Categorías >

Temas en general

Búsqueda:

NIRE BURUA ESKULTORE BAINO "ESKULTURA EGILETZAT" HARTZEN DUT

JOXEMARI KARRERE

ON.Oarsoaldean.

2006ko maiatza.23 zenbakia

 

 

NIRE BURUA ESKULTORE BAINO "ESKULTURA EGILETZAT" HARTZEN DUT

 

 

Donostiako Alde Zaharrean 1945ean sortutakoa bada ere, gure bailaran sustraituta dago zeharo. Ezaguna da, besteak beste, Orereta Ikastolan emandako urteengatik; ez da harritzekoa, ehunka ikasle pasa baita bere gelatik. Bizi, bestetik, Oiartzunen bizi da. Filosofia eta Letratan lizentziatua da, pedagogia arloan, eta Ikastolan hasi zenetik irakasteko bide berriak jorratzeaz arduratu izan da. Egun, ordea, irakaskuntza utzita eskultura egile dugu. Hezur eta haragizko gorputzekin lan egiteari utzi eta egurrari gorputza ematen dio. Artisaua edo artista ote den, ez du argi, baina bere lanak han eta hemengo erakusketetan zein leku publikoetan ikus daitezke, gero eta gehiago.

 

Eskultura egile, esku laneko irakasle ikastolan, artisaua... Ikasketak, ordea, Filosofia eta Letratan burutu zenituen. Artea ere filosofia izango da akaso...

 

Gure garaian ez zegoen orain bezala Arte Ederrak ikasterik, artearekin zerikusia zuena filosofian ikasten zen, Artearen Historian. Nik pedagogiaren adarra hartu nuen. Filosofia izena duen arren, ez du zerikusi handirik disziplina horrekin, baina letretatik hartzen bazenuen ez zegoen beste aukerarik. Akademikoki ez daukat arte prestaketarik, filosofian ematen zen Artearen Historia hori izan ezik, bi urte irauten zuena.

Artearekiko joera musikaren aldetik etortzen zait. Afizio ikaragarria izan dut beti musikarekin eta txistu karrera osoa egin nuen Isidro Ansorenarekin. Gero, badakizu, beste era batera suertatzen dira gauzak, eta osabarekin hasi nintzen esku lanean. Hortik tailagintzarajo nuen, eta, beranduago, nire gauzak egitera. Horri eskultura deitzen diote [kar, kar]. Nire burua eskultore baino eskultura egiletzat hartzen dut. Gauza bat da pilotaria izatea eta, bestea, pilotan aritzea.

 

Eskultura egile baino, gurean Orereta Ikastolako irakasle gisa ezagutzen zaitu jende askok.

 

Hasiera-hasierako afizioa, edo -esaten den bezala- bokazioa irakasle izatea izan dut beti. Horregatik egin nuen filosofia eta, ondoren, pedagogia. Hasiera haietako ikastolan praktikan jartzen saiatzen ginen Europan zeuden teoriarik aurreratuenak. Teoria pedagogiko errusiarrak eta sozialistak, eta halakoak nituen gogoko. Geroago, urteak aurrera joaten diren bezala, gure utopiak pixka bat ezinezkoak ikusten genituen. Bere garaian nahiko eztabaidatu nuen eta orain ez nator berriro horrekin hastera. Baina urte haietatik ezin dut ahaztu ikasleekiko harremana. Oroimen oso indartsua eta arrunt ona daukat. Beraiengandik asko ikasi nuen eta asko zor diet. Horrekin batera, tailagintzatik artisautzara pausoak ematen hasi nintzen. Suerte handia izan nuen, artisautzaren berpizte handiaren sasoia hartu nuelako: Errenteriako Feria, Getxokoa, eta beste hainbat. Nobedadea zen, eta herri askotan antolatzen zen zer edo zer. Profesionalizatzeko aukera izan nuen, nolabait, hortik sos batzukateratzeko. Ondo Joan zitzaidan, eta barruan sortzeko grina hori areagotu... [bere buruarekin mintzatuko balitz bezala ari da, gogoratzen], Orduan ikastolako lana baztertzen hasi nintzen eta bestea areagotzen. Une batetik aurrera, aukeratu egin behar izan nuen, eta ikastola utzi nuen.

 

 Unibertsitatean ere aritu zinen irakasle

 

.

