MIKEL MARKEZ
Egunkaria. Igandea, 1999ko irailaren 12a
Kate motzean:
Antton Mendizabal.ESKULTOREA
Sorkuntza garaian hauskorrak gara
* Behin, eskola ematen ari zinela lo hartu zenuen.
Ez naiz gogoratzen, baina San Sebastian bezperaren ondorengo egun batean Izango zen.
* 25 urte egin zenituen lanean Orereta ikastolan.
Egia esan 25 urte horiek oso aberatsak izan ziren, gehienbat ikasleengandik jaso dudanarengatik. Momentu batean ikusi nuen irakaskuntzari buruz nuen ideia erromantiko hori ez zela etorkizuneko zerbait; orduan, bi aukera nituen; burua makurtu eta arurrera jarraitu edo aurkitu nire bizitza errealizatzeko bide berri bat.
* Eta utzi egin zenuen.
Bai, eta, gainera, neure burua aurkitu nuen bide berri bat egiten nire ikasle izandako askorekin, eta horrek konplizitate handia ekarri dit; orain beste mota bateko harremana dut haiekin, eta alde horretatik, niretzat ikastola ez da bukatu.
* Artista izateko ez da komeni oso orekatua izatea.
Iruditzen zait askotan gure arloan badaudela poseak, eta, bestalde, asko esplotatzen dela nolabaiteko eszeptizismo bat. Badirudi hori norberaren paperaren zati bat dela eta horrekin sinesgarritasun gehiago lortzen dela. Ni alde horretatik ez naiz oso artista sentitzen, ni askatasuna asko maite duen pertsona normal bat naiz.
* Ai ama, askatasuna!
Nik ez dut ordutegirik. Eguraldiaren arabera funtzionatzen dut: ona bada, mendira; txarra bada, lan egiten dut larunbat eta igandeetan. Beti nago erdi oporretan, baina oporretan ere lanean nago. Bizitzaren askatasuna da hori, eta oso garrantzitsua da niretzat, nahiz nolabaiteko segurantzia falta bat ere ekartzen duen.
* Zer daukazu orain eskuartean?
Orain zortzi urte hasi nuen Pilotaz proiektuarekin ari naiz, eta beste pare bat urte beharko ditut amaitzeko. Musikarekin ere ari naiz, musika eskulturaren bitartez interpretatu nahirik. Erronka gogorra da, baina bide batzuk jadanik jorratu ditut, eta laster aterako dut lehen eskultura. Joaquin Pildaini omenaldi moduan izango da, Oliver Messienen organorako obra baten inguruan. San Esteban elizan ere sagrario eta aldare berri bat egin behar ditut, eta San Telmorako lan orijinalen erreprodukzioak egiten ari naiz.
* Pagoarte kultur topalekuko proiektuak ia bi urte eginak ditu. Emanaldi handiak dituzue laster.
Alde batetik, Bertso-pilota saioa dugu Anoetan, ETBk botako du: Elkoro, Goñi, bertsolariak... Bestetik, Musika-kaxa esperimentala egin nahi dugu, jendeak bere esperimentuak egin ditzan, baina publikotik oso gertu; espazioa manipulatu dugu, agertokia desagertu da. Argazki erakusketa nagusi batekin ere ari gara, eta, azkenik, Xabier Letek egingo duen poesia errezitaldi bat ere izango da.
* Pagoarte eta Pagoa ez dira nahastu behar nahiz elkarren alboan egon.
Ez, ez. Pagoarte artearen topalekua da eta arte-laborategi helburuak ditu. Pagoa garagardo fabrika-jantoki-taberna da, eta beraien helburuak, oro har, ekonomikoak direla esangb nuke. Pagoaldean ezer ez zegoen gu hasi ginenean; Oiartzungo kantu zaharren emanaldira 800 lagun ekarri genituen, gure emanaldien batez bestekoa 100 lagunekoa da... Erakutsi dugu jendea ekartzeko gai garela, eta, orduan, alboan Pagoa jarri digute.
* Perutik etorri berria zara.
Semea Brasilen dugu, eta hari bisita egiteko aitzakiarekin joan gara. Bizikletan ibili ginen hango mendietan barrena, leku turistikoetatik aparte. Ezin da esan plazer bidaia bat izan denik, hango errealitatea oso gogorra delako, eta ni behintzat, ikusitakoak ikusita, ez nintzen oso eroso sentitu