Arloak >

Literatura

Bilaketa:

PILOTA ETA ESPAZIOA. Gogoeta bat edo beste...

PILOTA ETA ESPAZIOA. Gogoeta bat edo beste...

 

ANTON MENDIZABAL

Jakin. Maiatza-Ekaina 1995

 

"Espazioaz" idaztea gauza serioa dela dudarik ez dago.  Batek baino gehiagok pentsatu ere pentsa dezake ez ote garen ur handiegitan sartuko lantxo honetan... Baina lasai har ditzagun gauzak eta «espazio» hitzak duen sakontasunari ez diezaiogun beldurrik izan, laister konturaruko baikara nola-halako «espazioaren» aldeko sentsibilitate baten jabe bagarela eta.

 

Badugu gainera euskaldunok aukera paregabea «espazioaren» muinekin harremanetan jartzeko. Izan ere, gauza jakina da herri honetan gehiago edo gutxiago gehienok pilotarekin zerikusia izan dugula eta badugula. Ohizko partidu eta kirol alderdi hutsari baino pilotaren inguruneari begirada sakonxeago bat ematen badiogu, geure joko nazionalaren aberastasun paregabeaz ohartuko gara, eta bide batez, «espazioaren» zenbait ikuspunturekin topo egingo.

 

Handik edo hemendik has gaitezke gogoeten haritik tiraka, ordena handirik gabe gainera, lan honen asmoak ez baitira gaia agortzekoak edo gehiegi sakontzearenak inolaz ere; lehen geldialdi pentsakor bat eragitekoak baizik. Ikusiko dugunez gainera, «espazialki» hain aberatsa den pilotaren inguruan, naiz handik naiz hemendik, berehala aurkituko dugu «espazioaren» kontzeptuekin aurrez aurre jartzeko parada.

 

Nonbaitetik hasiz beraz, hitz-aspertuetan denbora gehiegirik galdu gabe, PILOTALEKUARI eman diezaiokegu lehenen begirada berezia

.

Aspaldidanik datorkit niri behintzat, «pilotaleku-espazioaren» aldeko lilura. Donostiako «Gros» frontoi famatuaren garaiak ziren haiek. Aita pala motzeko pilotaria zen eta maiz joaten zen pilotaleku eder hartara koadrilarekin entsaiatzera. Artean, oso mutikoa nintzelarik sarritan eramaten ninduen berarekin saio haietara. Saioa amaitu ondoren eta aldageletan pilotariak dutxa hartzen zuten bitartean, pilota astun eta gogor haietako bat hartu, eta beste eskutik pala astuna arrastaka neramala kantxaratzen nintzen pilotaleku BAKARTI, LIBRE eta ISIL hartara, han eta hemen lardaskan ibiltzera.

 

Aldageletako ate iluna igaro eta ARGI-ILUN artean azaltzen zitzaidan «espazio» ERRALDOI hark sortzen zizkidan hotzikara, harridura eta lilura bizi-bizian errepikatzen zaizkit maiz oraindik ere, zenbait pilotalekuetan sartzerakoan.

 

HUTSEZ BETERIKO «espazio» LIBREA... ZAIN-ZELATAN dagoena... SAKRATUA... TENTSIOZ bizia...

 

Egia esan behar badut, pilotalekuetatik aparte, oso leku bitxi eta berezietan sentitu izan dut honelako kategoriazko «espazio» sentsaziorik... Chartres, Santa Sofía, San Marcos, Arantzazu... bezelakoetan agian?

 

Ez dut uste ordea «pilotaleku-espazioaren» nabarmentze berezi horren somaketa neure gauza partikular bat denik inondik ere, ziur bainago lantxo honen irakurleen artean antzeko zerbait sentitu duen bat baino gehiago ere badagoela. Sentsazio konpartitu bat ere badela uste dut.

 

Ez ahal dugu edozein garai edo lekutan egon dagoen pilotalekua LIBRE ikusten dugun bakoitzean, ZELATAN-ZAIN dagoen «espazio» horren deia sentitzen edo?

 

Zergatik daramagu batek baino gehiagok eskura, badaezpada ere, motxilan, zakuan, auto-guanteran... pilota bat? Ez dut uste pilota jo eta aurrera-atzera ibiltzeko  gogo jolastiar sinple baten posibilitateak bultzatzen gaituenik, badaezpada ere, pilotatxo, hori eramatera...

 

Dei ezkutu eta berezi horri erantzuteko aukeraren ezinbesteko zuzena da pilota. Errito ukitu bat duen ekintzaren aukera sakonagoa emango digu pilotak, pilotalekura hurbiltzerakoan, kontenplazio hutsak baino. Pilotak, «pilotaleku-espazioaren» sentitzaile pasibo izatetik, «espazio» honen partaide eta eragile aktibo izatera garamatza. Pilota, geure BARNEKO, ASPALDIKO, EZKUTUKO «espazioarekin» harremanetan ipiniko gaituen tresna sakratua bihurtzen da.

