Arloak >

Literatura

Bilaketa:

PILOTAGUNEEN SINFONIAN

  • Data:2007-06
  • Idazlea:ANTON MENDIZABAL

ANTON MENDIZABAL

"JORGE OTEIZA FRONTOIAK"

Gipuzkoako Foru Aldundia. Diputación Foral de Gipuzkoa.

2007

 

 

 

 

 

PILOTAGUNEEN SINFONIAN                                                                                              1

 

 

 

OTEIZA PILOTAGUNEAK pilotariz beterik zeuden. Hura zen hura mogimendua eta jokatu beharra! Jokatu nahi nuen baina ez zegoen leku librerik. Aulki batean eseri eta begiak itxi nituen,  pilota eta oihu haien hotsen sinfonia entzuten nuen bitartean. Bazuen zalaparta hark nolabaiteko egitura musikala. Basoko txorien kantuen antzekoa edo erreka baten koxka eta saltoak sortzen duten soinuen moduko zerbait zen hura. Zalaparta orokor bat bai, baina bakoitzaren  erritmo eta egitura propioen ordenetik zetorrena. Pilotagune bakoitzak bere hots, erritmo eta tinbre bereziak zituen, ondokoaren ezberdinak, eta guztiak batera pilotagune-sinfonia alaia osatzen zuten; kank! ni! klak! jo! txang! klax! utzi! kank! eman!

    Sinfonia harren  hotsez inguraturik, pixkanaka nere gogoetetan murgildu nintzen gozo-gozo. Nola iritxi gara honeraino? Bai, agian lauzpabost urte nintuela hasi zen guztia. Oso argi gogoratzen dut. Aita pilotaria nuen, palista, afizionatu mailean ongi aritzen zen  haietakoa. Astero bi egunetan entrenatzen zuen beste pilotariekin Donostiako “Gros” frontoian. Maiz entrenamendu haietara eramaten ninduen. Saioa amaitu ondoren eta aldageletan zeuden bitartean, han gelditzen nintzen ni, frontoi zuri, erraldoi eta zirraragarri hartan bakar bakarrik. Argiak itzalirik, lehioetatik sartzen zen argilun misteriotsu batez betetzen zen espazio hura. Han hemenka ibiltzen nintzen, aitak utzitako pilota nola hala paretaren kontra kolpatzen, eta hark sortzen zuen oiartzuna argilunarekin lotzen zen. Korrika ere ibiltzen nintzen kantxa erraldoi hartan galdurik, frontisetik errebotera, espazio harren handitasunaz jabetu nahirik eta ezinean edo…Geroztik, askotan pensatu izan dut, PILOTAZ egitasmoa bera eta baita OTEIZA PILOTAGUNE hauek, haur sensazio haien nolabaiteko gauzatzearen ahalegin bat izan direla.

 

“Frontela” eta “Pilotaz”

 

    Aitaz gainera, nire osaba Alejandro Amenabar ere erremontista profesionala zen, Abrego famatuaren garaikoa. Giro hartan normala zen beraz ni neu ere pilotan aritzea, eskuz haseran eta palaz ondoren. Alejandro osaba ordea, erremontistaz gain egur-tailista ere bazen. Hark erakutsi zidan ofizio hori maneiatzen. Tailagintzaz gainera eskultura egiten hasi nitzenean, lehenengotariko eskultura batean, 1983.ean, frontoiaren gaia hartu nuen. Eskultura hartan,  nonbait ere gorderik nituen haur sensazio haiek atera ziren bapatean. FRONTELA izena  eman nion (Frontoi-estela), espazio harrekiko nuen miresmenak, frontoia zerbait erlijiosoa bezela sentitzera bultzatzen  ninduen. Aitari eskeni nion eskultura hura. Uste dut lan hontan daudela, gero  PILOTAZ egitasmoan  bai OTEIZA PILOTAGUNE hauetan erabili ditudan zenbait kontzeptu eta estetika bideak; hormen esanahia, tarteen eta argilunen jokoa, txapazpiko hutsunea, txokoen tentsioa…besteak beste.

