Categorías >

Literatura

Búsqueda:

ORGANO MUSIKA ETA ESPAZIOA

ANTON MENDIZABAL

Pagourte. 2002/01

 

Pantaila handi batean gozatu ahal izan genuen emanaldia, baina begiak itxita gozatu zuenik ere izan zen; ni, adibidez. Begi itxi horien atzean zein hausnarketa dauden azalduz idatziak dira ondorengo lerroak...

La Trinité elizan nago, Parisen. Hemengo organista izan zen Olivier Messiaen konpositore handia 1931 eta 1992 urteak bitartean. Bi Cavaillé Coll ditu eliza honek; bat handia koroan, bestea txikia aldare ondoan (Oiartzungoaren bikia dirudi). Hileta bat ari dira ospatzen. Cavaillé Coll txikiaren soinu biribilak espazioa nabarmentzen du, oso gustura nago...

Nik musikaren eta espazioaren artean lotura sakonak sumatzen ditut. Musika ez da materiala; DENBORAN gertatzen den bibrazio-energia bat da. Instrumentuak badira materialak, baina ez dira musika, hau ahalbidetzen dutenak baizik.                                     Eta espazioa? Zer da espazioa? Ba, nire ustetan, espazioa ere energia bat da; LEKUAN gertatzen den energia. Arkitektura, eskultura... energia hori ahalbidetzen duten bitarteko materialak dira, baina ez dira besterik gabe espazioa. ´Espazio´ kontzeptua ez da neurri gauza, tentsio kontua baizik.                                                                                                Bi energia tipo hauek funts ezberdina badute ere; DENBORA musika eta LEKUA espazioa elkarrekin oso ongi eta sakon uztar daitezke; adibidez, organo musika eliz espazio batekin. Agian hauxe da niretzako era horretako uztarketarik egokienetakoa. Arkitekturak (eliza), bere tentsio espazialaren bitartez, musika (organoa) kokatu, bildu, girotu... dezake lekukotasuna emanez. Musikak, berriz, eraikina denboran eraldatuko du, honen muga materialak eta neurri fisikoak gaindituz. Bi energia hauen harremanak hirugarren bat sortzen dute: ESPAZIO-DENBORARENA. Musika bibraziozko energia bat dela diot. Energia horren bitartez, ordea, gauza asko eragin daitezke; oso ezberdinak, gainera. Nola ahaztu musika, neurri handi batean, sentipenen eta eder-tasunaren adierazle denik? Espresionismo sentiberaren aldetik entzuten badugu, jotzailea ikusteak asko laguntzen duenik ezin dut ukatu. Organistaren aurpegi eta soin mugimenduaz ohartarazteak musikaren sentiberatasunean murgiltzen laguntzen digu, eta asko gainera. Baina musika entzuteko modu ESPAZIAL bat ere badago, sentikortasuna bigarren mailan uzten duena eta arkitekturaren mugak arintzen, loditzen, argitzen, iluntzen, betetzen, husten, zabaltzen, estutzen sumarazten duena; kontzeptu horietako ezer izan gabe, horiekin harremanetan jarriz.
"Eliza iluntzen da, begiak ixten ditut, neure barneko espazioan murgiltzen naiz, ez dut ezer ikusten, non eseria nagoen ere ez dakit, hegalari gisan espazioan nabil, nire barruko espazioarekin, elizaren espazio zabalean musikaren bitartez airean...".
Nik hegan egitea erabakitzen dut ia beti organo kontzertu batean... Zuri-beltzeko musika iruditzen zait organoarena (aldiz, kolorezkoa orkestrarena). Argazkigintzaren modura (ikus bestela Juantxo Egañaren espazioak), zuri-beltzak espazioaren tentsioa hobeto, sakonago, zuzenago islatzen duela iruditzen zait. Organoa bizkarrean, ikusten ez dela, elizaren iluntasunean, musika goitik, alde guztietatik dator: ABSTRAKZIO OROKOR ZURI-BELTZ ESPAZIALA... Nolatan begiak ireki? Akabo hegaketa!
Dena dela, uste dut alderdi´ kurioso eta ikusgarriak alde batera utzirik, pantailak erreboluzio bat dakarrela organo-musika entzuteko eran. Espresioaren lagungarri da eta alde horretatik,oso interesgarria. Entzule multzoa asko zabaldu dezake, eta entzuketa bera aberastu. Gainera, organo musika espazialki entzun nahi dugunok oso erraza daukagu; begiak itxi eta kito!

La Trinité. Paris. 2001/10/31

Agencia: prismacm