Ikastolan nengoela aukera hori eskaini zidaten. Hiru lagunen artean ematen genuen ikasgai bat, eta urtebeterako eman nuen hitza, baina ez zitzaidan gehiegi interesatzen, nahiz eta jarraitzeko aukera izan. Nahiago izan nuen ikastolan jarraitu, unibertsitatean oraindik aukera gutxiago ikusten bainuen zerbait aldatzeko [barre egin du berriz ere: utopiak behin eta berriro defendatzen dituenaren barre nekaezina izango da, agian].

 

 Artisau askoren lanak ikusita eskultura egile ez ote diren zalantza izan daiteke, bien arteko muga askotan ez baitago oso zehaztuta. Zuk ere zure buruaz hitz egiterakoan artisau eta eskultura egile aipatzen dituzu.

 

Zaila da muga jartzea. Nik, zenbait kasutan, artisautza egiten jarraitzen dut, nire obraren artisautza. Adibidez, momentu batean gai bati erantzuteko bide estetiko bat hartzen dut eta gero barianteak jorratzen hasten naiz. Lehenengo kolpe hori, berritasun eta sortze hori, esan genezake artistikoa dela, baina ondoren bide horretan jorratzen diren barianteak, hori artisautza da. Formak errepikatzen ari zara, alegia, artisauak egiten duena. Dena dela, artisautza termino oso zabala da, bere barruan hainbat mailaketa duena. Saskigile batek, bost modelo dituenak, seguraski betidanik etorri zaizkionak, horrek ez dauka ezer berezirik, esku lana ez bada. Hori maila bat da. Beste maila bat da aldaketaren bat erakusten duena. Aurretik heldu den modelo bati, agian historiak ekarritakoa, aspaldikoa, errepikapen batzuk egiten zaizkio bariante batzuekin. Aportazio bat ikusten da hemen. Hirugarren maila batean dago artisautza artistikoa deitzen zaiona. Artisauak berak zerbait berria sortzen du, erabileragatik edo forma aldetik; hemen eremu labainkorrean sartzen gara. Artean, berriz, arte purua egon daiteke, inori begiratu gabe, lan bakarra egin eta kito, edo beste maila batean egongo da bide bat hartu eta barianteak egiten duena, eta abar. Zaila da zehatzak izatea... Bai, eta askotan gizarteak berak jartzen du izena. Bata eskultore eta bestea artisaua, baina askotan antzeko gauzak egiten dituzte, gertatzen dena da batek kontsiderazio soziala handiagoa izango duela bestea baino. Dena dela, niri ez zait gehiegi inporta egiten dudana artisautza edo eskultura ote den.

 

Zure lanetan ikusi daiteke euskal gai 'zaharrak' lantzen dituzula, baina ikuspegi berriak: Argizaiolak, intxixuak, frontoiak, kromletxak...

 

 Ni hasten naiz ondo zapaltzen, hankak ondo jarrita, ezagutzen eta sentitzen dudan lekutik. Ez badut sentitzen, adibidez, hutsaren inguruko ikerketa egiteko beharra, ez naiz horretan sartzen. Abiapuntu arriskutsua litzateke niretzat, ez bainago oso motibatua gai hain filosofikoetan sartzeko, ez diot nire buruari gaitasunik ikusten. Orduan, sentitzen dudanagatik abiatzen naiz. Argizaiolekin ari naizela, horrek laguntzen dit eboluzionatzen, ikusten dudalako argizaiolak berak eboluzio bat izan duela; XVI. mendeko argizaiolak eta XVIII.ekoak ez dira berdinak, ikusten baita azkenek gero eta taila gehiago dutela. Nire ikuspuntutik hau dejenerazioa da. Altzari eder bat baduzu eta dena tailatzen hasten bazara, altzaria hondatu egiten duzu: bere nortasuna, linea nagusiak, egiturak, ezabatu egiten dituzu tailatzearekin, soil-solilik tailarekin zer ona zaren demostratzeagatik. Horri uko egin behardiozu... Bai, argizaiola berak esaten dizu: "Ez motel, utz nazak bakean, ni estrukturalki hau nauk eta hor dago nire mezua". Orduan teknizismoak utzita muinean sartzen zara. Nik hori sentitzen dut, eta hor seguruago nago.

 

 Baina hor ere filosofia bat dago, sormena ulertzeko eta bilatzeko gogoeta bat, ezta?