    Bolara luze batez, beste gai batzu zirela medio, pilotaren gaia zain eduki nuen, noiz helduko. 90.en hamarkadaren haseran ordea, pilotaren inguruko sensibilizazio berezi baten berpizketa garaia izan zen.. Euskal pilota, eliteko kirol bat baino askozaz gehiago zelakoan, beste ikusmira askoetako begirada jasotzen hasi zen. Herriko txapelketak, beteranoenak, pilotaren ekintzak eskoletan (Ikaspilota sortu zen), barrenen herrikoiak edonon, “Pilota asteak”, pilotaren inguruko erakusketa ibiltariak (Kutxarena), pilota tertuliak (Miguel Pelayren ingurukoa adibidez), antropologiaren aldeko ikerketak, filmak, Oteizaren pilotarekiko interesa eta bere idatzien zabalkuntza… Giro horretan murgildurik arkitu nintzen bete betean eta pilotaren gaiari eltzeko unea iritxia zela erabaki nuen. Oteizaren idatziak asko lagundu ninduten, nik haur garaietan sentitutako hura pentsalari handi honek modu poetikoan azterturik irakurtzen nuenean. Gaiak merezi zuen bai ahalegina, eta PILOTAZ egitasmoa abian jarri nuen, Kutxak egiteko asmo zuen pilota-museo batentzako ardatz estetiko-didaktikoa izan zitekeena.

                                                                                                                                                         2  

 

Lehengo FRONTELA hartatik abiatu nintzen, eta nola ez, pilotalekuari ekin nion hasieratik, PILOTAZ egitasmo zabalean. Egitasmo honetako hiru atal nagusietatik; pilotalekua, pilotaria eta tresna. Aitortu beharra daukat, pilotalekua izan nuela gogokoena, baita zailena suertatu zitzaidana ere. Alde batetik, pilotalekuaren magikotasun isil eta erligioso hori nahi izan nuen lortu, espazioa, argiaren misterioa, pilotalekua zut, pilotalekua zain, pilotariaren zain. Eraikuntza hark gordetzen zuen tentsioz beteriko espazio hura sortu nahi nuen eskulturetan. Zenbait pilotaleku mota ezberdinak landu nituen; pilotasoroa, errebote plaza, pareta bakarra, ezker pareta, ezker pareta estalia, ezker pareta errebotearekin, trinketea, arkupea… Guztiak ezberdinak, bakoitzak bere magikotasun propioarekin. Bestalde, pilotalekuen dinamika ere landu nahi izan nuen; pilotalekuak jokoan alegia. Pilotariak, eskultore bailitzan, pilotaren bitartez eta txokoen eta hormen bidez lortzen zuten espazio dentsitate eta hutsune haiek eskulturetan adierazten.

 

Oteizarekin harremana

 

    Bolara hartan ezagutu nuen aurrez aurre Jorge Oteiza, 1995.ean  hain zuzen ere. Miguel Pelayk antolatu zuen topaketa eta bertan PILOTAZ egitasmoaren berri eman nion Oteizari. Egun hartatik aurrera, gure harremana oso estua izan zen. Gogo handiz hartzen ninduen topaketa bakoitzean eta tailerrera ere etorri izan zen eskulturak zuzenean ikustera eta aztertzera. Berehala antzematen zen zer nolako erakarpena zuen gai hark berarentzako. Ez alferrik,  Enbiltarrak zituen familiako, Euskal Herri osoan famatuak ziren errebote-jokalari oriotarrak. Laster hasiko zitzaidan pilotari eta ehiztarien arteko harremanaz, edo pareta bakarrak islatzen zuen ortzeaz, edo ezker paretaren triedro garbiaz… sutsuki hitzegiten.  Oteiza ezagutzea eta harrekin harreman estu hura izatea, bultzada moral handia izan zen niretzako, eta asko animatu ninduen egitasmoarekin aurrera egiteko. Bera oso diskretoa azaldu zitzaidan beti, ez bait zidan sekulan nire eskulturetan inongo aldaketarik egiteko proposamenik egin. Sarri zioen, gustora landu izango zukeela berak gai hau, hortara jarri izan balitz…

 

Azkoitiko Udalaren egitasmoa eta “Oteiza Pilotaguneak”

 

PILOTAZ egitasmoa burutua izan zen baina oraindik ere etorkizunezko egitasmo nagusiak iristeko zeuden. Azkoitiko Udalak eman zidan aukera. Berak adierazi zuen Euskal Herriko Pilota Zentro bat egiteko asmo serioa, eta bertan Oteizari omenaldi gisako eraikuntza bat egitea ere. Carlos Lopez de Ceballos arkitektoarekin harrema bideratu eta hortik aurrera OTEIZA PILOTAGUNEAK bere bidea egiten hasi ziren. Nolabait ere, nik aurretik egina nuenaren berrazterketa eta sakonketa zekarren egitasmoan parte hartzeak. PILOTAZ bilduman erabilitako alderantzizko bidea egin behar nuen orain. Orduan, pilotaleku handi haien edukiera eta estetika eskultura txikietara pasatzen saiatu nintzen. Orain  ordea, tamaina txikitik handira egin beharko nuen jauzia. Aukera izugarria zen nik sekulan lan egin ez nuen maila erraldoi batean aritzeko. Oteizari omenaldi bat egitea eta gainera pilotalekuen bidez egitea, aukera paregabea  beraz  niretzako. Pilotaz nekien eta sentitzen  nuen guztia egitasmo honetan iraultzeko asmoarekin egin nuen lan.