 

Baina «pilotaleku-espazioaren» sentitzaile isilak izatea ere oso barnean daramagun zerbait dela esango nuke. Pentsa dezagun lasai orain honi buruz.

 

Geure Euskal Herriko herritxo batera inguratzen garenean, ia derrigorrez bi «espazio arkitektonikoren» bila abiatuko gara zuzenean; Eliza eta pilotalekuaren bila alegia. Badirudi, bai bata edo bai bestea falta bada, herritxo hori sakonean osatzeke dagoela.

 

Elizak, urteen eta gizaldien poderioz definituriko estilo arkitektonikoen adibide dira, eta batzuk gehiago, gutxiago besteak, euren zentzu sakratua dela batetik, edo balore artistiko-arkitektonikoak direla bestetik, bere bisitaldia erraz ulertarazten dute.

 

Ohizko erlijio-arte kontzeptuen araberan, errito eta arkitektura ikusgarri eta ornamentazioan oinarrituriko kontzeptuen arabera alegia, justifikatzen al du pilotalekuak ia derrigorrezkoa zaigun bisita hori? Ez dira beraz pilotalekuko arkitektura honen ñabardurak, ikusgarritasunak, apaindura miresgarriak edo bere soluziobide tekniko harrigarriak bisitara bultzatzen gaituztenak. Zerk deitzen gaitu orduan pilotaleku aldera, monumentu-ikusketa errito baten antza ere baduen zerbait ez bada?

 

«Espazio-aberastasun» ikaragarria dauka pilotalekuak. HAN, nonbait, geure barruaren URRUTIAN dirauen ESPAZIO-GUNE SAKRATU baten arrastoan ipintzen gaitu pilotalekuaren SENTITZE soilak. TENPLU MONUMENTAL edo ARKITEKTURA ESKULTORIKO honek, apaindurez bilutsik, eskema hutsean, zuzenki, sotilki... geure izate ezkutu eta misteriotsua sentiaraztera garamatza, bere «espaziozko» ISILTASUN MUGAGABEAN.

 

Berriro diot ordea, gogoetaren hariarekin jarraituz, ez dudala uste hauek neure burutapen soilak direnik. Ziur nago «pilotaleku-espazioaren» kutsadura eta bortxakeriak ikusi eta entzuterakoan asko garela han, nonbait, geure barneko txokoren batean ZASTAKO bat sentitzen dugunak.

 

Bai noski... jakin badakigu... arrazoiak ulertzen ditugu... a zer «remedio!... leku egokiagoen faltan pilotalekuak bete behar dituela «polikiroldegi», «antzerki-areto», «maskarada-leku», «peri», «azoka», «zinematoki», «erromeria», «mitin-leku», «jangela nagusi», «elizkizun-gune», «dantzaleku»... eta abar luze baten paperak baina... 4aren eta 6aren koadroen artean oholtza bat ikusten dugunean... edo stand baten atzetik 7aren koadroa serio-serio azaltzen zaigunean... edo bazkari erraldoi horietako batean txokoan, txapa ondoan  jaten ari garela konturatzen garenean... edo... ez al dugu han geure barruko leku ezkuturen batean ZAST labur baina mikatz bat sentitzen?

 

Pilotalekuaren zorua, eskubaloi, futbito, saskibaloi... marrez sareturik ikusten dugularik, edo hormak, esne, pattar, gazta, barazki, banku eta auto, egunkari-iragarkiz... edo ikurrin, pankarta, pintadaz... apaindurik ikusten ditugularik, han, nonbait ZAST! bat sentituko dugu. Beste batzuetan berriz, erabat asaldatu ere asaldatuko gara, pilotalekuan «porteriak», «saski-zangoak» edo «autoak»! ikusten ditugunean...

 

Erraza zalgu bortxakerien zerrenda honi jarraipena ematea, eta seguru nago azkar bururatuko zaizkigula horri eransteko beste ZASTATEKOEN arrazoi gehiago, nahiz eta maiz, pilotalekuan egiten diren beste aktibitate horiekin konforme egon.

 

ZASTATEKO horiek dira geure «pilotaleku-espazio» horren sensibilitatearen lekuko. Bortxakeria/katsadura horiek, deuseztu, ezabatu, desegin egiten dute ESPAZIO SAKRATU SAKON horren lilura eta presentzia, zenbait katedraletan, ornamentazio-gehiegikeriak, estandarte, alfonbra, zintzilikario eta abarrek, «espazioaren» mistikotasuna hausten duten moduan.