 

 Bai, baina abiapuntua egina dagoen zerbait da, eboluzio hori sentitu du argizaiola berak. Niretzat souvenir batean bihurtzea, erloju moduan, edo auskalo zeren euskarri, espantu bat da. Pieza horri garrantzia kentzea. Beste gaiekin berdin gertatzen da; Kromletxa mendian ikusten duzu, dagoen lekuan, horrek dituen bibrazio espazialak, eta abar. Gainera forma ematen dizu, berak ematen dizu abiapuntua! Frontoiarekin berdin, elizan sartzea bezala da, zerbait sakratua; hura sentitu egin behar duzu, eta, sentitzen baduzu, zerbait erlijiosoa bihurtzen da. Frontoia, ordea, egina dago, abiapuntua baduzu. Agian nire mugetako bat izan liteke: beti behar dut egina dagoena abiatzeko. Orain, musikarekin saiatzen ari naiz beste pauso libreago bat ematen. Adibidez, hor aurrean ikusten duzun lan horrekin [mahai gainean organo baten irudikapena izan litekeena seinalatzen dio kazetariari] bai hartu ditudala abiapuntu batzuk, organoa bera edo partiturak, baina badira beste lan batzuk inongo abiapunturik gabe hasten ditudanak, barruko sentsazioa ez bada. Nola egin dezaket nik denboran dihoan suzesioa bat espazio bihurtzeko? [bere buruari galdetzen dio]. Hor ezdaukat heldulekurik.

 

35 URTE

 

Izen ezaguna dugu Anton Mendizabalena. Ez da, agian, beste euskal eskultore batzuen mailara iritsi, langa ere ezbaitiote salto txiki batez gainditzeko moduan jarri. Baina han eta hemen lan garrantzitsuak egin ditu oiartzuarrak, batik bat euskararen munduari eta kulturari lotutakoak. Erakutsi ere, hamaika tokitan erakutsi ditu bere piezak: Bordelen eta Parisen (Frantzia), Madrilen, Murtzian, Zaragozan (Espainia), eta, gertuago, Bilbon, Maulen, Donostian, edota Gasteizen. 1970. urtean hasi zen Mendizabal eskulturgintzaren munduan hura eta bestea egiten, bere osaba Alejandro Amenabarrekin, eta, orduz geroztik, geldiezin aritu da, formekin nola, esanahiekin ikertzen. Ikerketa horren emaitzik ezagunena, agian, Pilotaz ekimena izango da, izenak erakusten duen bezala, pilotaren inguruan egindakoa, hain zuzen. Artista osoa da Mendizabal, lanean bezala izaeran aztarna daramaten horietakoa.

 

PAGOARTE

 

"Hainbat lagunek lokal bat behar genuen, eta horrela sortu zen Pagoarte". Erraz azaltzen du Mendizabalek gure eskualdean eman den kultur esperientziarik interesgarrienetako baten sorrera.

Hasieran Mendizabal bera, bere anaia Mikel eta Imanol Irigoien elkartu ziren. Mikelek ikusentzuneko alorra lantzen du, eta Irigoien margolaria da. Hirurak beren jardunetarako leku baten bila zebiltzan, eta Ergoienen hainbat pabiloi hartu zituzten. "Bata bestearen ondoan erosi genituen lokalak eta, gainera, beste bat gehiago erosi genuen bestelako gauzak egiteko". Gauza hori, hain zuzen, arte ezberdinak erlazionatzeko asmoa da, Mendizabalen hitzetan: "Gutxiegi egiten den zerbait antolatzeko, alegia". "Sorkuntza arazoak, azken finean, berdintsuak ditugu dendenek, orduan.zergatik ez harremanetan jarri?". Euskara ere kezka guzti honen parte zen, euskarak ere beharrezkoak baititu halako ekimenak. Horrela eman zioten hasiera Pagoarteko kultur ekimenari. Kalitatea, esperimentazioa, gazteenganako kezka eta, batez ere, kultur sortzaileekin zuzeneko harremanak landuz, urteetan aritu izan dira Oiartzungo txoko horretan. Kultur proposamenak eskaini dituzte, azken aldian apal samar dabiltzan arren. Eskasia honen arrazoietako bat, diru laguntzak ematerakoan erakunde ezberdinek erakutsitako adostasun faltan aurki dezakegu. "Ez dakigu ondo zein etorkizun ote dugun. Hamar urte betetzekotan gaude eta pentsatzen ari gara ez dela une txarra uzteko. Gauzak ez dira ad infinitum luzatu behar. Egin beharrekoa egin dugu, eta nahikoa".

Agian arrazoia izango du Anton Mendizabalek, baina pena ematen du halako kultur esperientzia bertan behera utzi beharrak.

 

 

 

Agencia: prismacm