 

Deskribapena

 

“OTEIZA” PILOTAGUNEAK deskribatzeko modu asko egon daitezke. Nik ibilbide antzeko bat proposatuko dut multzoan zehar, bakardadean eta  pilotaririk gabe egin daitekeen ibilbidea. Herritik etorrita, ate nagusi batek ematen digu ongi etorria eta hasera ibilbideari. Mogimendutik

                                                                                                                                                      

                                                                                                                                                      3

 

eta soinuetatik abiatu gara. Ormigoe zurizko horma isilak, egurrez osaturiko zatiak gordetzen dituzte loturik dauden lehenengo bi eraikuntza bildu hauetan. Arkuak, txokoak, aulkiak, koxkak, teilatua… mogimendua, soinua, bizitasuna, berotasuna adierazi nahi dizkigute. Pilotaririk ez badago ere, haien zarata eta erritmoa somatu dezakegu, horma isil hoien artean arkupean eta trinketean. Ibilbidean aurrera goazela, bi ezker paretekin arkitzen gara hurrengoan. Isiltasunaren gunearekin egin dugu topo. Tarte eta ebakiduretatik sartzen den argiak sortzen duen argilun misteriotsuak, espazio garden eta erlijioso batean sartu garela sentiarazten digute, tenplu bailiran. Eraikuntzak handiak dira, gardenak. Tentsio espaziala nabaria da. Pilotalekua pilotariaren zain dago. Bigarren ezker paretaren atzekaldeko azpiko irekidurak, kanpora ateratzeko gonbitea egiten digu eta ibilbidea egiten jarraituko dugu. Kanpoko pilotaleku hauek, pilotak antzinean zuen natura eta ortzearekiko harreman zabalen sensazioetan sartuko gaituzte. Aurreko espazio definituetatik, espazio libreetara egingo dugu jauzia. Alboko hormen babesik gabe espazioa ireki egin zaigu libratu nahi izango balu bezela. Plaza librean berriz, horma nagusi bakarraren irmotasunak zerua du bilatzen… Soinu eta mogimendutik abiatu ondoren, isiltasun eta tentsio estatikora igaro gara, pilotalekuz pilotaleku, iraganean sartu eta  pilotaren sorrerako espazio libreekin topo egin arte… Ibilbideak ordea badu oraindik zer emana, kanpotik itzulian eskultura osoari bira ematen badiogu. Aurreko plazatik orokorrean begiratuta, eskulturak barne espazioen argiluntasun ezberdinen jokoa erakutsiko digu. Atzekaldetik biran berriz, eskulturaren goialdeko horma-loturak eta egitura-harremanak modu nabarian ageri dira. Pilotalekuen arteko irekidurak berriz, eskulturan sartu eta ateratzeko gonbitea egiten digute, argitasunetik argilunera jauzi egitearen sensazioak biziaraziz.

 

Sinbologia

 

“OTEIZA” PILOTAGUNEAK  multzoa sinbologiaz beterik dago. Euskal Herriko Pilota Zentroaren  parke publikoa izanik, Euskal Herriko lurralde ezberdinen pilotalekuak aipatu nahi izan ditu multzo lotu eta bakar batean, euskal pilotaren ikur adierazgarri baten gisan. Aurreko ibilbidearen ordenari jarraituaz, Ate nagusitik sartu eta ARKUPEAREKIN topatuko gara. Azkoitin gaude eta  Azkoitiko arkupe famatuaren interpretazio bat da hau, Gipuzkoa ordezkatzen duena. Jarraiean TRINKETEA (Lapurdi), EZKER PARETA LUZEA (Bizkaia) eta EZKER PARETA MOTZA (Nafarroa) datoz. Kanpoan berriz, ZIMITORIOA (Araba) eta PLAZA LIBREA arkituko ditugu.

Beste erabateko sinbologia ere ba du multzo honek, JORGE OTEIZARI eskeinitakoa bera. Bere omenez eta berari eskeinia denez, Oteizaren aipamena eta gorasarrea egin nahi du. Berak zuen Azkoitirekiko lotura hainbat maite zuen pilotaren bitartez adierazteaz gain, bere zenbait pentsamendu, jokamolde eta egiteko erak erabili dira hemen. Eskultura erraldoi baten itxura du multzoak. Barruan sartu, bere espazioak sentitu eta era berean espazio hauekin jolasean jardutea ahalbideratzen duen eskultura izan nahi du. Erakargarria eta erabilgarria, sartzeko eta erabiltzeko deia egiten duena. Oteizaren eskultura egiteko modua gogorarazi nahi digu, zuzena, itxurakeriarik gabekoa; plano, lotura eta tarteekin espazioak nabarmentzen dituena.