 

Utzi dezagun baina oraingoz, «pilotaleku-espazioaren» gogoetatxo hauen jarraipena beste baterako. Pilotaren mundua oso zabala eta aberatsa dela genion, eta beste era bateko gogoeta «espazialak» egiteko aukera oparoa eskaintzen digunez gero, inguratu gaitezke oraingo honetan pilota-jokora zuzenean.

 

Azter ditzakegu, gainbegiratu azkar batez, bai jokoan, bai jokoa bera deskribatzeko eta aditzera emateko erabiltzen diren hitz batzuen «espazio-edukina».

 

Zerrendatxo hau aurkeztuko dizuet gaurkoan;

 

HUTS (kale, fallo...)

 

«Pilotalekuaren espazioaz» gogoetan aritu garenean, HUTSEZ BETERIKO «espazio» LIBREAREN ideia aitatu dugu. HUTS egitean, HUTSA BETE beharrean, pilotarekin asmatu beharrean..., HUTSA HUTS utzi dugu,

 

Negazio totala beraz; ezereza. Agian, pilotaren gauzarik ezkorrenetakoa eta lotsagarrienetakoa izan daiteke HUTS egitea

.

Batzuetan, keinuak badu HUTSAREN antza, baina antza besterik ez da, bigarren sekuentzia batean lagunak HUTS hori BETETZEN badu. BETEKO ez balu ordea?... hara keinua HUTS parregarri bihurtua.

 

BETE (zeharo nekatu, indarrez hustu...)

 

Hitz honek eta bere erabilpenak adierazten diguten dialektika, «okupatze-desokupatzearena» alegia, oso berezia eta sakona dela uste dut. HUTSEZ, indar-ezaz, BETE, zeharo egin da. «Espazio» gogoeta bikaina oraingo hau ere.

 

AIDE (bolea, sotamano)

 

A zer-nolako diferentzia aidez edo botean jotzerakoan! zailtasun teknikoak alde batera utzirik, AIDEZ, «espazio» jatorrizkoa, zuzena, garbia, kutsatu gabea BETETZEN saiatuko gara.

 

Botea eman ondorenean berriz, bigarren eskuko «espazio» batekin ari gara. Boteak, bi «espazio»-mota bereizten ditu garbi-garbi. Maiz, bigarren eskuko «espazio» hori, zoruaren arabera, botearen arabera, kalitate eskasagokoa izan daiteke; nolabait ere zikindua... Ikusi besterik ez dago zer-nolako garrantzia ematen dioten aideko jokoari «laxoan» eta «errebotean» aritzen diren jokalariak...

 

MOZTU(txapa gainera, lurrera...)

 

Zer mozten du pilotariak?... pilota bera hala «espazioa»?... «espazioa» noski... Pilotak osorik dirau... MOZTU duena «espazioa» izan da; pilotalekuan sega antzeko bat pasa bailuen, gaineko «espazioa» ezabatuz...

 

ZABALDU (eskubi aldera zabaleratu, ezker-paretean, edo ezkereskubi aldera, plaza librean...)

 

Aurreko hitzean egin dugun gogoetaren antzekoa egin daiteke orain ere. Ez da pilota ZABALTZEN, «espazioa» baizik.

 

BILDU (ekarri, indarrez baino gehiago direkzioz...)

 

BOROBILDU, LASAITU, GOZATU... «espazioa».

 

TXOKO (ezker paretaren eta trinketearen mikroespazioa...)

 

Definizioz da «espaziala» hitza hau. TXOKOA; «espazio-zelula» definitua, misteriotsua, gordea... sorpresaz beteriko «espazio-altxor kutxa»...

 

Honela jarraituko genuke ildo «espazial» honetatik gogoetetan segidan, edo beste batzuetan murgilduko ginateke berehala.

 

Pilotariak, «pilotaleku-espazioaren» eskulturgileak, pilota zizeltzat daukatenak eta soinez, hankaz eta besoz «espazio» bereziak definitzen dituztenak...

 

Pilotaren soinuak adierazi ditzakeen «espazio» kalitate eta dentsitateak...

 

— Jokalari eta ikusleen oihuek gorpuzten dituzten «espazio--tipoak»... edo...

 

 

Zuk zeuk jarrai zenezake zerrenda hau... baina beste batean izan beharko du, lantxo honen mugak direnak dira eta.

 

«Espazioaz» hitz egitea gauza serioa dela genioen, gogoeta hauen hasieran, baina PILOTA tartean delarik, kontzeptu hauetara inguratzea ez da hain arrotza egiten, ez da?

Agentzia: prismacm