoak…liluragarriak izan zaizkit, naiz eta ni fededuna ez  izan . Bere jolas fin eta sakonak  erakarri nau, bai bere musikaren ederrak eta honek sortutako sensazioak ere.  Hortik aurrera eta nire talentuaren neurrian saiatu naiz lilurazko saltu hori ematen, eta bibrazio eta espiritualitate hori guztia eskultura bihurtzen. Gauza ez da hor amaitu, ordea, ikusleak ematen baitio orain bere barnean hurrengo urratsa. Zenbaitetan, nire eskulturak gai izan dira alderantzizko bidea eragiteko, eta zenbait musikari saitu izan da nire eskulturetatik abiatuta musika-inprobisaketak egiten… Non eta noiz amaitzen da jolas hau guztia?  Noraino eraman gaitzake espirituaren eta materiaren edo bibrazioaren arteko jolasak?

 

 Anton Mendizabal (eskulturagilea)

Agentzia: prismacm