Arloak >

Literatura

Bilaketa:

EUSKALDUN BERRIARI ESKER ONA ETA AITORTZA

  • Data:2006/11/11
  • Idazlea:JUAN MARI IRIGOIEN





EUSKALDUN BERRIARI ESKER ONA ETA AITORTZA

I

Munduan badira heroi handiak, miresten ditudanak:
Ghandi, Martin Luther King edo "Che" Guevara; badira,
halaber, beste batzuk, jende askok heroitzat hartzen
dituenak eta nik batere miresten ez ditudanak,
Napoleon, esate baterako, heroitzat ere ez dudana,
egia esan, kriminal handitzat baizik, Azoresko hiru
errege magoak bezalatsu, misilak gamelutzat
dituztenak, derradan, bide batez. Eta badira, azkenik,
heroi txikiak, anonimoak, egunerokotasunari lotuak
bizi direnak, eskuzabaltasun handiz, eta nik neuk
heroi handitzat ditudan horiek bezainbeste miresten
ditudanak. Gaurko Euskal Herrian, euskaldun berria
heroi txiki horietako bat da, halakotzat jo dute
behintzat Bizarrain kultur elkarteko kideek -zorionak
guztiei, bide batez, hain ideia bikainagatik-, halako
eran, non hemen Altzan monumentu bat eraikitzea
pentsatu baitzuten euskaldun berriaren ohoretan.
pentsatu ez ezik, pentsamendua gauzatu ere bai,
hementxe dugu froga, Antton Mendizabalen eskultura
berdingabea bitarteko -Antton nire laguna da,
konturatuko zineten-, ea ekitaldi honen oihartzuna
Euskal Herriko beste herri batzuetara zabaltzen den,
lau haizeetara.

II

Badakigu politikari eta ez-politikari askoren berri:
euskararen alde mintzatu arren,
nahi lukete euskara hilotz:
hortzik erakutsi gabe
-hizkera politikoki zuzenenean betiere, hori bai-,
erakusten dizkigute mila hortz,
sentiarazten gaituzte geure herrian eta geure lurrean
arrotz.

Beste batzuek, aldiz,
euskararen alde agertu ez ezik,
egin ere egiten dute euskararen alde zerbait ilusioz,
Kilometroak, Nafarroa oinez.:
guztiak ere ongi etorriak betoz!
Horietako batzuek, gainera,
ekin ere ekin diote euskara ikasteari gogoz,
nahiz eta azkenean bidean geratu diren motz,
"joan naiz a la playa",
"nik semeari erosi naiz galtzak".
baina nor-nori-nork da-eta, mekauen zotz!

Badira, azkenik,
euskara ikasteari ekiten diotenak
zintzo eta zorrotz
baita helmugara iristen ere,
euskaldunon boz eta euskaldunon poz:
euskaldun berria da,
euskaldun berri maite-maitagarria,
Altzako talaia honetatik
biziki goratzen dudana,
ez baita euskararekin hotz,
ez baitu nahi euskara dezaten lurpean ehortz,
baizik eta hots egin dezan,
hots eta hots,
euskara ikasteko
izan baitu adore eta izan baitu bihotz,
bihotzean euskara daramanak
bihotzean monumentu bat daramalakotz;
ni bezalako jende askoren ustetan,
Euskal Herriko herri bakoitzean
beste monumentu bat merezi duelakotz,
euskaldunokin ezti baita eta ez mingots:

zu, euskaldun berri hori,
euskaldunon boz eta poz,
boz eta poz,
poz.

(Pausa)

Monumentu hau edukazio onari -galde diezagutela
bestela guri, euskaldunoi-, ekologiari -hizkuntza oro
herri baten arimaren zuhaitza da- eta
sentiberatasunari eraikitako monumentu bat ere bada:
azken esaldi honek ez du errimarik osatzen, baina bego
horretan.

P.D.: Aurreko hitzak uler nahi ditzanak gogoan izan
beharko du Victor Hugok Euskal Herrian zehar 1843an
egin zuèn bidaian esandakoetatik zerbait, esaldi hau,
adibidez: "Esaiozue hitz bat euskaraz mendian
baserritar bati: esan aurretik gizon bat zinen, esanda
gero anaia". Puntu horri dagokionez, euskaldun askok
berdin-berdin segitzen baitugu, baita menditik
hirirako jauzia eginda gero ere.

Agentzia: prismacm