Arloak >

'Propuesta para un parque megalítico en Oiartzun'

Bilaketa:

OTEIZAREN ONDAREA IKUR

  • Data:2008/12/26
  • Idazlea:ELIXABET EPELDE

Oteizaren ondarearen ikur

Anton Mendizabalek eginiko 'Sutar: Oteizaren itzala' eskultura inauguratu dute Oiartzunen

Elixabet Epelde

BERRIA 2008/12/26

Jorge Oteiza eskultorearen omenez Anton Mendizabalek (Donostia, 1945) eginiko Sutar: Oteizaren itzala eskultura inauguratu dute Oiartzunen (Gipuzkoa). Eskultura, Oiartzungo cromlech ondarea nabarmentzeko eginiko proiektuaren elementu garrantzitsuena da. Hain zuzen ere, inguruko cromlech guztiak sinbolizatzen dituen eskultura da. Kanposantuan kokatu dute bost metro garai den eta zortzi tonako pisua duen obra.

Oteizaren jaiotzaren mendeurrena betetzen den urtean inauguratu nahi izan dute Mendizabalen lana. Oteizaren izaera eta lan egiteko modua biltzen dituen eskultura dela azaldu du artistak.

1990ean Anton Mendizabalek Oiartzungo udalaren laguntzaz cromlech edo harrespilen inguruko proiektua jarri zuen martxan. Asmoa, parke megalitiko antzeko egitura bat sortzea zen. Proiektuaren helburuak, berriz, cromlech aberastasuna nabarmentzea, ingurukoen sentiberatasuna suspertzea eta eraikuntzen ezaguera bultzatzea ziren. Proiektuak, eskultoreak azaldu bezala, «sorkuntzarekin lotura» izan behar zuen.

Mendizabalen proposamena, harrespil bakoitzeko eskultura bat egitea izan zen, cromlech bakoitzaren ezaugarriak bilduko zituena. Eskultoreak azaldu duenez, eraikin megalitiko guztiak ez dira berdinak: «Batzuk harri altuago bat dute, beste batzuk barrua okupatua dute, guztiek berezitasunen bat dute». Horrekin batera ibilbide bat proposatu zuen, eskultura eta cromlech guztiak ikusteko aukera zabaltzen zuena. Gainera, harrespil zein eskultura bakoitzari buruzko azalpenak ere bildu zituen. Guztia borobiltzeko, Oiartzunen bertan bailara guztia, eta bide batez harrespilak ikusteko modua ematen zuen begiralekua ezartzea zen asmoa, cromlech guztiak sinbolizatzen zituen eskultura batekin batera. Lan horren emaitza da, hain zuzen ere, Sutar: Oteizaren itzala eskultura.

1995. urte inguruan, eskultura orokor horren inguruan lanean ziharduela, lana Oteizari eskaintzea erabaki zuen. Artistarekin harreman estua zuen Mendizabalek garai hartan. Hauek dira omenaldi honen arrazoiak, Mendizabalen hitzetan: «Batetik, Oteiza izan zen cromlechen eta gure ondarearen alde sentsibilizatu gintuena. Bestetik, zirkulu perfektuaren eta hutsunearen teoria legoke, cromlechak sinbolizatzen duen eskultura perfektuaren ideia, alegia».

Oteizaren borondateari erantzunez eraiki dute eskultura Oiartzunen eta Sutar izena ere berak proposatu zuen. Mendizabalen maketa ikusi zuenean, eskulturak tamaina handia behar zuela ere esan zuen. Emaitza, Oiartzungo kanposantuan ikus daiteke.

Sinbologiaz betea

Mendizabalek azaldu bezala, eskultura oso sinplea da; omendutako Oteizaren lanei egiten dio erreferentzia. Zirkuluak cromletxa sinbolizatzen du. Zutarria Oteiza bera litzateke, zirkuluaren zati dena, baina era berean nabarmendu egiten dena.

«Cromlech batzuetan harri guztiak berdintsuak izanik, batenbat asko nabarmentzen da, baina zirkuluaren zati izaten jarraitzen du», azaldu du Mendizabalek.

Eskulturak Oteizaren izaera ere azaltzen duela esan du. Artistaren bi alderdi oso nabarmenak islatzen ditu. Batetik, isiltasunaren alderdia legoke, kontenplazioarena eta pentsalari sakonarena -zirkulua-. Bestetik, eztandarena, adierazpidearena eta eragile izatearena -zutarria- legoke. «Oteizak jendea mugiarazten zuen», azaldu du Mendizabalek Oteizaren izaerari buruz.

Oiartzungo udalarekin adostu zuen eskultoreak Sutar: Oteizaren itzala kanposantuan jartzea. Begiraleku bezala leku «aparta» dela nabarmentzeaz gain, leku sakratua dela azaldu du Mendizabalek. Han daude kanposantua eta Peña Gantxegik Gerra Zibileko hildakoen omenez eginiko Frontoi Pareta. Orain Sutar eskultura bi sinbolo horiei batuko zaiela azaldu du: «Antzinako oroimenari harrespilarena lotuko zaio». Horrez gain, eskulturak seinale eginkizuna ere baduela azaldu du Mendizabalek: «Eguraldi onarekin, zutarriaren norabidea jarraituz, Oiartzungo cromlech altuena ikus daiteke».

Azkenik, kontzeptu poetikoa nabarmendu nahi izan du Mendizabalek. Zirkulua lurrari besarkatzen dion elementua litzateke, eta zutarria, aldiz, zeruari begira dagoena; lurraren eta zeruaren arteko lotura.Eskultoreak adierazi bezala: «Cromlechetan bibrazio bereziak sentitzen dira, leku bereziak dira». Cromlechak leku jakinetan kokatzen direla azaldu du. Ez dira ez gailurretan, ezta zuloetan kokatzen, zeru asko eta paisaia asko ikusten den lekuetan baizik.

Agentzia: prismacm