Categorías >

Temas en general

Búsqueda:

ARTOZKITIK EKARRITAKO "GAZI-GOZOA"

LIBE IBAÑEZ.

Oarsoaldeako HITZA. 2003ko urriaren 1a.

 

 

ARTOZKITIK EKARRITAKO "GAZI-GOZOA"

 

Anton Mendizabal eskulturgileak Itoitz urtegiak estaltzear duen Artozki herrian bere eskultura zintzilikatu du.

 

 

Igandean izan zen Anton Mendizabal eskulturgilea Artozkin. Zumeta, Dora Salazar eta beste hainbat artistek bezala berak ere obra bat "Argizaiolaren sua" utzi zuen bertako elizan, betirako. Gainerako artistekin batera Artozki Artezki bihurtu zuen, Itoizko urtegiak irenstear dagoen herria artearen gune bihurtzeko.

Ergoien auzoan du tailerra Mendizabalek. Hantxe aurkitu du HTZAk. Bere eskultura Artozkin uzteak «pena eta era berean poza» eman diola adierazi du. Bere esanetan, obrak «berebiziko patua» izan du, «handia». Baina ere berean, «tristea».

«Ez nuen sekula pentsatu nire obraren etorkizuna hori izango zenik» eta «pena» ematen du horrelakoak gertatzeak. Bera mutil koxkorra zela, Yesako urtegia bete aurretik, Tiermas herrian ibilia dela kontatu dio HITZAri, Aragoi ibaiaren ondoan.

Handik denbora batera, bere oinekin zapaltzen zuen lurra urez beteta ikusteak «sentsazio arraroa» sortu zion Mendizabali. Ondo gogoan duela dio: "Haizezko espazioa, urezko espazio bihurtuta ikusi nuen". Orain, Artozkin egon denean, "mutil koxkorretako sentsazio berdinak" etorri zaizkio Mendizabali, baina heldutasunean.

«Artozkin nengoenean herria urez beteko dela pentsatu nuen, herria urpean eraldatuko dela, bertan beste mundu bat egongo dela», dio Mendizabalek. Herriaren eraldaketaren atarian egoteak «zirrara berezia» sortu zion berari. Han utzitako obra, herria bera, oroitzapenak... «Sentsazio arraro eta gazi-gozoa» ekarri du Artozki-tik Mendizabalek.

Obra hor uztea «erromantikoa» ere bada Mendizabalen iritziz. Izan ere, Artozkiko erakusketan utzi duen eskultura orain dela 17 urte egindakoa da, bakarra, eskulturgile gisa izan duen prozesuaren «puntu bat»; berak azaldu duen bezala, «errepikaezina».

Bestalde, betidanik izan du Mendizabalek bere eskulturaren bat erretzeko pentsamendua. «Materia bat nola eraldatzen den ikustea, sua, purifikazioa, beroa, kea, espazioa argi bihurtua...», dio Anton Mendizabalek. «Patuak eraman du eskultura Artozkira» erantsi du, eta, aditzera eman duenez, «erre ez, baina urez beteko dela pentsatzeak lasaitasuna» ematen dio alde horretatik. Betidanik buruan izan duen ametsa egia bihurtua. Gozoa, modu gazian.

Eskultura, herriarekin batera, urez estaltzen dutenean zer gertatuko den pentsatzen ari da orain Mendizabal: «Desagertu egingo da, baina, nire iritziz, sentsazioa hor geldituko da, zure zerbait hor dagoen sentsazioa». Zirrara berezia sortzen dio horrek; «inori inporta ez bazaio ere».

 

Jendea bai, baina herritarrik ez

 

Asteburuan, Artozkiko jaialdian, sentimendu kontrajarriak izan zituela dio. Alde batetik, «poza» eman zion gazteak han zeudela ikusteak, «horrelako aldaketen aurrean sentsibilitate bat badutela ikusteak».

Artezki jaialdia berezia izan zela dio. Igandeko kontzertua, kultur ekitaldiak... Artozkiko azken jaialdia izan zen. Mendizabalek, ordea, espero ez zuen zerbait ikusi zuen Artozkin. «Egun berezi horretan herritarrik ez nuen ikusi bere etxea defendatzen». Kanpotik hurbildutako jendea ikusi zuen. Gazi-gozo.

 

ARGIZAIOLAREN BETIKOTASUNERAKO SUA

 

Argizaiolaren sua izeneko eskultura 1986an egin zuen Anton Mendizabalek, bere lehenengotariko obra da. Argizaiola berez da nahikoa misteriotsua eta teoria desberdinak daude bere inguruan, baina Mendizabalek gustokoena Manuel Lekuonarena du. Bere esanetan, argizaiolaren egurra hildakoaren gorputza da eta sua, berriz, arima. Argia pizten den bakoitzean hildako horiek bizirik jarraitzen dutela adierazten du, betikotasunaren adierazgarri. Anton Mendizabalek HITZAri adierazi bezala, berak landutako argizaiolaren sua ez dute ez itzaliko eta ez itoko, «egurrezkoa baita». Irribarrez mintzo da; «agian egunen batean flotatzen aterako da!».

 

 

Agencia: prismacm