Arloak >

Temas en general

Bilaketa:

ANTON MENDIZABAL: "ARTISAUAREN LANA GERO ETA HURBILAGO DAGO ARTE LANETIK"

IRUNE BENGOETXEA

Egunkaria. Osteguna, 1992ko abenduak 31

 

 

Anton Mendizabal: «Artisauaren lana gero eta hurbilago dago arte lanetik»

 

Oiartzungo plazatik Ugaldetxo auzorako bidean Tolarte izeneko denda aurkitzen dugu. Bertan Anton Mendizabalek egindako zenbait altzari eta eskultura ikus ditzakegu; eta honen alboan bere tailerra.

Antonek beti izan ditu eskulanak gustuko, baina 1973 ingurura arte ez zen hasi egurra lantzen. Alejandro Amenabar osaba izan zuen maisu eta Lasarteko tailerrean ikasi zuen euskal tailaren oinarria. Pasai Antxoko ferian estreinekoz plazaratu zenetik hona estatuko eta atzerriko zenbait erakusketatan hartu du parte. «Nere ustez, erakusketa gutxiago egin beharko lirateke baina serioagoak, komertzialagoak eta ez hain folklorikoak», dio.

Errenteria eta Getxoko azokak garrantzitsuenen artean sartzen ditu. «Errenteriakoak eredu izan beharko luke, ez antolaketari dagokionez bakarrik, baita ikusle aldetik ere. Hauek azoka ikustera ohitu dira eta hori asko nabaritzen da». Aurten ere azokara gonbidatzen badute, urtero bezala berrikuntzaren bat aurkeztuko duela azaldu digu Antonek. laz erakusleiho onenaren saria irabazi zuen.

Gurean artisautzaren komertzializazioa oso eskasa da, artisau lanek ez daukate inongo babesik merkatuan. «Beste autonomia batzuetan, Galizian eta Kanaria uharteetan esaterako, produktuek babesa badute, etiketa bat jartzen zaie fabriketan egiten den sasi-artisautzatik bereizteko. Euskal Autonomia Elkartean, aldiz, ez dago horrelako babesik. Instituzioek ez dute koordinaziorik eta horregatik gehiago egin beharko litzateke».

Europan artisautza merkatua oso definitua dago eta hiru kategoria desberdintzen dira: artisautza artistikoa (maila gorenekoa), artisautza eta artisautza erdi industriala. Baina, hala ere, atzerrian tradiziozko artisautza gutxi dagoela argitu digu,

«sustrairik gabeko artisautza da, ez Euskal Herrikoa bezalakoa». Berak artisau pieza bat egin aurretik tradizioa aztertzen du, sinbologia ikertzen du. Bere lanetan ez da agertzea artisauaren eta artistaren arteko muga hori, «ez dago argi noiz hasten zaren artisau izaten edo noiz arte ekintza egiten».

Egun artisautzaren konzeptua aldatzen ari da. Lehen artisauak egiten zituen piezek erabilpena bazuten, baina gaur egun ez da hórrela gertatzen; argizaiolak, adibidez, orain ez du erabilpenik eta antzina, berriz. hiletetan eta abarretan erabiltzen zen. Hala ere, gauzei praktikotasun bat ematen saiatzen da Antton: «Pieza horiek bere garaian zuten erabilpena eta gaurkoa ez da berdina, horregatik zenbait aldaketa egiten dizkiet gaurko egoerara egokitzeko. Nik egiten ditudan kutxak, adibidez, lehen garia sartzeko erabiltzen ziren eta goitik irekitzen ziren. Gaur goitik irekitzeak ez du praklikotasunik, beraz aurretik irekitzen dir eta jendeak botilak ela abar sartzeko erabiltzen ditu».

Pieza hauen prezioa lanean ematen dituen orduen araberakoa izango da; kutxa bat egiten 100 ordu pasatzen ditu eta 300.000 pezeta inguru balio du. Lan gehienak enkarguz saltzen direla azaldu digu, artisau lanak zuzenean saltzea oso zaila delako.

 

SOSLAIA

 

Artisau eta irakasle

 

Orain arte artisau lana irakasle lanarekin tartekatzen zuen; arte eskolak ematen zituen Errenteriako Orereta ikastolan. Bi lanbideok nahiko kontrajarriak direla argitu digu. «Gezurra badirudi ere, bi lanbide hauek izaera erabat xurgatzen dizute, bietan osorik eman behar duzu zeure burua, bi maitale izatea bezala da». Hala, aurten artisautzan bakarrik aritzea erabaki du. Baditu horretarako beste bi arrazoi garrantzitsu: «Oiartzungo Udalak artista baten erakusketa antolatzen du urtero eta aurten nere lanak jarriko ditu ikusgai. Donostiako Kutxak ere erakusketa bat zabalduko du nere lanekin». Eta honekin batera zenbait ikerketa egin asmo ditu eskulturgintzan.

 

 

Agentzia: prismacm