 

Erabilgarritasuna

 

Parke publiko bat denez gero, erabilgarritasuna modu herrikoi batean planteatu da. Edonork arkituko du hemen bere neurriko pilotalekua, bai multzoaren barnekaldean bai kanpoko zenbait gunetxoetan ere. Pilotan aritzea ez da pilota jo eta txapa gainean jartzea bakarrik. Pilotan aritzea, pilotalekuaren espazioaren jabe egitea da eta espazio hori sortzen duten elementu guztiekin harremanetan ipintzea; arkua, atealdea, teilatutxoa, fraidea, kontrakantxa,

                                                                                                                                                         4

 

errebotealdea, kontraorma… Pilotaleku profesionalak ez dute inondik ere pilotari arruntentzako; haur, neska-mutil, guraso, jubilatuentzako, honelako aukerarik eskeintzen. 36 metro luzera duen ezker pareta batean nekez pasako dira  bostgarren koadrotik eskuz eta pilota gozoekin ari  diren pilotari arrunt hoiek. Erabiltzen ez duten pilotaleku horren espazioa gainera etorriko zaie, ez dute menderatuko, galduta sentituko dira, pilota ez dute bere osotasunean sentituko. Multzo honetan dauden pilotaguneetan asko zaindu nahi izan da neurrien txikitze hori, erabilgarritasun herrikoi baten ikusmoldea oinarritzat hartuaz, pilotaren jokoa bere aberastasun osoan sentiarazteko baliabideak ipintzeko asmotan.

 

Materialen jokoa

 

“OTEIZA” PILOTAGUNEETAN erabilitako materialetaz zerbait aipatzea beharrezkoa dela uste dut. Materiale nagusia ormigoe zuria dadukagu  multzo osoko bizkarezurra. Kanpoaldeko eta barnealdeko lotura eskultorikoa emateaz gain, pilotalekuetan funtsezkoak diren hormen sendotasuna eta garbitasuna adierazten du. Ormigoe-horma eta plano hauek erabat errespetatuak izan dira bere osotasunean, ez bait zaizkie inongo zulorik edo marrarik erantsi. Sakratuak bailiran tratatuak izan dira eta multzoaren egitura nagusia osatzen dute. Zuria izateak badu ere bere arrazoia, argilun misteriotsu horiek sortzeko kolore aproposa baita bera. Materiale sendo eta zuri honek,  multzo osoaren lotura indartzen du eta ingurunean nabarmentzea laguntzen.  Egituraren ikutu leunak berriz, eskultura  bat ere badela dierazi nahi digu, ikutzeko modukoa baita. Egurra berriz, berotasuna, mogikortasuna, jolasa adierazteko erabilia izan da. Ormigoezko multzo irmo hori gozatzeko eta berak osatzen duen  egitura nagusiarekin ez nahasteko erabilia izan da egurra, zenbait elementoetan; arkoak, teilatua, fraidea, aulkiak… Azkenik, burdin sare iluna daukagu. Erabilgarritasunaren araberan ezinbestekoa izan da bere erabilera. Badu honek ere bere nortasun berezia, bera baita ondoko pilotagunearen presentziaz ohartarazten  gaituena, jokaldiaren amaieraren epai nagusian bilakatzen dela ahaztu gabe. Hiru materiale hauek ez bakarrik beren arteko joko kromatikoan baizik eta hots jokoan ere, eragile nagusiak dira. Pilotan ari direlarik, pilotak oso soinu ezberdinak sortuko  ditu ormigoezko horma, egurrezko teilatu edo burdinezko sarea kolpatzen dituenean.

 

 

Material ezberdinen pilota-kolpe hotsei eransten zitzaizkien han eta hemen, eten gabe, pilotan ari zirenen oihuak, errietak, oinetako irristadak, txistuak, txaloak, builak; Kank! Ni! Klak! Jo! Txang! Klax! Utzi! Klak! Eman!... Pilotalekuaren Sinfonia nagusian ari ziren. Begiak ireki eta zuzendaririk gabeko orkestra harrigarri harri egin nion so. Ez dedila sekulan isildu! Pentsatu nuen nirekiko. Alkitik altxa eta alde egin nuen, pozez baina aldi berean penaz, oraindik ere jokatzeko tokirik libratu ez zelako.

 

 

 

 

 

 

 

   

 

Agentzia: prismacm